Zuzenean

Naiz Irratia

Elkartasun bete maleta, Mendebaldeko Saharara bidean

Pandemiaren ondorioz haur sahararrek ezin izan dute udan Euskal Herrira etorri, eta horrek eragindako gabezia batzuei erantzuteko, material mordoarekin errefuxiatuen kanpalekuetara bidean jarri da 42 ibilgailuz osatutako karabana. Bertan doan Egoitz Luisarekin hitz egin dugu. 

Audio_placeholder

Elkartasun bete maleta, Mendebaldeko Saharara bidean

Loading player...
Errefuxiatuen kanpalekuetara bidean den lagun taldea. Argazkia @tolosaldeataria
Errefuxiatuen kanpalekuetara bidean den lagun taldea. Argazkia @tolosaldeataria

Udan gurera etorri ohi diren ume saharrarak kanpalekuetara maletak bete beteak dituztela itzuli ohi dira; botikak, eskolako materiala, janaria nahiz arropak eramaten dituzte. Baina pandemiaren ondorioz ez dira gurera etorri; eta horregatik sahararen aldeko hainbat elkartek bilketa egin dute azken hilabeteetan, eta gaurkoan material mordoa errefuxiatuen kanpalekuetarako bidean jarriko dute.

Egoitz Luisa da ibilgailu karabana horretan parte hartzen ari den kideetako bat: «Pandemiak sortu dituen gabeziei aurre egiteko modu bat da elkartasun keinu hau». Haur bakoitzari hainbat materialez betetako zorroa prestatu dio bere famili euskaldunak, eta hortaz gain eskolako materiala, edota botikak ere badaramatzate bertan diren bost kanpamenduetan banatzeko. 

Bi urtez etorri ezin izateak haurrengan eragin nabarmena duela azaldu du Luisak. Bi hilabeteko egonaldia desertuko egoera makurrenetik irtetea ahalbidetzen diela azaldu du, eta askok mediku azterketak egiteko ere probesten dutela. Horren faltan erabaki dute haurrak hona etorri ezin badute, eurak izatea elkartasuna bertaraino eramango dutenak.

'Oporrak Bakean' elkartearen baitan azken aspaldian onduz joan den keinua izan da; ez zuten «ezintasunean» geratzerik nahi, eta hauxe «aukera bideragarria» egin zitzaien. «Horrela sortzen dira elkartasun keinuak». Euren buruhausteak izan dituzte, ibilgailuak lortu, material bilketak antolatu… baina esfortzuak merezi izan duelakoan daude. 

 Egoeraren berri lehen eskutik

Tantaka iritsi da orain artean errefuxiatuen kanpalekuetan bizi den egoeraren berri. Luisak dio horretara ere badoazela, hango egoeraren berri lehen eskutik jasotzera. Oinarrizko gaiak eramateaz harago, beraz, errefuxiatu sahararren 40 urte baino gehiagoz bizi duten egoera salatu, eta Mendebaldeko Saharara itzultzeko duten eskubidea aldarrikatu eta horren alde lanean segitzen dutela ere aldarrikatu nahi dute ekimen hau bultzatu duten elkarteek.

 

Jaurlaritza Logoa