Zuzenean
«Lehiakorra izan naiz, onenekin borrokan ibili naiz; uste dut pozik egon beharko nukeela»
Adur Etxezarretak (Areso, 1996) Tarvision jokatutako Europako Kopan zilarrezko domina lortu eta Neguko Kirolen Federazio Espainolaren deia jaso zuen Olinpiar Jokoetara joateko. Epe motzean «emozio asko» bizi izan dituela onartu dio NAIZi eta urtea ahalik eta ondoen bukatzeko, atseden hartuko duela.
«Lehiakorra izan naiz, onenekin borrokan ibili naiz; uste dut pozik egon beharko nukeela»
Hamar bat eguneko deskantsua hartuko du Adur Etxezarreta eskiatzaileak, fisikoki zein mentalki, Norvegian jokatuko den Munduko Koparen aurretik, ondoren «azkenengo bultzada emateko».
Areson hazitako donostiarrak bere lehendabiziko Olinpiar Jokoak jokatu ditu, eta jaitsiera proban Estatu espainoleko kirolari batek hitzordu olinpikoan inoiz lorturiko emaitza onena erdietsi zuen. Super-erraldoian pistatik atera zen baina, oro har, «etxera gustura itzultzeko moduan» dagoela adierazi du.
Dagoeneko etxean zaude; zer moduzkoa izan da itzulerako bidaia?
Bidaia oso luzea izan da, baina oso gustura. Harrera oso ona egin didate bai lagunek bai familiak.
Zure lehendabiziko Neguko Olinpiar Jokoak eta jaitsiera proban 17. bukatu duzu; Estatu espainoleko kirolari batek hitzordu olinpikoan inoiz lortu duen emaitzarik onena. Pozik?
Bai, oso gustura itzuli naiz. Postua ona da, baina batez ere onenekin borrokan aritu izanak asetzen nau.
Super-erraldoian agian ez zenuen zorterik izan, ezta? Pistatik atera zinen.
Esperantza gehien jaitsiera librean jarriak geneuzkan. Super-erraldoian entrenatzen aurten ondo ibili naiz, baina txapelketetan soilik hiru lasterketatan aritu naiz. Saiatu nintzen dena eman eta ahalik eta ondoen egiten. Hasieran marrekin huts egin eta pistatik atera nintzen. Super-erraldoiarekin ez nago gustura baina, oro har, nik uste dut, bai entrenamenduak bai jaitsierako lasterketa ikusita, etxera gustura etortzeko moduan nagoela.
Jaitsiera proban podiumetik bi segundo baino gutxiagora bukatu zenuen. Batek pentsa lezake hortxe-hortxe izango zinela, baina pentsatzen dut segundoak luzeak izango direla modalitate horretan.
Bai, modalitate hauetan segundoen artean koskatxo bat dago baina, egia esan, nik ikusten nuena zen hamargarren postu horren inguruan egotea posible zela. Lasterketan jaitsiera ona egin nuen; ez zen asteko onena izan, eta bueno, hamargarren postu horretatik oso gertu geratu naiz.
Oro har, nola baloratzen duzu zure debuta Olinpiar Jokoetan?
Oso positiboa izan da. Aurreneko egunetan, entrenamenduetan, oso ongi sentitu nintzen. Pista berria zen denontzat eta ez genekien ze pista topatuko genuen, eta uste dut ondo egokitu naizela. Lehiakorra izan naiz, onenekin borrokan ibili naiz. Hori dena kontuan hartuta, uste dut pozik egon beharko nukeela eta halaxe da.
«Azken hilabeteetan oso dinamika onekin nentorren eta uste dut maila oso onean ibili naizela. Hala ere, entrenamendu batzuetara iritsi eta hain aurrean ikustea pixka bat sorpresa izan zen»
Entrenamenduak aipatu dituzu; hain justu, entrenamendu ofizialetan bigarren denborarik onena lortu zenuen zigorrekin. Emaitza horrek harritu zintuen edo ikusten zenuen zeure burua maila horretan?
Ezustekoa izan zen. Azken hilabeteetan oso dinamika onekin nentorren eta uste dut maila oso onean ibili naizela. Hala ere, entrenamendu batzuetara iritsi eta hain aurrean ikustea pixka bat sorpresa izan zen. Banekien gero entrenamenduak beti entrenamenduak direla, onenek esperientzia ateratzen dute lasterketetan eta maila asko igotzen da. Nire burua hor ikusi dut eta horrekin geratzen naiz.
Orain Europako Kopan eta Munduko Kopan lehiatzen ari zara. Jokoetan egindakoa eta emandako jauzi kualitatiboa etorkizunerako baliagarri izango da, ezta?
Bai, seguru. Azkenengo Europako kopetan oso aurrean nabil, munduko kopetan orain arte ez ditut lasterketak asko uztartu –aurten urte hasieran hiru egin nituen eta akats asko egin nituen–. Orain (martxoaren erdialdean), Europako Kopan Andorrako finala soilik geratzen zait; martxo hasieran Norvegian (Kvitfjell-en) beste bi munduko kopa dauzkagu. Jokoen ostean hamar bat egun etxean egongo naiz, deskantsatu, fisikoa entrenatzen jarraitu eta ea denboraldi amaiera polit bat egiten dudan.
Urtarrilaren erdialdean Tarvision, Europako Kopan, zilarrezko domina eskuratu zenuen; Estatu espainoleko kirolari bat podiumera igo den lehendabiziko aldia izan da. Zazpi egun geroago Espainiako Federazioak jakinarazi zizun Neguko Olinpiar Jokoetara zindoazela. Nola kudeatu duzu hainbeste gauza hain denbora gutxian?
Azken hilabete honetan emozio asko bizi izan ditut, niretzat oso hilabete ona izan da. Batzuetan kudeatzeko zaila da, baina saiatzen naiz dena lasaitasunarekin hartzen eta gauzak egiten ari naizen bezala egiten ahalegintzen, horrek ekarri bainau azken emaitza hauek lortzera. Orain nire asmoa berdin jarraitzea da eta ea denboraldi bukaera polita egiten dudan.
Fisikoki ez ezik, emozionalki ere nekatuko du pixka bat, ezta?
Bai, niretzako lehendabiziko Olinpiar Jokoak ziren, denbora gutxian emozio asko bizitzen dituzu… Olinpiar Jokoetan jendea pendiente egoten da, presio gehiago dago. Uste dut nahiko ondo eraman dudala, saiatu naizelako gauzak lasai hartu eta ahalik eta ondoen egiten. Orain fisikoki eta mentalki atseden pixka bat hartuko dut, azken lasterketak ondo ateratzeko.