Zuzenean

Pello Ulazia: «Gizonezkook zaintzan jardun behar dugu»

Aitatasunaz, maskulinitateaz eta zaintzaz mintzo da Pello Ulazia ‘Aita hor dago?’ liburuan. Zaintzak besteengan pentsatzea eskatzen duenez, aitatasuna «eskola emozional eta politiko» interesgarria izan daitekeela uste du.

Audio_placeholder

Pello Ulazia: «Gizonezkook zaintzan jardun behar dugu»

Loading player...
Naiz
Naiz (Irratia)

Arte Ederretan Doktore eta BAM Irakasle Unibertsitate Eskolako Irakasle, artista eta arte ikerlaria da Pello Ulazia mutrikuarra. Proiektu ezberdin eta anitz ugari garatu ostean, pasa berri den Durangoko Azokan aurkeztu zuen ‘Aita hor dago?’ liburua, etxe barruko zaintza jardueretan aita batek izandako bizipenak, gogoetak eta esperientzia estetikoak jasotzen dituen lana. Aipatzekoa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Egile Saria jaso duela liburuak.

Alaba txikiaren zaintzan buru belarri murgildu zen Ulazia eta bizipen hartatik sortu du liburu. Alabaren zaintzak sentsibilitatea eman zion eta gogorra ere baden arren, aita guztiei gomendatzen die bizipena.

Gaur-gaurkoz, aurrerapusuak eman direla bai, baina oraindik ere zaintza emakumeengan kokatzen dela uste du. Horren arrazoia Carol Gilligan-en ‘Zaintzaren etika’ lanean aurkitu du. Uste du gizonezkoek zaintza nahiz enpatia ez dutela emakumezkoek bezain garatua.

Praktikak eramango du gizonezkoa garapen maila handiago batera, ‘Aita hor dago?’ liburuaren egilearen ustez. Zaintzan zentratzeak ahalbidetuko dio gizonezkoari sentsibilitate handiagoa garatzea. Horretarako, aitatasunak aukera paregabea eskaintzen duela dio. Pausu bat atzera eman eta haurrarekin hartu-eman emozionala indartuz, enpatia nahiz maitasuna garatu daitezkeela.

Arazoak askotarikoak dira, ordea. Jakitun da Ulazia zaintzak denbora eta dedikazioa behar dituela. Kontziliazioari dagokionean, «ez da existitzen, kimera bat da, engainatu egin gaituzte», dio, ezinezkoa delakoan zaintza, lan produktiboa eta parte hartze politikoa uztartzea. Horregatik, zaintzak ordain ekonomikoa izan beharko lukeela defendatzen du.

Lau atal

‘Aita hor dago?’ ez da liburua arrunt bat. Lau atal ditu. ‘Bizi-penak’ izeneko lehenak Malen Amenabarrek ilustratutako kontakizun txikiak ditu. Bigarrena zaintzaren estetikari eskainitakoa da, aitatasuna, maskulinitatea eta zaintzaren inguruko saiakera formatuko gogoeta bat. Hirugarrena, ‘Isilean’ esperientzia estetikoa, argazkiz eta bideoz osatutako atal grafikoa. Eta azkenik, liburuan agertzen diren terminoak biltzen dituen glosario estetiko politikoa.

Jaurlaritza Logoa