Zuzenean

Sara Iriarte

«Demostratu dugu pentsio sistema publikoa bideragarria dela»

Gipuzkoako Pentsiodunek Donostian itxialdia egitea erabaki dute pentsio duinen aldeko borrokaren laugarren urtemuga dela eta. Horren harira, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioak deitu ditu lau hiriburuetan eta baita beste zenbait herrietan ere. 

Audio_placeholder

«Demostratu dugu pentsio sistema publikoa bideragarria dela»

Loading player...
Pentsiodunen mobilizazio bat. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Pentsiodunen mobilizazio bat. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Euskal Herriko Mugimenduak eta Gipuzkoako pentsiodunek euskal gizartea eta gipuzkoar gizartea pentsio publikoen alde aktibatzeko eta lan erreforma indargabetzeko borroka aste bat antolatu dute. Horren baitan dago urtarrilaren 10etik 15era iraungo duen itxialdia.

Astelehenean prentsaurrekoa egin zuten Tabakaleran. Ondoren, Loiolako Erriberako Gizarte Segurantzaren aurrean kontzentrazioa egin zuten. Ostegunean kontzentrazio bat egingo dute Eusko Jaurlaritzaren Gipuzkoako Ordezkaritza aurrean. Azkenik, elkarretaratzea egingo dute Amarako Pio XII. plazan kokaturik dagoen Gizarte Segurantzako Arreta eta Informazio Zentroaren aurrean. 

Karlos Etxeberriak, Gipuzkoako Pentsiodunen bozeramaile eta koordinatzaile lanetan aritu denak Naiz Irratian esan duenez, borrokan aritu diren urte hauetan erdietsi dituzten lorpenak ez dira handiak izan baina une berean garrantzitsuak dira. “Zenbait murrizketa ekiditea lortu dugu. Demostratu dugu pentsio sistema publikoa bideragarria dela” azpimarratu du. Hala ere, egiteke gauza asko daudela eta pentsio sistema publikoaren egiturazko murrizketa horiek hor dirautela gehitu du. Horiek indargabetzeko gizarte osoan indar handia behar dela eta horretarako langileekin eta gazteekin besteak-beste saretzen saiatzen direla adierazi du Etxeberriak.

Osasun-sistemak jasaten duen egoera dela eta, Pentsiodunen Mugimendua osakidetzako langileekin aldarrikapenak defendatzen aritu da azken bi urte hauetan. Larunbatean egingo den manifestazioan hori ere aipatuko dute.

Jaurlaritza Logoa