Zuzenean

Amaia Zurutuza / Sara Iriarte

«Euskal sentimendua duen edonor da euskal komunitateko partaide»

Bi urteren ostean, Aberri Egunean ospakizuna kalera ateratzeko deia egin du Euskal Herria Batera herri ekimenak, 'Keinu bat batera' lelopean. Josu Kamarak astearte honetan eman ditu xehetasunak NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

«Euskal sentimendua duen edonor da euskal komunitateko partaide»

Loading player...
Aberri Egunean kalera ateratzeko deia egin du Euskal Herria Batera herri ekimenak. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Aberri Egunean kalera ateratzeko deia egin du Euskal Herria Batera herri ekimenak. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Pandemia erabat baldintzatu ditu azken bi urteetako Aberri Egunak. 2020an, herritarrak etxean konfinatuta zeudela ospatu zen egun hori, eta leiho eta balkoietan ikurrinak eta Nafarroako banderak ipini eta ordu jakin batean kantatzera deitu zuen Baterak. Iaz, murriztapenekin, kalean ospatu zen Aberri Eguna, baina auzo eta herrietan bildu ziren herritarrak.

Egoera makurrena atzean utzita, apirilaren 17ko ospakizunean kalera ateratzeko deia egin du Euskal Herria Batera ekimenak. Josu Kamarak astearte honetan eman ditu xehetasunak NAIZ Irratian.

Aurten beraz, ohiko moduan ospatuko da eguna. Aipatu bezala, pasa den edizioetan kantuan jarri zituzten herritarrak, eta aurten duten asmoei buruz hitz egin du Josu Kamarak. «Ikurraldia» deritzon fasean sartuta daudela adierazi du eta honekin ikurrina aireratu nahi dute, «komunitatearen sentimendua bizirik dagoela erakusteko». Aurten ere kantuan izango dira herritarrak, eta Gernikako Arbola, Txoriak Txori eta Ikusi Mendizaleak abestiak abestuko dituzte.

Aurtengo edizioak, halaber, diaspora izango du protagonista, eta honekin mundu zabalean barreiatuta diren euskal herritarrei dei egin nahi izan diete. Hari horri tiraka, «nor da euskal komunitateko partaidea?» galdera egin diote beren buruari, eta baita erantzuna aurkitu ere: «Euskal sentimendua duen edonor da euskal komunitateko partaide».

Argentinako Rosarioko Zazpiak bat euskal etxean izan du erantzuna deialdiak. 90 urte beteko dira aurten Bilbon lehen Aberri Eguna ospatu zenetik, baina azken urteetan bezala, aurtengo Aberri Egunean ere ez da euskal herritarren aldetik deialdi bateraturik ikusiko ospakizun horretarako. Kamarak adierazi duenez, beraientzat oso garrantzitsua da denak deialdi bakar batean agertzea.

«Aurten itzuliko gara duela hiru urteko egoerara, eta alderdi bakoitzak bere deialdia egingo du. Guk egun osoko ospakizuna egingo dugu, eta antolatu diren ospakizun ezberdin horietan ere keinu bateratu bat, gauza amankomun bat, bilatuko dugu, Aberri Egun bateratu baterantz lehen pauso bat emateko helburuarekin», nabarmendu du Kamarak.

Jaurlaritza Logoa