Zuzenean
Gardentasunez eta inongo trikimailu emozionalik gabe, Arantza Santesteban Perez zinema zuzendariak bere esperientzia pertsonala kontatzen du '918 GAU' filmean. 2007ko urriaren 4ko gauean, Seguran (Gipuzkoa), hainbat pertsona atxilotu zituzten 2002ko Alderdien Legeak ilegaltzat jotako alderdi batean jarduera politikoa gauzatzeagatik; denbora kontua zela bazekiten eta horrela izan zen.
Auzitegi Nazionaletik Baltasar Garzonek eskatuta, terrorismo-delitua leporatu eta espetxean sartu zituzten. Horietako bat Santesteban bera izan zen, eta ondorioz, kartzelan 918 gau eman zituen.
Lau urte pasa dira ideia eduki zuenetik pelikula amaitu arte, «kartzelan bildutako artxiboari, gutun eta argazkiei, oso lotuta negoen baina artxibo horren preso nengoela kontura nintzen» esan digu Santestebanek. Horregatik, beste motatako irudiak bildu eta ahotsa jarri dio filmari.
Preso egotearen zama, preso dauden beste kideekin dauden harreman onak eta txarrak, eta kartzelatik ateratzekoan auzoarekiko harremana erakusten dizkigu dokumentalak. «Militantzia politikoa, kartzela eta kartzela osteko aldia harreman multzoa dira». Hala ere, filmak badu beste alderdi bat; «ikuslearen espektatiba asko zapuzten ditu, eta hori asko gustatzen zait» esan digu. Izan ere, narratiba politiko tradizionaletatik ihes egin nahi izan du, heroiaren eta traizioaren logika alde batera utzita. «Kartzelatik indartuago ateratzen den militante baten istorioa ikusi nahi duenak frustrazioa sentituko du», baina hori bilatu nahi izan du zuzendariak.
Tonu berezia topatu du krisialdi eta ezinegonak kontatzeko. «Nire antzera, militantzia politikoan krisialdiak izan dituen pertsona asko dago, eta leku bat aldarrikatu behar zaio horri kolektibotasunean».
DocLisboa jaialdian Nazioarteko Sekzioko Film Onenaren saria, Torino Film Festival-eko Nazioarteko Dokumental Onenaren saria eta Pontevedrako Novos Cinemas Nazioarteko jaialdian Latexos saria jaso ditu dagoeneko dokumentalak. «Hain pertsonala izateagatik eta gure herriko gatazkari hain lotuta egoteagatik oihartzunik ez zuela izango uste nuen» aitortu digu. Nazioarteko bira hori egin ostean, Euskal Herriak lehen aldiz ikusteko aukera izango dugu laister, martxoaren 14tik 19ra Iruñean egingo duten Punto de Vista jaialdian.
Arantza Santesteban Perezekin hitz egiteko aukera izan dugu Bigarren Kafean.