Zuzenean

Bigarren Kafea

Aitor Elduaien: «Mendi Tour edukieraren %100ean egin ahal izatea oso albiste ona da guretzat»

Hamabigarrenez izango da Mendi Tour Tolosan martxoaren 7tik 9ra. 2021eko Mendi Film Festival jaialdian sarituak izan diren hainbat pelikula ikusteko eta tartean hainbat ekoizpenetako protagonisten testigantzak entzuteko aukera izango da Leidor Aretoan.

Audio_placeholder

Aitor Elduaien: «Mendi Tour edukieraren %100ean egin ahal izatea oso albiste ona da guretzat»

Loading player...
'Mendiak 1976' filmeko espedizioko protagonistak
'Mendiak 1976' filmeko espedizioko protagonistak (Mendiak Film)

Gasteizen abiatu eta azken urteetan Bilbon egoitza duen Mendi Film Festivalen atal ibiltaria da Mendi Tour. Tolosako geltokia oso egonkortua du jaialdiak eta asko dira mendiko, abenturazko, muturreko kiroletako eta naturako pelikulak ikustera ingurutik zein urrunagotik ere hurbiltzen direnak. Edukiera aldetik mugak ezabatzea eta Leidorren %100ean lan egin ahal izatea albiste ona izan da antolakuntzarentzat.

2021eko Mendi Film Festivalen eskainitako zazpi pelikula ikusi ahal izango dira eta horietatik seik, sariren bat eskuratu zuten jaialdian. Eskainiko diren pelikulen maila eta Leidorren sortuko den giro berezia azpimarratu ditu Bigarren Kafean Aitor Elduaien, Mendi Film Festivaleko ordezkariak.

«Euskarazko film onena, zuzendari onenaren saria jaso zuena, pelikularik onena, eskaladako pelikularik onena… Onetik onena aukeratu da» Elduaienek berak azaldu duenez. Mendiak-1976 pelikula eskainiko da bihar eta Elduaienek une hunkigarriak bizi ahal izango direla iragarri du, Gregorio Ariz euskal alpinista aitzindaria Leidorreko oholtzan izango delako.

Abentura handiak eta lehen aldiz mendirako txango baterako plana egiten duen koadrila baten istorioa biltzen dituzten pelikulak nahasten dira Mendi Tourren, AEBetako Menphish hiritik lehen aldiz harkaitzean eskalatzera doazen gazte batzuen historiatik eta Mongolian kokatzen den western batetik igaroz.

Guztien xehetasunak kontatu dizkigu Aitor Elduaienek Bigarren Kafean. 

Jaurlaritza Logoa