Zuzenean

NAIZ Irratia

KulturHariaren hasierarekin arratsaldetako programazioa moldatuko du NAIZ Irratiak

Astelehenetik aurrera egunero ordubeteko tarte berezia izango du kulturak NAIZ Irratian (19.00-20.00) eta honekin batera arratsaldetako eskaintza moldatuko du. Informazioaren Hariaren 3. edizioa bi zatitan banatuko da, 18.00tan lehen aurrerapena izango da eta 20.00tan albistegi nagusia.

Audio_placeholder

KulturHariaren hasierarekin arratsaldetako programazioa moldatuko du NAIZ Irratiak

Loading player...
Eli Pagola, KulturHariaren gidaria.
Eli Pagola, KulturHariaren gidaria. (NAIZ Irratia)

Kulturak leiho propio berezitua izango du aurrerantzean NAIZ Irratian. Eli Pagolaren gidaritzapean. 19.00tako albiste boletinaren ostean hasi eta 20.00ak bitarte. Zer aurkituko dugu bertan? Pagolak berak aurrerapena: «Pizkunde garaian hasi eta gerora osatutako sailkapenak dio zazpi arte adierazpide daudela. Saio honetan ez gara artearen atalak zenbatzen hasiko, arte-piezek esateko dutena kontatzea dugu helburu. Horrela, bat bestearekin josiz, inguruan dugun sare zabala ukitu nahi dugu, petatxo berri zein joskura zahar, korapiloz jositako sare propioa dugulako. Aurkezpenak, gomendioak, sortzaileekin elkarrizketak, gogoetak, mundua Euskal Herrian eta Euskal Herria munduan, estreinaldiak, Jaialdiak, agenda eta beste hamaika korapilo topatuko dituzu Kultur Haria tartean».

Egunero kulturari dagokion espazio propioa eskaintzeaz gain gainerako programazioan ere kulturak pisu handiago hartzeko bide emango du KulturHariak. Gainera, NAIZ eta GARAren baitan azken urteotan garatzen ari den transmedia ereduari jarraiki formatoen arteko osagarritasuna eta mamia audio, testu edo ikusentzunezkora moldatzeko aukera berriak ere irekiko ditu saioak.

KulturHariaren hasierak NAIZ Irratiaren arratsaldeak moldatzea ere ekarriko du.

Haria 3 bi kolpetan: 18.00ak eta 20.00ak

Aldaketa nagusia Informazioaren Hariaren 3. edizioan dator. Bigarren Kafea amaitu orduko abiatuko baita iluntzeko aktualitatearen magazina ¨(18.00tan). Eguna ematen ari denaren inguruko lehen aurrerapena izango da 19.00ak bitarte. KulturHariaren ostean izango da iluntzeko albistegi nagusia (20.00).

Aurrerantzean astelehenean 21.00tan izango da paradigma ekosoziala ardatz harturik osatutako Gelditu Makinak eta asteartetan ordu berean bideokojoen gaurkotasunari begiratzen dion Game Erauntsia. Asteburura begirako indarrak hartzeko Prest! saioa ostiraletan 21.00tan izango da.

22.00tako tartean ez da aldaketarik izango: Global Musik (astelehenak), Etxerako Kunda (astearteak), Sateliteak (asteazkenak), Reggae Fever (ostegunak).

Jaurlaritza Logoa