Zuzenean
Urtea hasi bezain laster 2022ko —eta datozen urteetako— albisterik garrantzitsuena jaso dugu jada. Microsoftekoek bereganatze berria iragarri dute: Activision Blizzard erraldoia erosi dute, eta ez zaie merke atera. 68,7 mila milioi dolar ordaindu behar izan dituzte Bobby Kotick-en enpresa xurgatzeko.
Bideo-jokoen mundua hankaz gora jarri duen albistea da. Ez da harritzekoa; diru kopuru izugarri horrekin industriako frankizia esanguratsuenetakoak eskuratu dituzte Xboxeko jabeek: Call of Duty tiro jokoen saga arrakastatsua, World of Warcraft MMORPG amaigabea, Starcraft estrategia jokoak eta, harrigarria badirudi ere, Candy Crush gailu mugikorretarako obra Xboxen eskuetara igaro dira.
Albisteak bideojokozaleak ezustean harrapatu baditu ere, une aproposa izan da Microsoftekoentzat. Activision Blizzard polemikaz inguratuta egon da azken hilabeteotan: AEBetako Kaliforniako enplegu eta etxebizitza departamentuak arraza eta genero diskriminazioagatik eta sexu jazarpenengatik salatu du enpresa bi urteko iraupena eduki duen ikerketa baten ondoren.
Gai garrantzitsu honi luze ekin diogu irratsaioan; halere, txikiagoak baina hurbilekoagoak diren berriak landu ditugu baita. Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak eta Game Erauntsiak antolatutako Oihaneder Minecraft Mini-joko Txapelketari buruz aritu gara: otsailaren 4an 18:00etatik aurrera jokatuko da, eta Game Erauntsiaren Twitch kanaletik jarraitzeko aukera egongo da.
Gasteiztik Bilbora joango gara; izan ere, TLR Games estudio bilbotarrak bideo-joko berria iragarri du: IDEA. Norbere ideiek munduan zehar bere bidea aurkitzea izango da helburua. Benetako paisaiak, puzzle sinpleak eta beste jokalari batzuekin ideiak partekatzea zein horiekin elkarreragitea izango dira honen ardatzak.
Berri labur baina garrantzitsuentzako egunak izan dira baita: hasteko, Valve-k bere Steam Deck eskuko PC-aren kaleratze eguna baieztatu du; horrez gain, Lucasfilm Games eta Electronic Arts enpresek Star Wars frankiziako hiru joko berri iragarri dituzte: Respawn Entertainment garatzailearen ardurapean egongo dira; azkenik, garai batean PC guztiak suntsitzea lortu zuen Crysis ikusgarriaren laugarren atala ezagutzera eman du Crytek enpresak.
Euskaratutako jokoentzako txokoa izan dugu beste batez. Ez dugu gure euskarazko lanen zerrenda handitu; horren ordez, bideo-jokoak profesionalki lokalizatzera diharduten pertsonen lana aintzatesteko sari batzuei buruz hitz egin dugu. Vigoko Unibertsitateak eta TI4 T&P ikerketa taldeak antolatutako ETIV-UVIGO Sarien lehen edizioa abian da: euskarazko jokorik onenaren saria banatuko dute, beste hainbaten artean. Dagoeneko hiru finalistak iragarri dituzte: horien artean da Game Erauntsiak lokalizatutako Space Revenge.
Bukatzeko, analisi eta kritikentzako tokia egon da. Oraingoan Sevillako estudio txiki batek garatutako obra interesgarri baten inguruan hitz egin dugu: The Game Kitchen taldeak sortutako Blasphemous.
Saioa osorik ikusteko: