Zuzenean
Janire Etxabe bizkaitarrak dantza eta eskalada beti izan ditu aldamenean. Artea gustuko izanik, arte ederretan lizentziatu zen, Pedagogia Sistemikoaren espezialitatean zehazki, eta horretan zebilela, Imanol Marrodan artistarekin performanceak egin ohi zituen naturguneetan zintzilikatua. Horrela, bere bi pasio nagusiak uztartu zituen eta dantza bertikalaren munduan murgildu zen.
Dantzan hasitakoan, helburu argi bat zuen; film labur bat egitea. Horretarako, 2017an Dimegaz kultur elkartea sortu zuen eta ordutik bere zuzendaritzan dihardu, bere proiektuen ekoizpena eta zuzendaritza diseinatu eta kudeatzen baititu.
Film laburra 2019an iritsi zen; 'Harria Herria' izan zen lan hura, bideo-dantzako lehen film laburra eta BBK Mendi Filmen aurkeztutakoa. «Urtero joaten nintzen jaialdira, eta protagonista guztiak eliteko kirolariak zirela ohartu nintzen; orduan pentsatu nuen: zergatik ez dut bat egiten pertsona arruntekin?» kontatu digu Etxabek. Ametsa egi bihurtzea lortu zuen eta sari ugari lortu zituen nazioarteko hainbat jaialditan. «Gure kulturan emakumea harriarekin nola harremantzen den erakutsi nahi genuen».
Ordutik mundu horretan ere guztiz barneratua dabil, sortu eta sortu; «Amamak beti esaten zidan ametsak ez direla etxera etortzen ate joka» kontatu digu.
Egun, 'Haize lerroa', bere bigarren laburmetraian, Imanol Marrodan euskal artistarekin lanean ari da, eta aldi berean, 'DENDU' ikuskizuneko zuzendaritza artistikoa egiten ari da. Dendu hitzak oreka esan nahi du, dantzan garrantzia handia duen kontzeptua; «bizirik gaude oreka bat dagoelako». Lan honen estreinaldia hurbil dute, martxoaren 15ean izango baita Dferian. Kursaalean izango da, eta dagoeneko hasi da prestaketetan; «emanaldi bat dudanean, eraikinaren energia sentitzea gustatzen zait» aitortu digu.
Bere ibilbideaz eta datozen proiektuetaz aritu gara Bigarren Kafean.