Zuzenean

Elkarrizketa
Nahia Quincoces
Mendiko eskiatzailea

«Aurten gustuko ditudan lasterketak aukeratu ditut eta pila bat disfrutatzen ari naiz»

Nahia Quincocesek (Mendexa, 1983) berriki urrezko domina eskuratu du bikoteka Candanchun egindako Espainiako Mendiko Eski Txapelketan. Gainera, Altitoy Ternua proban txapeldun izan da, Igone Camposekin batera, eta otsailean Causiat Extreme klasikoa ere lehen postuan amaitu zuen bizkaitarrak.

Audio_placeholder

«Aurten gustuko ditudan lasterketak aukeratu ditut eta pila bat disfrutatzen ari naiz»

Loading player...
Nahia Quincoces, proba batean.
Nahia Quincoces, proba batean. (EUSKAL MENDIZALE FEDERAZIOA)

Prezipitazio gutxiko negua izan dela esan du Nahia Quincocesek NAIZ Irratian egindako elkarrizketa honetan, baina hori ez da aitzakia izan oso emaitza onak lortzeko. Gaurtik larunbatera bitartean Italian lehiatzen izango da eta bertan amaituko du denboraldia.

Espainiako Mendiko Eski Txapelketa jokatu berri duzue Candanchun. Selekzio gisa, euskal mendizale federazioak urre bat eta bi brontze lortu ditu. Zein balorazio egin duzue?

Oso pozik asteburuko emaitzekin, bai erreleboan zein binakakoan; batez ere, azken honekin. Balorazioa oso positiboa.

Txapelketak bi modalitate izan zituen, zuk aipaturiko erreleboak eta taldekakoa. Taldekakoan aipatzekoa, nesken kategorian zu eta Igone Campo, bikote bakarra izan baitzineten. Beraz, urrezko domina zuentzat izan zen.

Bueno, beste bikote bat egon zen, baina ez zuen proba amaitu eta gero bikote mistoak egon ziren eta horiekin lehiatzeko aukera izan genuen. Aparte, karrera pixka bat gazi-gozoa izan zen, proba erdian eskiatzaile batek istripua izan baitzuen, justu gu baino pixka bat lehenago.

Proba amaitu zuen bikote bakarra izanik, esan daiteke balio gutxiago ematen diola urrezko dominari?

Alde batetik, bai. Guk pena handia hartu genuen, ikusten genuelako gu bakarrik arituko ginela. Mistoa den kategoria bat sortu da, neska batek eta mutil batek parte hartzeko, alde batetik selekzio gehiagok parte hartzeko aukera izateko –batzuetan, neska falta dela-eta–, baina hori azkenean gure kontra etorri zen, makalagoa egiten baitu gure kategoria. Nik uste dut hori  erabaki zela emakumeak gehiago animatzeko, baina kategoria  zozo samar utzi du.

Bestalde, proba hau denboraldiaren amaiera aldean izaten da eta urtero parte hartzea txikiagoa izaten da. Aurretik beste lasterketa pila bat egon da eta orain txipa aldatzen da eta honetan ez dute parte hartu nahi.

Erreleboetan andaluziarrak nagusi izan ziren. Igone Campos, Rafa Urbizu eta Iñigo Martinez Albornozek irabazi zituzten brontzezko dominak. Zuek, Jon Ander Aranburu eta Asier Alonsorekin, bosgarren amaitu zenuten. Zein sentsazio izan zenituzten lasterketa horretan?

Nik oso sentsazio onak izan nituen. Nire errondarekin gustura gelditu nintzen eta gure arteko harremanarekin ere bai. Azkenean, gure artean nahiko pare genbiltzan bi taldeak. Hor dugu Iñigo, Munduko Kopan eta Europako Mundu Txapelketan esprintean hirugarren geratu dena, eta berak eman zion  bultzada euren taldeari eta hirugarren tokia lortu zuten. Oso pozik horregatik. Azkenean geure sentitu genuen domina Jon Anderrek, Asierrek eta nik, nahiz eta gu beste taldean egon. Denok batera ospatu genuen.

Gainerakoan, Altitoy proban txapeldun, Igone Camposekin batera; Causiat Extreme klasikoan ere lehen postua. Alor pertsonalean, nola baloratzen duzu oraingoz  zure denboraldia?

Oso gustura nago. Aurten gustuko ditudan lasterketa gehiago aukeratu nahi nituen eta parte hartu, eta horrela egin dut eta pila bat disfrutatzen ari naiz. Agian dedikazio esklusiborik gabe, baina gogoz eta ilusioz egiten dituzunean emaitzak etortzen dira.

Beraz, esango zenuke espero zenuen maila ematen ari zarela gutxi gorabehera?

Bai. Espektatibak zeintzuk ziren ez genuen oso argi, baina bai, egia esan, pozik nago.

Pirinioetan elur faltan gaudela  esan genezake. Asteburuan fronte hotza datorrela iragarri dute. Zer nolako elurra aurkitzen ari zarete eta zenbaterainoko eragina du horrek zuengan?

Bai, prezipitazio gutxiko urtea izan da. Abendu hasieran sekulako elurtea izan zen, baina gero apenas egin duen eta antizikloi bat egon da hor denbora luzean. Baina, bueno, goizetan elurra egon da. Egia da Izabako lasterketa, Euskal Herriko txapelketa, ezin izan zela egin –eta aurreko urteetan ere ez, pandemia zela-eta– eta pena handia izan zen, baina bestela, entrenatzeko orduan, izan dugu non entrenatu. Izabakoa kenduta, ez da hain txarra izan.

Zein da hurrengo hitzordua?

Italia aldera noa orain, Tour du Rutor-era. Distantzia luzeko munduko txapelketa da eta urteko lasterketa potenteena dela esan genezake. Burua horretan dut dagoeneko.

Eta zer helburu duzu lasterketa horretarako?

Puf, hor maila altua egongo da. Ahal dena. Hiru etapako karrera luzea da, 7.000 metroko desnibelarekin, eta ahalik eta ondoen egitera joango gara. Ana Alonsorekin joango naiz, binaka egingo dugu, eta ilusio handiarekin.

Amaitzeko, kontu ez oso atsegin bat. Euskal mendi korrikalariek federazioarekin izandako aferak zuengan, mendiko eski taldean, izan du eraginik?

Guri zuzenean ez digu eragin afera honek, baina hor inguruan gabiltza. Nik korrika egin izan dut euskal selekzioarekin urteren batean. Ez da kontu atsegina. Pena handia ematen dit, baina barru-barrutik ez dut bizi izan. Guri zuzenean mendiko  eskian ez digu eragin, baina pena handia ematen dit euskal selekzioan gauzak horrela egoteak.

Jaurlaritza Logoa