Zuzenean

Naiz Irratia

«Covid hildakoak ikusita, bilatzen zuten oreka desorekatu egin zaie»

Kritiko mintzatu dira Izortze Santin eta Koldo Garcia zientzialariak Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak berriki egin dituen adierazpenekin; halaber, zalantzak agertu dituzte pediatra ezberdinek maskararen erabilerari buruz esandakoekin. Tertulia zientifikoan izan ditugu bi zientzialariak. 

Audio_placeholder

«Covid hildakoak ikusita, bilatzen zuten oreka desorekatu egin zaie»

Loading player...
Kanpoaldean zein barnealdean, eskoletan haurrek maskara kentzeko egutegia proposatu dute hainbat pediatrek
Kanpoaldean zein barnealdean, eskoletan haurrek maskara kentzeko egutegia proposatu dute hainbat pediatrek (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Txertaketa prozesuarekin covid-19aren batailari abantaila aterata genion Izortze Santin eta Koldo Garcia zientzialarien ustez, baina paraleloan joan beharreko neurriak ez hartzearen ondorioz, ez dira «babestu» kolektibo zaurgarrienak, eta horren adierazle, azken egunotan izan diren hildako kopuruak. Izan ere, Garciak gogoratu duenez, «pandemiaren lehen oldarraldiko zifretara iritsi gara azken asteetan». 

Horregatik esan du Santinek «bilatzen zuten oreka desorekatu egin zaiela»; izan ere, asteazkenean EiTBn egindako elkarrizketa batean, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak esan zuen «helburu nagusia ahalik eta hildako gutxien izatea» izan dela. Helburuan motz geratu dela nabarmendu dute bi zientzialariek eta Garciak gaitzetsi duenez, Lakuak ekonomia lehenetsi du osasuna beharrean.

«Hildako asko ekidin zitekeen pertsona zaurgarrienetara birusa ez iristeko neurriak hartu balira», gaineratu du Santinek.

Kritiko mintzatu dira EAEko lehendakariarekin. Pedagogian eta komunikazio egokian gehiago sakondu beharra nabarmendu zuen Urkulluk eta aipamen horrek «poztu» egin ditu Santin eta Garcia, baina gaineratu dute horixe, hain justu, izan dela Lakuari falta izan zaiona.

Gainera, ez dute uste osasun zerbitzuak eta agintaritza, oro har, prest dagoenik oldarraldi berri bati aurre egiteko. «Prest egoteko dakigun guzti hori praktikan jartzeko gaitasuna izan behar da, bestela, aurrerantzean olatu eta pandemia gehiago izango ditugu», esan du Izortze Santinek.

Maskararekin, zalantzak

Espainiko Pediatria Elkarteak publiko egin zuen gutunaren haritik, zalantzak agertu dituzte bi zientzialariek. Garciak esan du ez legokeela gaizki horrelako neurriez hitz egiten hastea, «arazoa da oraindik ez daukagula daturik ikuspuntu zientifikotik ziurrak izateko», ohartarazi du.

Aldiz, iritzi badu ere sarri «gehiegizkoak» izan neurriak aplikatu zaizkiela haur eta nerabeei, Santinek uste du barnealdeetan musukoa kentzea oraindik arriskutsua izan daitekeela. «Ados nago epe ertain batera musukoa barnealdean kentzeko proposamenarekin, baina uste dut oraindik goizegi dela», gaineratu du.

Halaber, ez zaio gustatu haurrekin esperimentatu nahi izateak, Pediatria Elkarteak iradoki baitu haurrekin etorritako esperientziatik zabaldu ahal izango dela neurri beste adin tarte batzuetara.

Jaurlaritza Logoa