Zuzenean
«Musika entzun eta dantzatzeaz gain, hausnartzeko aukera izango dugu aurtengo Gazte Martxan»
Ernaik ‘BostEHun eta zutik!’ lelopean deitu du aurtengo udaberriko Gazte Martxa. Ohiko moduan, hitzaldi, tailer eta lantegiez gain, musikarik ez da faltako. Apirilaren 4an hasiko da Zugarramurdin eta 17an amaituko da Baztanen. Ane Alava bozeramaileak eman ditu xehetasunak NAIZ Irratian.
«Musika entzun eta dantzatzeaz gain, hausnartzeko aukera izango dugu aurtengo Gazte Martxan»
2020an bertan behera gelditu zen Ernaik urtero antolatzen duen Gazte Martxa, alarma egoera ezarri eta agindutako etxeratzeagatik; eta 2021eko murrizketek apirilean zehar eredua birpentsatzera behartu zuten antolakudea, eta azkenean ‘EH! Ez gaude inoren zain’ lelopean hainbat kontzertu antolatu zituzten Hego Euskal Herriko hainbat txokotan. Aurten, ordea, ohiko formatura itzuliko dira, eta Baztan zeharkatuko dute gazteek: apirilaren 14an Zugarramurdin hasi eta apirilaren 17an, «Aberri Egunarekin bat eginik», amaituko da Elizondon.
Mendi martxan formatuan izango da beraz aurten Ernaik antolatutako Gazte Martxa. Hori bai, Ane Alava Ernaiko bozeramaileak azaldu duenez, ibilbideari dagokionez «ez da inongo aurreprestaketarik beharko», eta gainera ibilbidean zehar indarra hartzeko eta beharrezkoa den guztia eskuratzeko aukera egongo da.
Urteroko gazte independentisten topaleku honetan parte hartzeko motxilak eta botak prest dituzte gazteek, eta ez zaie ilusio zein gogorik falta. Alavak nabarmendu duenez, «gazte martxa eta jaialdi musikatua uztartuko zituen formatu baten bila» zebiltzan, «gazteok aisialdirik gabe egon garenez, behar genuelako jaialdi eta espazio egonkorrago bat sortu, zeinetan musika entzun eta dantzatzeaz aparte, hausnartzeko aukera izateko».
Martxaren lelo moduan ‘BostEHun eta zutik!’ baliatuko du gazte antolakundeak. «Erreferente historiko bat baino gehiago baditu gure herriak, eta Amaiurko bataila bada erresistentzia eredu bat, herri baten etorkizuna borrokatzen zuten horiena. Probestu nahi genuen efemeride hori batez ere aurrera begira jartzeko, baina oraina begiratzeko modu bat bada ere eta, garaian bezala, herri honek gazteok zutik behar gaituelako eta zutik jarraitzen dugulako», azpimarratu du bozeramaileak.
Etorkizuneko Euskal Herria eraikitzen
Martxaren inguruko agerraldiak egin izan dituztenean, etorkizuneko Euskal Herria irudikatzera doazela esan dute gazte independentistek. «Badakigu garai nahasiak direla, krisi anizkoitz bat gure bizitzak zeharkatzen ari da goitik behera. Gertatzen ari den guzti honen aurrean berresten gara Euskal Herri aske, sozialista eta feminista baten beharrean, inoiz baino argiago ikusi dugulako Estatu propio baten beharra, burujabe izatearen garrantzia, nola bizitzak erdigunean jarriko dituen sistema bat behar dugun», adiarazi du Alavak.
Hala, gizarteak patriarkala izaten jarraitzen duen bitartean, gazteek borrokatzen egotearen garrantzia azpimarratu du Alavak, eta etorkizuneko Euskal Herri hori «balore komunitario horien baitan» eraiki nahi dutela berretsi du gazte antolakundeko bozeramaileak.
Etorkizuneko Euskal Herri hori gertu ote dagoen galdetuta, Alavak «atzo baino gertuago» dagoela adierazi du. Hala ere, azpimarratu du gaur gaurkoz dagoen egoerarekin ez dela konformatu. Izan ere, animoari dagokionez, azpimarratu du pandemiak «bizitzaren esparru guztietan» gogor jo dituela gazteak, materialean bereiziki baina baita psikologikoan ere.
«Motibazio eta militatzeko gogo horietan ere eragina izan du pandemiak. Baina askok ulertu dugu ezin ginela etsipenean erori. Sistema isolatuak nahi gaitu, baina indartsuak gara elkarrekin lanean eta antolakuntzan. Pixkanaka gazte mugimenduak berpizten doaz eta badaukagu indarra eta gogoak hau guztiari aurre egiteko», gehitu du bozeramaileak.
Jaialditik Aberri Egunera
Aurreratu zuten martxa soilaz harago, jaialdi musikatua ere izatea nahi zutela, baina horretaz gain, hitzaldi eta tailer mordoa ere antolatu dute. Alavaren esanetan, «nolabait bilatu nahi genuen gazteok ahots propioz hitz egitea, eta gure beharren, interesen, kezken eta aldarrikapenen inguruan mintzatzea».
Larunbatean ‘Borrokak egiten gaitu aske’ lelopean hitzaldi bat emango dute zeinetan gazte antolakundeaz eta borrokaz orokorrean arituko diren modu sakon eta zuzenago batean.
Igandearekin amaituko da ekimena, izan ere, egun horretan Iruñean deitu den Aberri Eguneko ospakizunekin egin dute bat. EH Bilduk manifestazioa deitu du Amaiurko gudaren 500.urteurrenean subiranotasuna eta askatasuna aldarrikatzeko, eta bat datoz deialdiarekin «ezinbestekoa duelako herri honek gazteen presentzia eta borroka».