Zuzenean
Amaitu dira gabonetako oporrak eta urte berriarekin batera bueltan da gure elkartasun kunda. Ospakizun eta festa artean, asko izan dira presoen eskubideen aldeko mobilizazioak ere. Usurbilekoan izan ginen gu eta programara ekarri ditugu bertan entzundako bertso eta abesti bana.
Kartzeletako aktualitateari dagokionean, datuetan behintzat, gorabehera gutxi izan dira aurreko saiotik hona. Baina izan direnak, onak. Aipagarriena, urtea hastearekin batera Asier Bengoa gasteiztarrari baldintzapeko askatasuna onartu izana da.
Gainerakoan, uneotan 194 preso ditugu Euskal Herriko eta espainiar Estatuko kartzeletan gatibu, 27 emakume eta 167 gizon. Horietatik 92 Euskal Herrian dira, 91 Estatu espainiarrean eta beste 21 frantsesean. Ahaztu gabe Izadi, Aranjuezen gurasoekin bizi den sorgintxoa.
Azken hau eta bere gurasoak bizitzen ari diren egoeraren azken ordukoaz ere aritu gara ‘Izadi Gurasoekin Etxera’ plataformako Itxaso Torregrosarekin. Izan ere, 12 egun barru, urtarrilaren 23an, beteko ditu hiru urte. 12 egun barru aitarekin eta amarekin eguneko 24 orduak egotetik ama hilean behin edo bitan soilik ikustera pasako da. Bere aitari hirugarren gradua onartu diotela zabaldu zuen espainiar Barne Ministerioak pasa den abenduaren 30ean, baina gaur gaurkoz ez diote ezer jakinarazi. Hori dena gutxi ez, eta covidaren gaineko kartzela kudeaketa txarrak erotzeko moduko gabonak pasarazi dizkie.
Horrez gain, abenduaren 31ko Martuteneko superheroia izan dugu tartetxo batez hizpide, eta aritu gara EAJ-PNV alderdiak Sareren urtarrilaren 8ko mobilzazioen atarian egindako adierazpenen inguruan ere bai.
Azkenik, Oier Gonzalez Bilbatuak ‘Exilio E’ titulua daraman olerkia partekatu du entzule guztiekin.