Zuzenean

Ainara Rodriguez

Itzali dituzte elkartasun motorrak

Euskal preso politikoen dispertsioa ez da amaitu, ezta urrutitik ere; baina arindu neurri batean bai, eta horregatik erabaki du Mirentxin gidarien taldeak bere ibilbidearen amaiera iragartzea. Karlos Albas eta Iñaut Zabala, Donostia eta Hernaniko arduradunak pasa dira NAIZ Irratitik.

 

Audio_placeholder

Itzali dituzte elkartasun motorrak

Loading player...
Mirentxin ekimeneko gidari bat bidaia gehiago egingo ez dituen furgoneta baten.
Mirentxin ekimeneko gidari bat bidaia gehiago egingo ez dituen furgoneta baten. (Luis Jauregialtzo | FOKU)

«Beti egon gara gure buruari esaka ‘ea noiz den azkenengo bidaia’, eta iritsi da». Lan nekeza atzean utzita, baina lana «ondo egindako sentsazioarekin» itzali dituzte Mirentxin gidariek milaka eta milaka kilometro egin dituzten furgoneten motorrak.

Helburuak argiak ziren sorreran: «Sakabanaketaren aurrean erantzun solidario bat izan zen Mirentxin; senide eta lagunei bidaiak samurragoak eta ekonomikoki bideragarriagoak egitea zen helburua», azaldu du Karlos Albasek, Donostiako arduradunak. Dispertsio politikak, ordea, aurrerapauso nabarmenak izan ditu azken hileetan, ez da euskal preso politikorik Madrildik hegoaldera, beraz «egoerak hala eskatutako erabakia» izan da Mirentxinen agurra. 

Donostiako furgonetak maiatzean egin zuen bere azken bidaia Algecirasera; Hernanikoak, berriz, Sevillara; baina Iñaut Zabala arduradunak azaldu duenez, ez zuten ezustekorik gabe egin: «Furgonetaren motorra izorratu egin zen, eta nola-hala lortu zuten konpondu eta bisitetara garaiz iristea». Furgoneta hark sumatu zuen, akaso, amaitzear zituela Sevillaraino egindako bidai luzeak; dagoeneko saldu dituzte kasik furgoneta gehienak, hiru utzi dituzte «badaezpada». 

Bizipen ugari

Mirentxin furgonetak historiara pasako dira, baina txoko berezia gordeko dute euskal presoen senide eta lagunen barruetan; baita urteotan gidari izan direnenetan ere. Aitorrek oso gogoan, du esaterako, Villenara egin izan zituzten bidaiak, «zorionez arazorik gabe» egin zituztenak; Beñatek, berriz, bidaiek suposatzen zuten «paliza» gogoratzen du umorez, oroituz lagunartean egiten zituztela bidaiak eta «pozik» senideei lagundu ahal izateagatik. Testigantza berezia da Gotzonena, iraganean haur motxiladun izanik bere garaian jasotako elkartasuna itzuli ziena senideei gidari bilakatuta: «Gurpilen buelta bakoitzak, bihotzak bete eta pilak kargatu dizkigulako, plazer bat izan da zuekin bide hau egitea», amaitu du.

Izan ere, dispertsioaren urterik gogorrenetan gidariek ez ziren soberan; baina elkartasuna beti egon da presente Donostia eta Hernaniko arduradunen esanetan: Zabalak gogoratzen du Hernanin uneren batean «90 gidari izatera ere» iritsi zirela. Kalkulatu izan dute zenbat gidari izatera iritsi diren guztira, 700 bat Albas eta Zabalak esaten dutenez.

Esperientzia gozo eta gaziak

Azken urteak izan dira gogorrenak eurentzat, pandemia lehertu zenez geroztik; 3-4 hilabete geldirik egon ziren, bisitarik eta bidaiarik gabe, furgoneta baten barruan sartzeak zekarren segurtasun faltarekin…

Gogoan dute nola Antiguako furgoneta «zelula jihadista zelakoan» geldiarazi zuten bide erdian; bi orduz izan zituzten bide bazterrean, «pistolen kanoiak buruan», edo oroitzen dute nola izan zen Hernaniko furgoneta ere harrikatua Murtziako espetxearen kanpoaldean. Baina esan dutenez, «gidarien artean beti egon da sekulako batasuna»; erasoek ez dute elkartasuna uneren batean ere eten.

Orain bestelako jite batean dago egoera; dena den, Mirentxinek bere bidea amaitu duen arren, argi dute elkartasunak bere horretan segi behar duela: «Gure garaipen txiki hau ospatuko dugu, baina lanean jarraitu behar dugu, azkena irten arte».