Zuzenean

Ion Garate
Elkarrizketa
Ion Izagirre
Cofidis taldeko txirrindularia

«Errepide bazterrean eta irteeran pilatutako jendetzak indar handia eman digu»

Itzulian podiumeko lehian aritzea zuen helburu Ormaiztegiko txirrindulariak, eta baita lortu ere: Arraten garaile eta bigarren Euskal Herriko Itzuliko sailkapen nagusian. Aspaldiko partez, Cofidis taldeko txirrindulari gipuzkoarrak Euskal Herriko zaleen bultzada ere jaso ahal izan zuen.

Audio_placeholder

«Errepide bazterrean eta irteeran pilatutako jendetzak indar handia eman digu»

Loading player...
Ion Izagirre, pozarren Arraten.
Ion Izagirre, pozarren Arraten. (Andoni CANELLADA / FOKU)

A zer amaiera eman zenion Itzuliari: Arraten etapa garaipena eta bigarren sailkapen nagusian!

Bai, egia esan, bukaera oso ona izan zen niretzat. Azken egun horretan gauza biak lortu nituen eta oso oso pozik nago.

Lagunekin eta ospatzen ikusi zintugun. Ez dakit gerora behar bezala ospatzeko aukerarik izan zenuen.

Tira, egun horretarako sagardotegia hartuta geneukan; kuadrillakoekin festa prest geneukan eta hortxe ospatu genuen. Aspaldian ikusi gabe ere baneuzkan eta eskertzekoa da halako ospakizun bat egitea txikitako lagunekin. Gainera suertatu zen etapa garaipena eta podiuma lortu nituela eta tira, festa polita izan zen.

Aurreneko eguneko erlojupekotik, oso parekatua izan zen dena, segundu gutxiko tartearekin hautagai nagusien artean, eta azken etapan dena erabakitzeke. Oso Itzuli parekatua izan dela esan genezake?

Bai, hala da. Oso gogorra izan da ere, baina azken urteetan ikusten da nahiz eta gogortasun handia izan, Itzuliak azkenean oso segundo gutxitan erabakitzen direla. Ikusi zen ere erlojupekoek oso garrantzi handia izaten dutela, gainsariek ere bai kasu honetan, eta halaxe izan zen: azken momentura arte ez genekien zein izango zen garailea. Ondorioz, Itzuli polita izan dela, nik uste.

Aipatu dugu Arrateko azken etapa irabazi zenuela, baina nola irabazi gainera! Erorikoa izan zenuen azken txanpan, berriro ere aurreko taldearekin bat egitea lortu, eta hori gutxi balitz, etapa garaipena!

Bai, denetik pasa zen! Azkeneko kilometroak oso eroak izan ziren eta, egia esan, zorte txarra ere izan nuen. Erori egin nintzen mendatearen gainerako asko ez zela falta eta erreakzionatzeko denbora gehiegi ere ez neukan. Baina tira, azken indar apurrak xahutuz, lortu nuen bat egitea eta, azkenean, Arrateko helmuga hori denok dakigu berezia dela... Irabazi nahi baduzu azken bihurgune horretan lehen postuan sartu behar duzu, lortu nuen eta garaipena etxera!

Itzulia hasi aurretik izen handiko txirrindulariak lehian izango zirela ikusita, bigarren postua lortzea posible zela aurreikusten al zenuen?

Bigarren postua ez dakit, baina podiumean sartzeko helburua bageneukan. Helburu horrekin irten ginen, baina, esan bezala, ikusten genuen talde eta txirrindulari oso-oso goi mailakoak zetozela. Baina egunetik egunera joan ginen, beti aurreko taldetxoetan sartzen, eta begira, azkenean hauxe!

Akaso, Roglic aipatu behar da. Ez dakit gehiago espero genuen beragandik; bera izan zen txpelduna pasa den ekitaldian eta aurten, berriz, lasterketa burutik hiru minutu baino gehiagora geratu da. Aipatu duenez, belaunean mina zuela lehiatu behar izan du... Baina harritu gaitu.

Bai, izan ere, edozer gauza gerta daiteke. Adam Yates bera ere entzun nuen tripetatik ez zebilela oso ondo; Sergio Higuita bera ere Itzulia uztekotan egon zen, ez zegoela ondo, gaixorik egon zela... Barruan gertatu daitezkeen arazoak ere asko dira. Roglic bera ere gizakia dela ikusten da, eta momentu txarrak eta arazoak beste denok bezala dauzkala.

Orokorrean, zer sentsazio izan dituzu bizikleta gainean?

Oso onak, egia esan. Hondarribiko erlojupekoan oso ongi hasi nintzen, lehenengo hamarretan sailkatuz; esan nuen bere garaian garrantzitsua izango zela ahalik eta erlojupeko onena egitea sailkapen nagusikoekin aurrean lehian egoteko.

Egia da hirugarren etapan, Amurrion, momentu txarrak pasa nituela. Karranpak izan nituen eta zalantzak neuzkan. Hura pasata, eroso aurkitu naiz. Azken egunean Ineosek jarri zuen erritmoa eta lasterketa oso gogorra atera zen. Azken kilometroak, berriz, nahiko eroak: Movistarreko bi txirrindulariren erorikoarekin, gero Pello [Bilbao], Vlasov, Vingegaard eta ni aurreratu ginen; atzetik sartu zitzaizkigun... eroa izan zen.

Aipatu duzu Pello Bilbao. Berak ere lortu zuen etapa garaipena, baita zuk ere; euskal txirrindulariak indartsu etxeko lasterketan, ezta?

Bai, noski. Ezagutzen ditugu hemengo errepideak eta, tira, Pellok ere bere garaian esan zidan kontu handiz prestatu zuela Itzuli hau. Eta ikusi da biok ere pedal kolpe oso onarekin iritsi garela. Etxean korritzeak ere beste “plus” bat ematen dizu. Ez da erraza halako mailako lasterketa batean bi etapa garaipen eta podiumean sartzea, baina begira!

Eta etxeko zaleen hauspoa ere eskertu duzue, ezta? Berriro ere errepideak laranjaz ikustea...

Horixe baietz! Batez ere pandemia aroa bukatuta eta jendeari dagokion mugak gaindituta, ikusi zen normaltasun batean geundela eta txirrindularitza Euskal Herrian ezer baldin bada, oso kirol maitatua da. Eta guk ere asko eskertzen dugu, batez ere azkenengo egun hori, errepide bazterrean Arrateko igoera horretan... Baina irteeran bertan ere sekulako jendetza zegoen eta horrek sekulako indarra ematen dizu.

Talde berrian, Cofidisen, ari zara denboraldi honetan. Zer moduz integratu zara bertan? Nola sentitzen zara?

Ba, egia esateko, gustura! Sinatu aurretik, sekula ez nuen pentsatuko talde frantses baten arituko nintzenik; azken batean, hizkuntza ez dut menperatzen –orain hasi naiz pixka bat ikasten talde frantses honetan integratu ahal izateko–, baina taldekideak badauzkat hemen ingurukoak: espainiarrak-eta... Zuzendariak, gainera, Bingen [Fernandez] eta Gerri [Gorka Gerrikagoitia] dira, eta bidea errazten didate. Eta egia esan, orain arte egindako kontzentrazio eta lasterketetan oso eroso aurkitu naiz eta tira, talde jende guztiarekin oso gustora nago.

Eta Giroaren atarian gaudela, non ikusiko zaitugu zu?

Hurrengo astean Ardenetako Klasikoak egitera joango naiz: Fleche Wallonne eta Lieja egingo ditut. Handik, Romandiako Itzulira, eta hor amaituko dut lehen blokea. Gero, Suitzako Tourrera, Espainiako Txapelketetara eta Tourrera bideratuko gara.

Itzulian izandako emaitzek lagunduko dute aurrera begira?

Dudarik ez! Azkenean, garaipenak lortzea, talde berria izaki, bai nik morala hartzeko eta baita taldeak nigan etorkizunean ere konfidantza hartzeko, balio du. Egindakoa eginda dago, hor gelditzen da hori eta nik uste pozik egoteko moduko emaitza izan dugula.

Agurtu aurretik, pasa den igandean amaitu zen Korrika. Gerturatu ahal izan zinen?

Donostiara bertara ez, baina lehenengo egunetan Gasteiztik pasa zenean, bai. Gainera ez zela oso eguraldi onik izan, baina gauza oso oso berezia da hau guretzat euskaldunontzat, eta nik familiarekin bizi nahi izan nuen. Umeekin joan ginen korrika pixka bat egin eta Korrika gertutik bizi aha izateko; festa txiki bat azkenean.