Zuzenean

Transkripzioa:
Ander:
Hamabi zati hiru berdin lau. 4 bider 11 berdin 44.
Ioar:
Gabon, Ander.
Ander:
44 ken 13 berdin 31. Gabon, Ioar... 31 bider 4 berdin 124.
Ioar:
Zertan ari zara?
Ander:
Matematika eragiketa sinple batzuk egiten.
Ioar:
Ezin zorrak garbitu?
Ander:Garbitu? Hara! Guk esaten dugu: zorrak ordaindu edo zorrak kitatu.
Ioar:
Zorrak kentzeko ari al zara zenbaketan?
Ander:
Ez, ez. Zor bakarra neukan, baina ez zen diruzkoa. Pentsa!, zorra zenik ere ez nekien; joan den astean jakin nuen, barkatu zidatenean.
Ioar:
Bakea, orduan.
Ander:
Bai, amore eman nuen. Eta... 124ri sei gehituz gero, 130.
Ioar:
Amore ematea al da bakeak egitea?
Ander:
Bai, noski. Eta... hiru garenez: 130 bider 3... denera 390. Kito. Osatu dut aurrekontua. Orain bota!: zertaz hitz egin nahi didazu?
Ioar:
Bazkari berezi bat daukagu bihar.
Ander:
Nork?
Ioar:
Atzerritarrek eta bertokoek elkarrekin bazkaltzeko hitzordua dugu. SOS Arrazakeria elkarteak antolatutako Bizilagunak izeneko programa da.
Ander:
Noiz hasi zen ekimen hori?
Ioar:
Hamar urte dira aurrenekoz egin zela. Hernanin sortu zen Bizilagunak programa.
AUDIOA - DAMIAN
Ander:
Nongoa da Damian Pedrosa, oraintxe mintzatu den gizona?
Ioar:
Argentinan diktadura militarra agintean zegoenean, errefuxiatu gisa heldu zen.
Ander:
Beraz, Bizilagunak programaren sortzaileetako bat da.
Ioar:
Gure herrietara bizitzera etortzen dira beste kultura batzuetako jendeak. Beti ez da erraza izaten bertakoekin elkarguneak topatzea.
Ander:
Bazkaria izan liteke, bai, batzuk eta besteak elkarrekin egoteko aitzakia ona.
Ioar:
Mahai baten inguruan uste baino osagai gehiago izaten dira. Jaki eta edari ezberdinak, platerak eta tresnak, zapiak eta saskiak, esertzeko ohiturak eta jateko moduak, mintzairak eta kantuak.
Ander:
Erritu guztien artean zaharrena izango ote da bazkaria?
Ioar:
Baietz esango nuke. Nolanahi dela, nire ustez, elkarrekin jatea baino topaketa sozial ederragorik ez dago.
Ander:
Halaxe da hemen eta munduan.
Ioar:
Bazkaltzean agertzen dira bakoitzaren kulturako forma aberatsetatik batzuk: jakiak prestatzea eta eskaintzea, alde batetik; eta, bestetik, solasean gertatzen diren komunikazio zeremoniak eta ideien trukeak.
Ander:
Erantzun asmakizun honi: “Bi pertsonen arteko distantzia egokiena... zein da?”.
Ioar:
Esan zuk.
Ander:
Bi pertsonen arteko distantzia egokiena... elkarrizketa da.
Ioar:
Esaldi inteligentea! Berdin-berdin esan dezakegu orduan: Bi pertsonen arteko distantzia egokiena jakiz betetako mahai bat da.
Ander:
Horrela segituz gero... bazkalostean... bi pertsonen arteko distantzia egokiena dantza da.
Kazetaria: Euskara jator askoan ari zara baina oker ez banago Damian zu ez zara hemengoa. Ez zara jatorriz Euskal Herrikoa:
AUDIOA - DAMIAN
Ioar:
Maitemindu egin zelako da euskalduna Pedrosa.
Ander:
Beste era batean adieraz liteke horixe bera.
Ioar:Nola?
Ander:
Elkarrizketaren distantzia eta dantzaren distantzia konbinatu zituelako da euskalduna.
Ioar:
Aizu, hori ez da gaurko gaia.
Ander:
Ados. Kontatu egidazu biharko bazkariak nolakoak izango diren.
Ioar:
Enkontru modu desberdinak izaten dira. Sinpleena da, herriko bi familia bazkaltzeko elkartzea: atzerritik etorritakoa bat, eta bertakoa bestea.
Ander:
Eta familia bakoitzak bere jakiak eramango ditu?
Ioar:
Hori da asmoa.
Ander:
Koranabirus pandemiaren garaian Bizilagunak programako bazkaririk ez zen izango.
Ioar:
Parkeetan eta zelaietan antolatu ziren.
Ander:
Ondo egina.
Ioar:
Ander... irrikatan nago zuri galdetzeko... Zera... Lehen prestatu duzun aurrekontu hori... zer egiteko da?
Ander:
Datorren asteburua Lapurdin pasatuko dugu. Bide batez, Angeluko Euphrate jatetxea probatu nahi du Itziarrek.
Ioar:
Zer jaten da?
Ander:
Ez dizut esango. Sorpresa da. Etorri nahi?
Epilogoa - Beti Ikasten
Ioar:
Zer ikasi dugu gaur?
Nola esan matematika eragiketak.
Ander:
Aditzen erroak baliatzen ditugu.
Batuketak egitean GEHI esaten dugu.
Kenketak egitean, KEN.
Biderketetan, BIDER.
Zatiketetan, ZATI.
Ioar:
BERDIN hitzak ekibalentzia adierazten du.
Eta honela egiten dugu:
5 gehi 5 berdin 10
9 ken 6 berdin 3
2 bider 2 berdin 4
14 zati 2 berdin 7
Hemen entzun dezakegu Damian Pedrosari egindako elkarrizketa osoa.


