Zuzenean

Amaia Zurutuza / Ainara Rodriguez

Bakartxo Ruiz: «Herri hau bada beste batzuk izan zirelako eta izango da bagarelako»

Amaiurko bataila gogoan ospatuko du igande honetan EHBilduk Aberri Eguna Iruñean. Ez dute soilik iragana gogoratu nahi ordea, etorkizuna eraikitzeko aitzakia bezala ikusten dute. Bakartxo Ruizek gerturatu gaitu aurtengo hitzordura.

Audio_placeholder

Bakartxo Ruiz: «Herri hau bada beste batzuk izan zirelako eta izango da bagarelako»

Loading player...
EH Bilduko ordezkariak, Aberri egunaren egitaraua aurkeztu zuten egunean.
EH Bilduko ordezkariak, Aberri egunaren egitaraua aurkeztu zuten egunean. (EH Bildu)

Amaiurko bataila gogoan ospatuko du aurtemgo Aberri Eguna EHBilduk Iruñean; «ez iragana errepikatzeko, etorkizuna eraikitzeko baizik», Bakartxo Ruizek NAIZ Irratian azaldu duenez. Zehaztu du herri hau «bizirauteko eta bere burujabetzaren alde borroka egiteko adibidea» dela, oztopoak oztopo «borroka» egin izan duela «bere historian zehar bere identitatea, bere izaera propioa mantentzeko» eta hori dela duela 500 urte Amaiurko gazteluan izandako batailak ematen duen adibidea. 

Zehaztu du egun bizi dugun errealitatea ulertzeko eta etorkizunaren alde borrokan jarraitzeko beharrezkoa dela jakitea nondik gatozen. Hainbat urteetan garaileen teoria izan da Amaiurren kasuan gailendu dena, horrekin apurtu beharra aldarrikatu du. «Anexioaren teoria izan da nagusi hainbat urteetan erregimenaren aldetik, baina ozen esan nahi dugu konkistatuak izan ginela, ez ginen gure kabuz anexionatu… borroka itzela egin zuten hainbat nafarrek eta oraino iritsi da borroka haien arrastoa. Milaka gara burujabetza eskuratu nahi dugunok. Herri hau bada beste batzuk izan zirelako da eta izango da etorkizunean ere, orain bagarelako».

Burujabetza, erabakitze eskubidea… urrun diren terminoak direla pentsa dezake inork, baina Ruizen arabera, inoiz baino presenteago, eta inoiz baino beharrezkoago dira. Pandemia da horren adibide: «Erabakiak beste batzuk hartu dituzte; erabakiak ezin hartu ahal izateak ondorio latzak ekarri ditu. Hau da burujabetza faltak dakarkiguna eta borrokan jarraitzen dugu hori berreskuratzeko. Autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeak inoiz baino gaurkotasun handiagoa du».

Erronka mardulak daude eskuartean gaur gaurkoz EHBilduko kidearen esanetan, «erronka ekologikoa, jendartearen pobretzea...», aipatu ditu besteak beste, eta horiek guztiei heltzeko, «gehiengo eta lidergo berriak» behar direla gaineratu du. Horiei aurre egiteko «Korrika bezalako energia kolektibo eta komunitarioa kanalizatzea» beharrezkoa dela dio Ruizek. 

Jaurlaritza Logoa