Zuzenean

Ainara Rodriguez / Sara Iriarte
Elkarrizketa
Niko Cuenca
Ekonomialaria

«Ez dugu gerra ekonomia bizi, baina gerrak zuzenean eragiten dio gure ekonomiari»

Ukrainako gerrak ez ezik, honek dakartzan ondorio ekonomikoak ere kezka sortu dute eta egoera hobekiago ezagutze aldera Niko Cuenca ekonomialaria izan da gurean.

Audio_placeholder

«Ez dugu gerra ekonomia bizi, baina gerrak zuzenean eragiten dio gure ekonomiari»

Loading player...
Niko Cuenca.
Niko Cuenca.

Kezka berezia eragin du azken orduotan Ukrainako gerrak ez ezik, honek dakartzan ondorio ekonomikoak. Iñigo Urkullu lehendakariak gerra ekonomia egoera jarri du mahai gainean, eta kontzeptua berez arrotz samarra zaigunez, horri buruz gehiago ezagutzeko Niko Cuenca ekonomialaria izan da NAIZ Irratian.

Azaldu duenez, «gerra ekonomiak herrialde batentzako ezinbesteko jarduerak mantentzeko helburua du», eta «neurriak hartzen dira hondamendi edota salbuespen egoera batean dagoen herrialde bat martxan jarraitu ahal izateko». Beraz, hau horrela izanik, argi utzi nahi izan du Urkulluk esan duena ez dela egoera: «Gehiegikeri batera jo du».

Beraz, ez du uste egoera horretan gaudenik, baina horretarako arriskua ikusten du epe laburrean. Bere esanetan, «gerra ekonomian zalantzarik gabe Ukraina dago. Baina, egia da, bizi garen mundu globalizatu honetan, munduaren punta batean gertatzen den edozerk  zuzenean eragiten digula».

Kasu honetan zeharka baino zuzenean ere eragiten ari zaigu, izan ere «handik gauza asko inportatzen ditugu, ez bakarrik petrolioa edo gasa; baita ere, hainbat lehengai, tartean, garia, nikela eta aluminioa». Nekazal arloari ere eragiten dio, «animalientzako pentsua egiteko zereal horiek erabiltzen direlako». 

Bestalde, «petrolioaren garestitzearen ondorioz, arrantzaleak ezin dira atera, eta ekilore oliorik ez dagoenez, kontserbak egiten dituztenak ezin dute lan egin. Aeronautika eta automozio arloan aluminioa hain garesti egonda, nahiago dute ez ekoiztea.»  Beraz, «gerra ekonomia ez, baina gerrak zuzenean eragiten dio gure ekonomiari».

Gerra ekonomia egoeran sartuko bagina, ekarriko lituzkeen ondorioei buruz mintzatu da Cuenca. Hauek, dagoeneko sumatzen eta bizitzen ari garen ondorioak baino okerragoak lirateke. «Ikusten ari gara petrolioa zein preziotan dagoen, baina baita ere gasa eta argindarra. Egia da negua bukatzear dagoela, baina momentu honetan familia askok arazoak izango dituzte argindarraren fakturak ordaintzeko».

Enpresen eta ekonomiaren etorkizuna

Gaineratu duenez, «Euskal Herriko industriak pisu handia du barne produktu gordinean, eta gainera, industriaren  zati handi bat elektrointentsiboa denez, argindarraren kontsumo handia behar du martxan jartzeko». Beraz, «enpresek produkzioa eten beharko lukete» eta «Estatuak ez badu babesa eman eta neurriak hartzen, ekonomia asko okertu daiteke. Dagoeneko esaten ari dira Estatu mailako hazkundea hiru punturaino ere jaitsi daitekeela».

Azpimarratu duenez, «Ukraina eta Errusiaren arteko gerra hau asko luzatuko balitz, ondorio askoz larriagoak izango genituzke, momentu honetan Europa ez delako energiari dagokionez burujabea».

Prezio igoerak bizitzen ari garen honetan, egoera neurri handienean herritarron bizkarrera ez erortzeko hartu beharko liratekeen neurriak aipatu ditu Niko Cuenca ekonomialariak. Azaldu duenez, «petrolioaren prezioa hartzen badugu, zati handi bat zergak dira, eta hortik Gobernuak eskua sar dezake zergak murrizteko.» Beste aukera bat da, «zerutik eroritako muskinak delakoak erabiltzea argindarraren prezioa jaisteko».

Jaurlaritza Logoa