Zuzenean

NAIZ irratia

[39] Onuragarria al da mendiari su ematea?

Negu betean, mendi erreketen sasoiean gaude. Azken urteetan ika-mika iturri izan badira ere praktika hauen beharra berretsi dute laborariek. Praktika honek mendian duen eragina aztertu dugu NAIZ irratiko Gelditu Makinak saioan Euskal Herriko Laborantza Ganbarako Iker Elosegirekin.

Audio_placeholder

[39] Onuragarria al da mendiari su ematea?

Loading player...
Sutea Azkainen © Gorka Arizaga
Sutea Azkainen © Gorka Arizaga

Transkripzioa:

Ander:
Egun on. Ioar

Ioar:
Baita zuri ere.

Ander:
Surik baduzu?

Ioar:
Erretzen hasi al zara ba?

Ander:
Bai, eta sutan nabil aspaldian.

Ioar:
Ketan esan nahiko duzu.

Ander:
Erreta nagoela, alegia.

Ioar:
Sutan egotea, ketan egotea eta erreta egotea ez dira gauza bera.

Ander:
Hara bestea!

Ioar:
Suari buruzko irakaspen ona eman zuen laborari batek irratian.

Ander:
Laborariek, arrantzaleek, edo gure inguruko baserritarrek, horiek bai jakin.

Ioar:
Uste dugun baino askoz gehiago.

Ander:
Orduan, entzun dezagun zer dioten laborariek.

 

AUDIOA - IKER ELOSEGI

 Ioar:
Euskal Herriko Laborantza Ganbarako kidea da Iker Elosegi, hango arduraduna.

Ander:
Zer da laborantza ganbara, Ioar? Ez baitut ezagutzen.

Ioar:
Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako laborarien etxalde txikiak batzen dituen elkartea da. Instituzioen faltan, laborariek beraiek antolatu zuten publikoa behar zuen zerbitzu hori.

Ander:
Instituzio bat da?

Ioar:
Funtzio hori betetzen du. Laborariei laguntzeko, dirulaguntzak bideratzeko, formakuntza emateko, edo laborantzaren gainean jarduteko herri elkartea da.

Ander:
Aurretik ez al zegoen horrelakorik ofizialki?

Ioar:
Egon bada “Chambre d’Agriculture des Pyrénées-Atlantiques” izenekoa, Pauen menpekoa, baina euskal laborarien kezkei erantzuten ez diena. Hortaz, euskaldunek berea sortu zuten: Euskal Herriko Laborantza Ganbara.

Ander:
Urrats interesgarria.

Ioar:
Harrezkero, sor markak bultzatu, Lurrama azoka antolatu, heziketa eman, eta beste hamaika zeregin ditu Laborantza Ganbarak. Euskaraz ere ari dira; eta hori ez da gutxi, euskara ofiziala ez den eremu batean.

Ander:
Ez dakit bertako euskaldunak ez ote diren horrekin erretzen.

Ioar.
Sortu eta sortu ari dira. Etengabe. Eta sorkuntza horretan, eremua aberasten. Asko gainera.

Ander:
Baina suaz ari ginen, ezta?

Ioar:
Bai. Laborariek sua egiten dute mendian, ez daitezen alor horiek oihan bilakatu. Izan daitezen kabalentzako bazka. Animaliek jan dezaten.

Ander:
Suteak egiten dituzte horretarako?

Ioar:
Su guztiak ez dira berdinak. Su batzuek kiskali egiten dute, eta errautsa besterik ez da gelditzen. Beste su batzuek ez dute kiskaltzen, ez dute landarea hiltzen, eta berriz hazten da.

Ander:
Ez dakit ondo ulertu dizudan.

Ioar:
Hobeto azalduko dizu Iker Elosegik.

 

AUDIOA - IKER ELOSEGI 2

 

Ander:
Orain zertxobait ulertu dudalakoan nago. Luzaroan zainduta ez dagoen baso bat edo zelai bat errez gero, sutea sortzen da.

Ioar:
Hori da. Baina maiztasun batekin landuz gero, eta ondoren sua egin, horrek ez dio kalterik egingo. Landareak biziko dira, eta garbiago egongo da.

Ander:
Oteei buruzkoa ez diot ondo konprenitu.

Ioar:
Ota, otamendi... ezaguna egingo zaizu. Animaliek jaten ez duten landarea da otea, arantzak dituen landare ez oso atsegina.

Ander:
Bai, inoiz mendian ibilitakoa naiz.

Ioar:
Azkar hedatzen dira, eta gero eta eremu zabalagoak hartzen dituzte.

Ander:
Horregatik, batzuetan belztuta egoten dira mendi inguruak.

Ioar:
Bai, baina hor belarra hasiko da berriz. Gure artzain eta laborariengatik ez balitz, eta ardi, behor, behi eta gainontzeko kabalengatik ez balitz, gure mendiak oihanak izango lirateke, eta ezingo ginateke ibili.

Ander:
Mesede egiten diete mendiei.

Ioar:
Neolitotik egon dira artzainak gure mendietan. Orain dela bost mila urtetik hona. Eta beraiek zaindu dute gure ingurua.

Ander:
Zigarroa amatatzera noa. Oso kontuan hartzekoa da azaldu didazuna.

Ioar:
Beraz, ohartu zara sutea eta sua ez direla gauza bera.

Ander:
Eta ondorioztatu dut horregatik behar ditugula laborariak, artzainak, abereak gure inguruan.

Ioar:
Horregatik ere bai. Ospatzeko..., goazen zerbait hartzea. Bazkaldu al duzu?


Epilogoa-Beti ikasten

Ioar:
Zer ikasi dugu gaur?
Aditz batzuen forma berezia, bukaeran -ZTATU forma hartzen baitute. Anderrek esan du:
—«Ondorioztatu dut horregatik behar ditugula laborariak, artzainak, abereak».

Ander:
Aditz gehienak -TU formarekin eratzen ditugu:
—Beldur... beldurtu.
—Harri... harritu.
—Triste... tristatu.
—Gorri... gorritu.
Baina badira aditz batzuk -ZTATU formaz amaitzen direnak:
—Aire... aireztatu.
—Argi... argiztatu.
—Bai... baieztatu.
—Deus... deuseztatu.
—Egia... egiaztatu.
—Ur... ureztatu.

Hemen entzun dezakezu NAIZ irratian Iker Elosegiri egindako elkarrizketa.

Jaurlaritza Logoa