Zuzenean

NAIZ irratia

[34] Panpi Sainte-Marie «Bost kilometrotan ahate guztiak hiltzen dituzte, gaixorik izan edo ez»

Hegazti gripea Ipar Euskal Herrira ere iritsi da. ELB sindikatuko Pampi Saint Mariek berretsi du Parisen aginduaren aurka, ez dituztela ahate sanoak hilko. «Gure modeloa mehatsatzen duen modelo industriala behar da borrokatu, garatzen uzten bada gure hiltzea ekarriko du».

Audio_placeholder

[34] Panpi Sainte-Marie «Bost kilometrotan ahate guztiak hiltzen dituzte, gaixorik izan edo ez»

Loading player...
La gripe aviar amenaza a las explotaciones avícolas para las que el departamento de Pirineos Atlánticos ha anunciado hoy ayudas. (Gaizka IROZ/AFP)
La gripe aviar amenaza a las explotaciones avícolas para las que el departamento de Pirineos Atlánticos ha anunciado hoy ayudas. (Gaizka IROZ/AFP)

Transkripzioa:

Ioar:
Egun on, Ander.

Ander:
Edozein ordutan esaten duzu egun on?

Ioar:
Horrela ikasi dut asteburuan. Behe Nafarroan eta Zuberoan egon naiz, eta han egun on! erraten zuten aldi oroz.

Ander:
Benetan ari zara?

Ioar:
Bai, eta badu logika apur bat. Guk egun on esaten dugunean, goizaz ari gara nagusiki; baina hitzak berak eguna adierazten du, oso-osoa alegia.

Ander:
Orain hobeki konprenitzen dut.

Ioar:
Egun on, beraz, Ander. Ongi?

Ander:
Egun on, Ioar. Zer egiten zenuen zuk eskualde horietan?

Ioar:
Asteburua pasatu dut han. Libertimendua bazen Baigorrin, eta maskaradak baziren Muskildin.

Ander:
Ikuskizun ederrak!

Ioar:
Asteburu polita igaro dut dantzarien, kantarien eta antzerkilarien artean.

Ander:
Baigorrira aurrena eta Muskildira ondoren..., ez duzu buelta txikia eman.

Ioar:
Landibarren egon naiz etxalde batean, Oztibarre eskualdean, Nafarroa Beherean, Garazi ondoan. Eta hortik, Baigorri eta Muskildi, biak hurbil izan ditut.

Ander:
Etxalde baten esan duzu?

Ioar:
Hori da. Panpi Saint Marie laborariaren etxaldean izan naiz. Euskal Herriko Laborarien Biltzarreko sindikalista eta laboraria da Panpi. Aspaldi honetan dituzten borrokak kontatu dizkit.

Ander:
Baserritarra esateko hitza da laboraria, ezta?

Ioar:
Bai.

Ander:
Eta ELB zer da, sindikatu bat?

AUDIOA - PANPI SAINT MARIE

Ioar:
Ahateen eritasunak gatazka iturri dira Iparraldean, barnealdeko etxaldeetan bereziki.

Ander:
Ahateak hazten dituzte baserrietan?

Ioar:
Batzuk patea edo foie egiteko, eta beste batzuk jateko. Zuk maite al duzu ahate konfita?

Ander:
Bai, niri gauza garesti horiek guztiak izugarri gustatzen zaizkit.

Ioar:
Garestiak dira jatetxeetako kontsumitzaileentzat. Baina kontuan hartu behar duzu makurra dela ahate hazleen jarduna.

Ander:
Zergatik diozu hori, Ioar? Lanean aritu zara Panpirekin?

Ioar:
Panpik kontatu dizkit azken aldian ahateen eritasunekin dituzten arazoak. Ahate guztiak hiltzera behartzen dituzte laborariak.

AUDIOA - PANPI SAINT MARIE

Ander:
Zerbait irakurri dut horretaz azken egunetan. Ez dakit egunkarian edo sare sozialetan izan den.

Ioar:
Laborariez gutxi akordatzen gara. Beharbada ahateez oroitzen gara maizago.

Ander:
Baserri atarietan egin izan dituzten herri harresiekin lotzen dut nik eritasunen kontu hori. Herritarrak, poliziei eta teknikariei aurre egiten.

Ioar:
Horixe kontatu zidan Panpik, nola kontra egiten dieten ahate guztiak hiltzeko aginduarekin datozenei.

Ander:
Istilu franko izaten ari da. Hango baserritarrak nahiko ausartak dira alde horretatik.

Ioar:
Izan beharko, bestela beraien haziendarik gabe geratzeko arriskua dute. Eritasunik izan gabe ere, ahate guztiak hiltzera behartzen dituzte.

Ander:
Eta injustizia horren aurrean, noski, protestak egiten dituzte laborariek. Kalteak ez baitira urriak izango.

Ioar:
Behe Nafarroan oro har, eta Zuberoan ere bai, bizirik dago laborantza. Etxalde txikiak dira. Eta laborariek bizimodu duina ateratzen dute urteetako lanari eta borrokari esker. Ahateena ere erresistentzia borroka bat da.

Ander:
Ahateen erresistentzia. George Orwell idazle ingelesaren Abereen etxaldea nobela etorri zait gogora.

Ioar:
Bai, baina hau gehiago da laborarien matxinada.

Ander:
Abereen aldeko matxinada, beraz.

Ioar:
Baigorriko libertimendua, Muskildiko maskaradak, etxaldeei buruzko Panpiren berriak..., halaxe, kontu kontari, oso azkar pasatu zait asteburua. Eta biziki emankorra izan da.

Ander:
Hara!, egia da: ez didazu deus kontatu libertimenduari eta maskaradari buruz.

Ioar:
Libertimenduan aipatu zuten ahateen kontu hau, eta horren ostean azaldu zizkidan Panpik beraien borrokak. Eskerrak aldamenean sindikalista bat neukan, ulertzen ez nituen istorioak argitzen.

Epilogoa - Beti Ikasten

Ander:
Zer ikasi dugu gaur?
Nola erabiltzen den ESKERRAK predikatua.
Solasaldiaren amaieran, azken esaldian, Ioarrek esan du:
—«Eskerrak aldamenean sindikalista bat neukan».

Ioar:
ESKERRAK predikatuak onartzen du -(E)LA osagarria ere:
Eskerrak aldamenean sindikalista bat neukala.
Ander:
Hirugarren forma bat ere badaukagu, NORI kasua baliaturik:
Eskerrak aldameneko sindikalistari.

Hemen entzun dezakezu ELBko Panpi Saint-Marieri egindako elkarrizketa osoa.

Jaurlaritza Logoa