Zuzenean

Ion Garate
Elkarrizketa
Julen Martija
Aspeko atzelaria

«Egia da Jokinekin jokatzeak presioa sartzen duela, baina berarekin oso gustura nabil»

Igandeko partida erabakigarriaren atarian, NAIZ Irratiko mikrofonoetan izan dugu etxeberritarra eta itxaropentsu agertu da bere bigarren Binakako finala jokatzearen aukeren inguruan galdetuta. Hirugarren txapelketa du Jokin Altunarekin bikotea osatzen eta lehen finala luke amezketarrarekin.

Audio_placeholder

«Egia da Jokinekin jokatzeak presioa sartzen duela, baina berarekin oso gustura nabil»

Loading player...
Julen MArtija
Julen MArtija (Jon URBE/FOKU)

A zer nolako garaipena eskuratu zenuten larunbatean, eta finalerako txartela ia eskuan duzue.

Bai, egia esan, oso partida gogorra izan zen, baina nik uste dut biek oso ondo jokatu genuela. Sentsazioak oso onak dira finalerdietan, baina oraindik beste partida bat geratzen da eta oraindik ez dago ezer ziur, ea zer gertatzen den asteburuan.

Txapelketa agian ez zenuten nahi bezala hasi, baina a zer maila ematen ari zareten azkenaldian.

Bai, egia da ez ginela ongi hasi, baina beti daude une onak eta txarrak, eta gero bolada ona hartu genuen. Entrenatzen-eta gusturago ibili gara, gero eta konfiantza handiagoa dugu, oso ondo gaude eta ea asteburu honetan ondo egiten dugun.

Zer aldatu da, non ikusten duzu horren gakoa?

Bueno, egia da txapelketa hasieran, ni behintzat momentu txar batetik nentorrela; eskuarekin gaizki egon nintzen. Denbora asko behar izan nuen sendatzeko eta kosta egin zitzaidan. Binakako txapelketan biek egon behar dugu ondo; azkenean, bat  gaizki badago, bestea ere ez dago horren ongi eta kosta zitzaigun, baina gero entrenatzen-eta  oso gustura ibili gara. Jokinek eta biok, gainera, oso erlazio ona daukagu eta badakigu bakoitzak zer egin behar duen, eta, alde horretatik, oso pozik.

Oker ez banabil, zazpi garaipen daramatzazue jarraian; urtarrilaren 15ean galdu zenuten azkenekoz, Ezkurdia eta Tolosaren aurka. Bikote gisa sekulako sendotasuna erakusten ari zarete,  oso erlazio ona daukazuela diozu, kantxa ere oso ondo ari zarete betetzen…

Egia da entrenatzen-eta oso gustura gaudela, eta gero partidetan nik uste islatzen dela. Partida ondo badoa konfiantza hartzen duzu eta nik uste guri hori gertatu zigula, konfiantza handia lortu dugula, eta jokatzeko orduan nabaritzen da; partidetan oso ondo sartzen gara, gauzak argi ditugu eta, nik uste finalerdietako bi partidetan hori gertatu dela.

Zu zeu nola zaude? Larunbatean une batez aldageletara joan zinen.

Eskuak oso ondo ditut, txapelketa osoan ez dut ezer nabaritu eta oso pozik nago, baina hor, 17. tantoan uste dut, tanto bat oso luzea izan zen eta nabaritu nuen eskuin hankako bikia pixka bat igotzen zitzaidala; ez zen guztiz igo, baina zerbait nabaritu nuen eta medikuari masajea emateko esan nion, badaezpada. Ongi bukatu nuen. Hurrengo  egunean nekatua nengoen, baina asteartean fisikoa egin nuen eta arazorik gabe.

Hirugarrenez ari zara Jokinekin bikotea osatzen. Berarekin jokatzeak lasaitu egiten du edo presioa gehitzen du?

Egia da hori askotan galdetu didatela. Txapelketa hasi baino lehen agian presio puntu bat, bai, nabaritzen duzu. Bera lau eta erdiko txapela irabaztetik dator eta aurrelaririk onena da momentuan. Berarekin jokatzeak beti presioa sartzen dizu baina, bestalde, berarekin oso gustura jokatzen duzu, ze badakizu oso une onean dagoela, zuk ondo jokatzen baduzu berak bukatuko duela. Bi alde horiek ditu.

Laso-Imazen aurka, zuen esku duzue finalean sartzea, nola ikusten duzu?

Partida oso zaila dugula badakigu. Beraiek oso txapelketa ona egin dute; igandean irabazi zuten eta biek oso ondo jokatu zuten. Lasok aurrean diferentziak markatzen ditu eta gero nik uste Imaz ere sekulako txapelketa egiten ari dela, oso gutxi huts egiten du eta eman egiten dio. Baina gu ere ondo gaude, konfiantzarekin eta orduan gauzak argi izan beharko ditugu eta, batez ere, partida oso ondo hasi.

Elezkano-Zabaletari hirutik hiru irabazi dizkiezue; Laso-Imazi, orain arteko biak. Gauzak zailen jarri dizkizuetenak akaso Irribarrria-Rezusta dira. Finalean sartuz gero, zein bikoteren aurka jokatu  nahiko zenuke?

Puf, galdera ona da, ez dakit zer esan. Egia da agian igandean  Elezkano-Zabaleta ez nituela hain ondo ikusi, ez zuten euren partidarik onena egin, eta horrek agian eragiten du konfiantza galtzea baina, hala ere, oso bikote gogorra da.  Lasok nik uste arrisku handia duela, txapelketa osoan ikusi da eta halako partidetan are gehiago. Eta besteak ere oso jotzaileak dira eta ikusi zen larunbatean horrela jokatzen badute oso zaila dela irabaztea. Ez nuke jakingo esaten zein nahiago dudan.

Jaurlaritza Logoa