Zuzenean

Naiz Irratia

«Etxerako kunda» espetxea hizpide izango duen irratsaio berria, astearte honetatik

Espetxeetako errealitatea hizpide eta ardatz izango dituen saioa da «Etxerako Kunda». Patxi Urangaren gidaritzapean abenduaren 14an abiatuko du denboraldia. Astearteetan izango da, gaueko 22:00etan.

Audio_placeholder

«Etxerako kunda» espetxea hizpide izango duen irratsaio berria, astearte honetatik

Loading player...
Etxerako Kunda | Mikel Orbegozok egindako irudia
Etxerako Kunda | Mikel Orbegozok egindako irudia

«Kunda» deitzen zaio espetxez espetxe egiten diren transladoei. Espetxean izan denak badaki aski ongi zer den hori, kanpoan dagoenak, normala den bezala, ezer gutxi jakingo du horri buruz. Hain zuzen ere, hori da ’Etxerako Kunda’ saioaren helburuetako bat. Espetxeko errealitatea izango du hizpide Patxi Urangak gidatutako saioak, asteartero, iluntzeko 22:00etan. Abenduaren 14an hasiko du denboraldi berria.

«Aitortuko dizuet nire motibazio handiena dela Martutene, Zaballa, Basauri eta Iruñeko kartzeletara ’Etxerako Kunda’ iristea. Euskal Herriko kartzelak entzule potentzialez betetzen ari zaizkigu. Espero dutena da irri pixkat eginaraztea. Ordu batez behintzat entretenitzea; konpainia egin nahi diet» dio Urangak.

Eskarmentua badu irratigintzan Patxi Urangak. Egin irratian ’Eltzean’ saioa egiten zuen bi urtez, «Garzonek irratia eta egunkaria itxi aurretik bukatu genuen bigarren denboraldia, ozta-ozta amaitu genuen» dio Urangak. Garai hartako oroitzapen ederrak ditu, «Ixiar Arteaga, Marian Beitilarrangotia, Ainara...talde ederra zen», dio.

Bada, urte batzuk pasata irratira bueltatuko da Patxi Uranga oriotarra, NAIZ irratira. «Oso hurrun daude bi saioak. Hura euskararen inguruko saio bat zen, eta ’Etxerako Kunda’ saioan espetxearen bueltan arituko gara» azaldu du Urangak. Espetxeetako egoera lehen pertsonan ezagutu du oriotarrak. «Ongi ezagutzen ditut nik espainiako hotelak, bai» dio ironiaz. 12 urte eman ditu preso eta ekainan geratu zen aske.

«Irratsio honek balioko du  espetxe barruko bizipenak ezagutzeko ere. Nire harridurarako konturatu naiz espetxetik aterata, jendeak apenas dakiela espetxe barruko kontuei buruz, eta hori egiten dizkiguten galderetan nabaritzen da» esan du Urangak Naiz Irratian. Kartzela ezagautu duten horiei emango zaie hitza noski. Zertan ari dira orain? Nolakoa izan da beraien azken «kunda»? Zer gogoratzen dute kartzelaz? Pasadizoak gogoratzeko tarterik ez da faltako, baina argi du Urangak: ’Etxerako Kunda’ ez da saio tristea izango. «Tristura denak urdinez jantziak dauden horientzat utziko ditugu. Guk entzuleari eskaini nahi diogu, musika, alaitasuna eta konpainia ona». Gertuko solasaldiak izango dira Urangak egingo dituenak, eta ohiko ikuspuntutik at, saioaren gidaria berak kartzela ezagutu izanak balio berezia emango die elkarrizketei.

Mikel Orbegozoren irudia

Etxerako kunda saioaren irudia Mikel Orbegozo marrazkilari donostiarrak egin du. Ikuspuntu ironiko eta umorezkoa dute bere lanek, xamurtasuna eta salaketa bateratuaz. Orbegozok ere ongi ezagutzen du espetxea,  2005 urtetik 2019ko apirilera bitarte preso egon zen eta bertako bizipenak inspirazio izan zituen marrazketarako. 3 albun argitaratu ditu ’Preso Nago’, ’Preso Nago 2’ eta ’Ilargiraino’. «Berak egin du saioaren irudia eta ohore bat izan da niretzako. Orbegozok baditu bineta liburu batzuk eta nire ustez bere liburuak dira espetxeko egunerokoa hobeto deskribatzen dutenak. Literatura badago, baina Orbegozorenak oso ongi deskribatzen dute kartzela» dio Urangak.

Saioaren zapalpena

’Etxerako Kunda’ astearteetan emitituko da 22:00etan, FM bidez entzun ahal izango da Donostia 93.8 Urola 91.8 Goierri 102.2 Legazpi 94.6 Bilbo 92.2 Gernika 96.7 Durango 97.4 Gasteiz 91.5 Bortziriak 103.1 Leitza 95.1 frekuentzietan. Hego Euskal Herriko espetxe guztietatik entzuteko aukera bermatzeko,  Iruñerrian Eztanda Irratiak (107.6)  zabalduko du zuzenean eta Antxeta irratian (106.7 FM) asteazkenetan arratsaldeko 15:00etan entzun ahalko da saioa. Hala Bedik (107.4FM) ere saioa  emitituko du zuzenean, baina hamabostero.  Streaming bidez ere  entzun ahal izango da saioa NAIZ Irratiako atarian. Podcast plataformetan ere zabalduko da ’Etxerako Kunda’: Ivoox, Spotify, Google Podcast eta itunes-en.


 

Jaurlaritza Logoa