Zuzenean

«Nuklearren aldeko apustuarekin Europar Batasuna inbertsoreentzat eremu berriak sortzen ari da»

Europako Batzordeak energia nuklearra berdetzat hartu izanak erakusten du «kapitalaren Europa» bat eraiki dela, Isidro Esnaola ekonomilariaren iritziz. Juan Tomas Enciondo Nuklearra ez den Euskal Kostaldearen Defentsarako Batzordeko kidearen hitzetan, «mundu guztiak daki nuklearra ez dela berdea».

Audio_placeholder

«Nuklearren aldeko apustuarekin Europar Batasuna inbertsoreentzat eremu berriak sortzen ari da»

Loading player...
Haize errota bat, Ambereseko Doel de Engie zentral nuklearreararren ondoan.
Haize errota bat, Ambereseko Doel de Engie zentral nuklearreararren ondoan. (François WALSCHAERTS | AFP)

Larrialdi klimatikoak energia ekoizpen jasangarrien beharra are eta premiazkoagoa egin duen honetan, Europako Batzordeak energia nuklearra berdea eta jasangarria dela baieztatu berri du. Dokumentu bat igorri die estatu kide guztiei gas naturala eta energia nuklearra «trantsiziozko energia» gisa izendatzea proposatuz.

Bi energia hauek ez direla garbiak aitortzen du Batzordeak, baina dio ekonomiaren deskarbonizaziorantz egin beharreko trantsizioan zeregin garrantzitsua joka dezaketela.

Teorian, Batzordearen helburua aldaketa klimatikoa gutxituko duten sektoreetan inbertsioak bultzatzea da. Zentral nuklearren kasuan, jasangarri kontsideratzeko, ingurumenean kalte esanguratsurik ez dutela sortzen ziurtatu beharko dute.

Eztabaida, ordea, egiazki, ez da ingurumenari loturikoa, finantziazioari baizik, alegia, nora bideratu behar diren inbertsio publikoak eta inbertsioak jasangarri izendatzeko zein irizpide finkatu behar diren.

Iritzi kontrajarriak Europan

Alemania, Austria nahiz Estatu espainiarra nuklearren aurka daude. Alde, berriz, Estatu frantziarra, nahiz Polonia eta Txekiar Errepublika.

Pasa den azaroan iragarri zuen Emmanuel Macron presidenteak frantziar Estatuaren independentzia energetikoa bermatzeko zentral berriak eraikiko dituztela. Polonia eta Txekiar Errepublikak, berriz, ikatzezko zentral elektrikoak energia nuklearrarekin eta gasarekin ordezkatu asmo dituzte.

Beste aldean, Alemaniak aurten herrialdeko zentral nuklear guztiak istea erabaki du. Urtea hastearekin bat hiru itxi ditu, eta gelditzen diren beste hirurak urtean zehar itzaliko dituzte. Gobernu espainiarraren esanetan, atzera pausu bat da Batzordearen proposamena.

«Proposamen surrealista»

Isidro Esnaola ekonomilari eta Juan Tomas Enciondo, Nuklearra ez den Euskal Kostaldearen Defentsarako Batzordeko kidearen iritziz, esan beharrik ez dago energia nuklearra ez dela berdea. Esnaolak kapital handien mesedetan hartutako erabakia dela baieztatu du, «argi dago ez dela jasangarria, baina Europar Batasunean oso kezkatuta daude inbertsoreen nahiekin eta saiatzen ari dira handik eta hemendik beraientzat inbertsio eremu berriak sortzen». Enciondorentzat, ez da proposamen serio bat. «Surrealista da, hortik ez goaz inora; orain dena da berdea, denek ipiniko dute izen hori, baina mundu guztiak daki ez dagoela nuklearra berde kalifikatzeko modurik».

Zer dago, orduan, Europar Batzordearen proposamenaren atzean? «Gauzak ez aldatzeko» eta jendea «despistatzeko» nahia ikusten du Enciondok, Lemoizko zentralaren eta Euskal Herrian eraiki nahi zituzten beste hiru zentralen aurka lan egiteko 1973. urtean sortu zen batzordeko kideak. Orduan, non kokatu beharko litzateke eztabaida? Esnaolak argi du: «Gaur egungo gizarte industrial honek izugarrizko bitartekoak behar ditu funtzionatzeko eta efizientzia hobetu behar da baina baita kontsumoa gutxitu ere». Ordea, Europako Batzordeak energia kutsakorrak berriengatik ordezkatzea, beste proposamenik ez duela ohartarazi du, ez duela planteamendurik «soberan» legokeen kontsumoari buruz eta «gutxitu» litekeen kontsumoari buruz.

Energia berriak martxan jartzeko inbertsioak behar dira eta hor sartzen dira jokoan «pentsio funtsak, bankuak eta mota guztietako kapital funtsak». «Dirua erruz dute orain eta dirua jartzeko lekuak behar dituzte». Eolikoetan inbertitu nahi dute, baina baita gasean eta baita nuklearrean ere, «lobby hauek esan dute nuklearrek ez dutela isuririk eta jasangarri bezala izenda daitezkeela». Esnaolaren esanetan «lobbyek denbora guztian estatuen babesa bilatzen dute inbertsio berriak egin ahal izateko». «Garai batean esaten zen kapitalaren Europa eraiki genuela eta uste dut adibide garbiena nuklearren aldeko apustua dela».

«Nuklearrik ez!»

Pasa dira urte asko, baina 70. eta 80. hamarkadetan Euskal Herriak ozen eta irmo ezetz esan zion energia nuklearrari. Juan Tomas Enciondok lehen eskutik bizi izan zuen borrokaldia, Nuklearra ez den Euskal Kostaldearen Defentsarako Batzordeko kidea baitzen.

1972. urtean hasi ziren eraikitzen Lemoizko zentral nuklearra. Frankismoaren plana Euskal Herrian beste hiru eraikitzea zen, Deban, Tuteran eta Ispasterren. Nuklearren aurkako iritzia indartuz joan zen euskal herritarren artean, hamarkada oso batean mobilizazio dinamika indartsu bat gorpuztuz, Lemoiz gelditzea lortu arte.

Enciondok nabarmendu du «gauza asko» batu zirela nuklearren aurkako borrokan. Batetik, jendeak argi zuen proiektua «frankismoaren zorakeria» bat zela, eta bestetik, diktadura amaitzerakoan jendeak «ilusioa» zuen, «zerbait berria» nahi zuen. Hala, «kriston lana egin zen, hamar urteko kriston borroka izan zen, oso ondo planteatuta, sakona eta eredugarria».

Ordea, Lemoizen aurkako borrokaldia «ahaztuta» dagoela uste du Enciondok eta garai hartan gertaturikoaren memoria berreskurtazeko beharra aldarrikatu du.

Jaurlaritza Logoa