Zuzenean

Peli Lekuona | Ion T. Barrena
Elkarrizketa
Iñigo Santxo
Abokatua eta EH Kirolako kidea

«Euskal selekzioei oztopo berriak ezarri nahi dizkiote Espainiako Kirol Legearekin»

EH Kirola Espainiako Kongresuan izan da Kirol Lege berriak euskal selekzioei eragin ahal dizkien oztopo berrien harira. Eskuduntza zapalketa salatu du eta euskal alderdiei egungo markoak eskaintzen dituen aukerak baliatzeko deia egin die.

Audio_placeholder

«Euskal selekzioei oztopo berriak ezarri nahi dizkiote Espainiako Kirol Legearekin»

Loading player...
2021. urtean Venezuela eta Argentinaren aurkako torneoa jokatu zuen Euskal Selekzioak.
2021. urtean Venezuela eta Argentinaren aurkako torneoa jokatu zuen Euskal Selekzioak. (Patxi GAZTELUMENDI)

Kirol Lege egitasmoa ari da lantzen Espainiako Kongresua, Iñigo Santxo abokatuaren ustez kirol arloan eskumenik ez duen arren. Lanketa horren baitan gaia daraman Batzordean izan berri da abokatu bizkaitarra EH Kirolaren izenean.

Ofizialtasunerako bidean oztopo berriak ekarri ditzake Lege horrek, bere hitzetan. Legea zuzentzeko emendakinak proposatu dizkie alderdiei eta nazioarteko aitortza lortzeko egungo lege egiturak ematen dituen aukerak baliatzeko deia egin die.

Kongresuan izan berri zara, ez da markorik egokiena euskal selekzioez hitz egitera joateko ezta?

Ez nago ados, marko egokia da. Ez da plazarik goxoena baina gustura aritu nintzen, abiatu nintzelako daukadan konbikzio batetik, eskubide osoa dugula gure kirolariak nazioartean aritu ahal izateko gure herriaren izenean. Hortik abiatuta uste dut plaza guztietan toreatu behar dela, aukera guztiak baliatu behar dira gure herriaren eskubideak defenditzeko.

Zergatik eragin du EH Kirolaren kezka Espainiako Kirol Lege egitasmoak?

EH Kirolak bi helburu ditu: batetik, Euskal Herriko egiturak sustatu nahi ditugu marko konpetitibo bat eskaintzeko bertako kirolari guztiei; bestetik, ofizialtasuna edo nazioarteko aitortza lortu nahi dugu gure federazioentzat, gure selekzioek lehiatu ahal izateko horien bidez.

Abiapuntu horretatik egungo errealitatearen defentsa egin nuen, eskualdatutako eskumen batzuetaz ari baikara. Espainiako Konstituzioak arautzen du 148. artikuluan eta ondoren 79an Gernikako Estatutuan eta 82an LORAFNAn eskuratzen dira eskuduntza horiek. Kirol eskuduntzak autonomia erkidegoen eskutan daude.

Eskumen zanpatze bat dakar, beraz, Lege egitasmo berriak?

Bai eta oso agerikoa eta nabarmena da. Uste dut bide horretatik lege egitasmo hau proposatu duenak oztopo bat gehiago jarri nahi duela gure federazioak nazioartean onartuak izan ez daitezen. Lege berria bere horretan onartzen bada federazio batek eskatzen badu nazioarteko federazio baten onartua izatea Espainiako ordezkariak joan daitezke esanez Espainiako Legeak dioela eskuduntza Estatuak duela, eta hori ez da onargarria. Esan nuen Kongresuan, gatazka instituzionala sortu nahi ez badute hobe dutela errespetuz jokatzea, tolerantziaz eta eskuduntza banaketa errespetatuz.

Zure hitz hartzean nabarmendu nahi izan zenuen kirol federazioek ez dutela Estatua ordezkatzen, zergatik da garrantzitsua elementu hori?

Lege egitasmoan nazioarteko kirol lehiaketak egiteko eskakizun berriak gehitzen dira; besteak beste, Atzerri gaietarako Ministerioaren oniritzia behar dutela. Demagun Irunen edo Durangon nazioarteko txapelketa bat antolatu nahi duzula, baimena eskatu beharko zenioke Atzerri Ministerioari. Baina Ministerio horrek ez du eskumenik eta oro agerikoa da Karta Olinpikoan nola jasotzen den: 6. atalean dio Jokoak atleten arteko lehia direla, ez herrialdeen artekoak. Hau guretzat aukera bat da, federazioak zuzenbide pribatuko entitateak dira eta horren ondorioz Estatuak ez du hor eskua sartzerik.

«Euskal federazio batek nazioarteko federazio baten sartzea eskatzen badu Espainiako Gobernuak ez du ezer esaterik onarpena emango balitz eta hori da beldurra ematen diena»

Euskal federazio batek nazioarteko federazio baten sartzea eskatzen badu Espainiako Gobernuak ez du ezer esaterik onarpena emango balitz eta hori da beldurra ematen diena. Badakite praktikoki lege berriak ez duela zuzeneko eraginik, federazioak erakunde pribatuak diren neurrian iskin egin ahal baitiote Estatuari, baina oztopo bat gehiago jarri nahi dute.

Euskal selekzioen aitortzaren aldarria egin zenuen Espainiako Kongresuan eta PPko ordezkariak erantzun zizun halakorik ez dela izango. Ondoren ‘Zer egingo duzue ondoren?’ galdetu zizun. Zer erantzun zenion?

Ba segituko dugula eragile guztiekin hitz egiten. Badirudi bere asmoa irabaztea dela ,gure konbentzitzea da. Uste dut argumentu oso onak ditugula eta legeak berak ere babesa eman ahal digula.

Bestetik ikusten dugu Euskal Herrian badagoela aldekotasun oso argia euskal kirolariek eskubidea dutela eta guk herri bezala nazioartean aritzeko.

Eurek konstituzionalistak direla diote baina ez dakit 148. artikulua non galdu zaien, baina hor dago. Euskal Herrian ez genuen Konstituzioa onartu baina egon hor dago, inposatua, ados, baina hor dago: eta gainerako artikuluak dauden moduan 148a ere bai. Ez du balio nire alde dauden artikuluak baliatzea eta nire alde ez daudenak ez.

«PSOEko ordezkaria etorri zitzaidan eta honakoa esan zidan: 'pentsatzen aritu naiz eta uste dut arrazoia izan dezakezula'»

Euskal alderdien jarrera nolakoa da ?

Bertan Galizia, Euskal Herria eta Kataluniako ordezkariak izan ziren eta txalotu zuten gure agerraldia. Behin amaituta, batzordeko PSOEko ordezkaria etorri zitzaidan eta honakoa esan zidan: «pentsatzen aritu naiz eta uste dut arrazoia izan dezakezula». «Ados», esan nion, «baina hori Plenoan esan behar duzu eta ez zuk, zure alderdi osoak baizik», ia emendakin hauek bultzatzen dituzten.

Han ziren alderdiei planteatu nien guk aurkeztutako emendakinak onartzeko eta autonomia erkidegoetako parlamentuetara ere eramateko. Batek galdetu zidan, «kirolariek zer egin behar dute?» eta erantzun nion, «kirolariek asko entrenatu, teknika, taktika eta etengabe saiatu, hori da euren lana; zuek aldiz, diputatuek, eskumen hauek defenditu behar dituzue». Oso iraingarria da eskuduntzak dauden bezala egonda ikustea euskal pilotaren kasuan, adibidez, jatorriz bertakoa den kirol horretan euskal federazioak ateak itxita izatea.

Iruñea eta Gasteizko parlamentuek ere izango dute zer esana...

1998ko ekainaren 11n, Lizarra-Garaziren atarian onartu zen Kirol Legea EAJ, EA, Euskal Herritarrok eta Ezker Batuaren botoekin. Hor bazegoen artikulu bat ahalbideratu zezakeena nazioarteko federazioetan parte hartu ahal izatea. Aznarren gobernuak Konstituzio Auzitegira eraman zuen eta azken honek ebazpen oso okerra eman zuen, legeak esaten ez duena argudio gisa baliatuz.

1998ko Kirol Legea onartu osteko agerraldi bateratua.
1998ko Kirol Legea onartu osteko agerraldi bateratua.

Orduan aipatzen zena esplizituagoa izan behar dela uste dut, politikariek jarrera irmoa izan behar dute gure herriaren defentsan, jarrera ausarta eta anbiziosoa izan behar dute. Jokalariak zelaian daudenean animatu egiten ditugu eta gaizki egiten dutenean errieta egiten diegu. Eurek ere jabetu behar dira partida batean daudela eta oso garrantzitsua dela euren teknika, taktika, eta politikagintzan ere golak lor daitezkeela.

«Politikariek jarrera irmoa izan behar dute gure herriaren defentsan, jarrera ausarta eta anbiziosoa izan behar dute»

Nola nabari duzu euskal selekzioen aldeko pultsua?

Pultsua pixka bat galduta dugu aspaldi honetan ziur aski. ESAIT desagertu zen eta kostatzen ari zaigu egoerari buelta ematea, baina planteamendu teorikoak eta juridikoak mantendu egiten dira. Hausnarketa egin beharko dugu, tresna berriak abiatu eta berriro bultza egin. Animatu egin behar dugu, gure kirolariak animatu behar ditugu eta nabaritu dezatela eurekin audela. Askorentzat ez da bihotz kontua soilik, kirol ikuspegitik ere bideragarriagoa litzateke nazioarteko lehiaketetara euskal selekzioarekin joatea Espainiakoarekin edo Frantziakoarekin baino. Une honetan bistan da ez dugula pultsurik onena bina gimnasiora joaten hasi beharko dugu eta gihar hori landu. Aberri Eguna ere gihar horiek lantzeko gimnasio egokia dela uste dut.

Jaurlaritza Logoa