Zuzenean

Naiz Irratia

Kenya eta Gasteiz lotu ditu Olabide Ikastolak

Olabide Ikastolak, Amor Sin Barreras GKEak eta Aztivate fundazioak haur hezkuntzako zentro baten sorrera bultzatu dute Kenyan, Turkanako Lokitaung herri txikian. Amaia Sanchez Iduya eta Muskoa Sanchez Halsouet Olabide ikastolako irakasleak zentroaren inaugurazioan izan berri dira.

Audio_placeholder

Kenya eta Gasteiz lotu ditu Olabide Ikastolak

Loading player...
Pole Pole Olabide proiektuarekin haur eskola baten sorrera bultzatu dute
Pole Pole Olabide proiektuarekin haur eskola baten sorrera bultzatu dute (POLE POLE OLABIDE)

CEI Pole Pole Olabide zentroak urtarrilean ireki zituen ateak Kenyako Lokitaungen. Amor Sin Barreras GKEak uztailetik lan egin du Turkanan 44 haur hartzeko zentro berri hau martxan jartzen. Aztivate Foundation eta Olabide Ikastola bera proiektuan aritu dira lanean, eta Amaia Sanchez Iduya eta Muskoa Sanchez Halsouet irakasleek NAIZ Irratiarekin hitz egin dute proiektuaz eta bertara egindako bisitaz.

Azaldu dutenez, urte dezente daramate Amor sin Barrerasekin lan egiten hainbat proiektutan, baina bereziki finantzaketa-gaietan laguntzen. Hala ere, Pole Pole eraikitzeko proiektua hezkuntzarekin lotuta dagoenez, ikasleekin batera aktiboki parte hartzea erabaki zuten.

Kenyako hezkuntzaren egoeraz galdetuta, irakasleek adierazi dute hango ikastetxeek ez dutela zerikusirik Euskal Herrikoekin, baina azaldu dute asmoa zela haurrei «etorkizun bat» ematen laguntzea, betiere errespetuz eta bertako langile eta irakasleen laguntzarekin. Orain haur guztiek dute eskolan bertan hiru aldiz jateko aukera.

«Hango ikasleekin bilerak egiten ditugu, eta bertako pertsonak kontratatzeko aukera dugu», azaldu dute Amaia Sanchez Iduyak eta Muskoa Sanchez Halsouetek. «Hemengo familiei kontatzen diegu aldaketa kilimatikoarengatik daudela horrela, eta horrek guk eragin dugu, gure gizarteak. Hala ere, eskerrak ematen digute», gehitu dute.

Aipatu bezala, urtarrilean inauguratu zen zentroa, eta Muskoa Sanchezek aurreskua dantzatu zuen bertan. «Oso hunkituta geunden, haiek etengabe eskerrak ematen zizkiguten. Oso pozik daudenean irrintzi moduko bat botatzen dituzte, oso polita izan zen eta jende asko etorri zen.», nabarmendu dute.

Bertaratutako guztien artean Kenyako Gobernuko kideak ere izan ziren. Galdera asko egin zizkieten irakasleei, eta Pole Pole jarri nahi zuten herrialdean erreferente gisa.

Gasteiz-Lokitaung harremana

Proiektuak Gasteizko ikasleei ematen dienari buruz galdetuta, Amaia Sanchez Iduyak eta Muskoa Sanchez Halsouetek azaldu dute ikasleak «oso inplikatuta daudela». «Hiru zentro ditugu hemen eta laugarrena Kenyan, hangoak gure ikaskideak dira eta hemengo ikasleak Kenyako jolas-tokia lantzen ari dira, horrek ekartzen duen burutazio guztiekin», azpimarratu dute.

Horrek, irakasleen arabera, «aberastasuna ekartzen du, eta hemen lo ditugun baloreak ikasle horiek partekatzen dituzte». Bideo-deiak egiten dituzte ere, eta elkarrekin abesten dute hango eta hemengo ikasleak. Beren artean ingelesez komunikatzen saiatzen direla nabarmendu dute ere irakasleek.

«Egia da proiektu bat amesten duzunean, zaila dela hasieran. Finantzaketa bilatu behar dugu, eta gure ikastola familia kooperatiba bat da, eta bazkideekin adostu behar dira gauzak. Baina denak inplikatu dira», azpimarratu dute.

Jaurlaritza Logoa