Zuzenean

Lander Unzueta

Super Mario 64 maisulana euskaratu dugu

Nintendo 64 kontsolako zein bideojokoen historiako obrarik ezagunenetakora gure hizkuntzan joka daiteke.

Audio_placeholder

Super Mario 64 maisulana euskaratu dugu

Loading player...

Poztekoa izaten da bideojokoak euskarara itzuli diren berriak jasotzea. Oraingoan, baina, Game Erauntsiak dakar albistea: Super Mario 64 bikaina gure hizkuntzara itzuli dugu. Oztopoz betetako hainbat hilabeteko lana izan da, baina amaitutzat eman dezakegu azkenik.

Itzulpen prozesuari nahiz Nintendo 64ko klasiko honi buruz luze eta sakon mintzatu gara azken irratsaioan. Ez da gutxiagorako, bideojokozale askoren lanik kutunenetakoa baita iturginarena; horrez gain, industria hau iraultzea lortu zuen: N Handiaren hiru dimentsiotako lehen titulua izan zen, eta gaur egun hainbat dira Super Mario 64ren oinarriak eta ardatzak jarraitzen dituzten joko berriak. Marioren lan maitatua euskaratzeko beharrezko fitxategiak Game Erauntsiaren webgunean aurkituko dituzue.

Ez da atal honetan jorratutako gai bakarra, baina. Azken albiste garrantzitsuak ere pasa dira Game Erauntsiatik, nola ez. Capcom estudio japoniarrak bere frankiziarik arrakastatsuenetakoaren joko berria aurkeztu du: Street Fighter 6-ren lehen bideoa ikusi dugu, eta pozik gaudela esan beharra dago.

Cyberpunk 2077 polemikoari buruz luze eta sakon aritu izan gara gure saioan, eta berriz ekartzeko aitzakia eduki dugu; izan ere, 1.5 eguneraketa erraldoia aurkeztu dute CD Projekt-eko garatzaile poloniarrek. Belaunaldi berriko kontsoletarako bertsioak prestatu, akatsak zuzendu eta, orokorrean, zientzia fikziozko RPG abentura hobetu dute. Berritasun horiek guztiak kontuan hartuta, jokatzeak merezi ote du orain?

Steam Deck eskuko PC iraultzailea da ilusioz betetzen gaituen beste alorretako bat. Valve-koek hainbat berritasun eskaini dituzte horren inguruan, saioa grabatzerako unean merkaturatzerako egun pare bat baino ez dira falta eta: Deck Verified zerrendan dauden bideojokoak, Proton sistemaren azken bertsioa eta ordezko piezen xehetasunak aipatuko ditugu. Steam Decka dagoeneko kaleratu da, beraz gailuari buruz are berri gehiago edukiko dituzue laster.

Bukatzeko, eta Steamekin jarraituz, Next Fest ekimenaren azken edizioa abiarazi dute arduradunek. Laster argitaratzeko dauden bideojokoen ehundaka demo biltzen ditu jarduera honek; horietako batzuetara jokatu dugu, eta interesgarrienak nabarmentzeari ekin diogu saioan.

Twitch-en zuzenean emandako saioa Youtuben ikus dezakezue: