Zuzenean

NAIZ Irratia

«Osasun publikoaren kontrako erasoaldi bat dago, covid-a horretarako aitzakia hartuta»

EAEko Osasun Sailak proposatutako lan eskaintza publikoa «oso motz gelditzen da» Osakidetzako egiturazko langile faltari aurre egiteko, Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusiaren iritziz. Lan erreformaren aurkakotasuna berretsi du, eta kaleko mobilizazioen garrantzia nabarmendu ere bai.

Audio_placeholder

«Osasun publikoaren kontrako erasoaldi bat dago, covid-a horretarako aitzakia hartuta»

Loading player...
Garbiñe Aranburu, NAIZ Irratiaren setean, gaur asteartean.
Garbiñe Aranburu, NAIZ Irratiaren setean, gaur asteartean. (NAIZ Irratia)

LAB sindikatua izan zen urtarrilaren 23an lehen arreta publikoaren alde mobilizatzera deitu zuen sindikatuetako bat. Milaka herritar izan ziren deiari erantzun eta Gasteiz, Bilbo eta Donostiako kaleak hartu zituztenak. LAB sindikatuaren idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk dionez, herritarrek badakite «osasun publikoaren eraispen bat» ematen ari dela, eta horregatik izan zuten halako erantzun zabala sindikatuek deitutako mobilizazioek.

2017an jada lehen arretako langileek grebara jo zutela gogoratuz, argi mintzatu da Aranburu. Esan du egungo egoera ez dela pandemiaren ondorio: «Osasun publikoaren kontrako erasoaldi batean gaude eta covid-a aitzaki bihurtu da horretarako» eta, gaineratu duenez, «eraso horren aurrean, ezinbestean osasun publikoa kalera defendatzera ateratzea dagokigu».

Osakidetzak dituen «egiturazko» arazoak aipatu ditu LAB sindikatuko ordezkari nagusiak, bereziki, osasun sisteman dagoen behin-behinekotasun tasa handia, eta honi lotuta, lehen arretan bereziki adierazgarria den langile falta, Susana Martin Osakidetzako Lehen Arretako zuzendariak berak Gasteizko Legebiltzarrean onartu duen gabezia. Antza, 3.000 profesional kontratatzeko lan eskaintza publiko baten bidez arindu nahi du sistema Lakuak. Eskaintza hori, baina, «oso motz gelditzen da» Aranburuk ziurtatu duenez, hain zuzen behin-behinekotasun tasa altuegia delako, «%50aren bueltan», LABen dituzten datuen arabera.

Lan erreformari ezezkoa

Azken asteotan, euskal sindikatu nagusiek, LAB tartean, Madrilgo elkarrizketa sozialaren mahaiak adostutako lan erreformaren aurkakotasuna agertu dute, langileriak dituen beharrei erantzuten ez dielakoan. «Patronala akordioan egotea lehenetsi da, eta horrek suposatzen du patronala dela garaile. Lan erreforma ez da indargabetu eta lan harremanetan ez dago inolako aldaketarik» ondorioztatu du LAB sindikatukoak, eta euskal alderdiei Kongresuan kontrako botoa ematea eskatu die.

Lan erreforma babesteko sindikatuan ezarri dituzten ardatzak hiru dira: tokiko lan hitzarmenek lehentasuna izatea estatukoekiko, enpresariek kaleratze «merkeak» egiteko dituzten erraztasunak ezabatzea eta «langileentzako prekarietatea dakarten lan harremanetan» sakoneko aldaketak egitea. LAB «eragiteko» eta balizko aldaketak aztertzeko prest badago ere, «ez dakigu hobekuntza horiek negoziatzeko tarterik ere egon den», Aranburuk ohartarazi duenez.

Grebak kale

Erreformaren babesle diren CCOO eta UGT sindikatuek baieztatu izan dute proposamen berriari ezezkoa emanez gero PPren lan-erreformarekin jarraituko lukeela Estatu espainiarrak, langileen baldintzetan atzera eginez. Aranburuk, ordea, uste du gogoeta horrek «langileen desaktibazioa» besterik ez duela bultzatzen eta defendatu dugu presio sozialaren bitartez lortuko direla eskubideak.

Presio sozial horren bila, LABek mahai gainean jarri zuen greba orokor bat egiteko aukera, data ere ezarrita: abenduaren 1ean. «Helburua zen Madrileko markoan irekita zeuden eztabaidetan eragitea eta euskal bide bat elikatzea», ekarri du gogora sindikatuko idazkari nagusiak.

Grebaren ideia «zapuztu» egin da Aranbururen esanetan, «ez delako gehiengo nahikorik eraiki». Bere sindikatuaren iritziz, ELAren «determinazio eta lidergo falta» izan zen grebarako deia bertan behera uztea ekarri zuen ezaugarrietako bat. «Ez zaigu serioa iruditzen hamar egunean greba bat antolatu daitekeela esatea», kritikatu dio ELAri.

Horrekin batera, uste du «akatsa» izan zela Elkarrizketa Sozialeko Mahaian lan-erreformatik «zer aterako zen zain egotea». Hala ere, ezinbestekoa deritzo datozen mobilizazio zikloak elikatzeko indarrak metatzea eta ez du baztertu grebarako beste deialdi bat egitea.

LABek uste du lan erreforma honek argi utzi duela Euskal Herrian bide propio bat elikatu behar dela, negoziazioei begira datozen asteak «erabakigarriak» izango direla iritzi baitio. «Partidaren zati bat jokatzen da Madrilen, baina hemen ere bada garaia euskal esparruaren aldeko borroka bat nola elikatuko dugun eztabaidatzeko», esan du, eta, zentzu honetan, urtarrilaren 30rako deituta duten aldarrikapen egunean parte hartzera deitu du sindikatu abertzaleko idazkari nagusiak.

Jaurlaritza Logoa