Zuzenean

Transkripzioa:
Ander:
Zer moduz zaude, Ioar?
Ioar:
Hainbestean, Ander.
Ander:
Egun txarra daukazu?
Ioar:
Lagun batek haurra galdu du. Bost hilabeteko zegoela gertatu da.
Ander:
Nahigabea sentitzen dut, hartu duzun disgustua ikusita.
Ioar:
Eskerrik asko. Pasatuko zait. Atsekabea ez da betiko izaten.
Ander:
Amaren doluari buruzko nobela bat argitaratu du Alaine Agirrek. Karena du izenburua. Nobelan idatzi dituen kontuei buruz mintzatu da irratian.
Ioar:
On egingo didala iruditzen al zaizu?
Ander:
Irratiaren webgunean entzun dezakegu elkarrizketa. Lagunduko dizut.
Ioar:
Nahiago nuke oso tristea ez izatea.
Ander:
Utzi egidazu pasarte txiki bat jar dezadan.
AUDIOA-1 | ALAINE AGIRRE
Ioar:
Amatasunaren alderdi asko tapatu, isildu edo ezkutatu egiten direla dioenean, arrazoi du. Ados nago Alaine Agirrerekin.
Ander:
Zuk uste duzu erromantizismo moduko batez begiratzen diogula ama izateari?
Ioar:
Dudarik gabe. Hainbestekoa izanik poza eta handia izanik ilusioa, ikuspegi motz bat sortzen dugu denon artean.
Ander:
Esan nahi duzu ama izateko prozesuan ezusteko mingotsak izan litezkeela, nahiz eta inork espero ez dituen.
Ioar:
Arazo larriak eta frakaso sentimenduak ez ditu inork kontatzen. Normala da.
Ander:
Gehienetan maitasuna eta zoriona nagusitzen dira. Baina bitartean izaten dira kezkak, beldurrak, oinazeak. Eta batzuetan okerrena gertatzen da.
Ioar:
Ez dakit gure lagunak nola gaindituko duen haurraren galera. Bere lehenbiziko haurdunaldia zuen. Eta gure kuadrillako aurreneko umea izango zen gainera. Zoritxarrak dena zapuztu du.
Ander:
Oraintxe bertan, jota egongo zarete. Jabetzen naiz. Dena den, zuek izango beharko duzue lagundu beharko diozuenak.
Ioar:
Badakit abortu asko izaten direla. Baina gazteak garenez, ematen du ezinezkoa dela guri halakorik pasatzea.
Ander:
Alaine Agirreren nobelako gaietako bat da mina ezin dela transferitu. Pertsonala da mina. Norberak baino ez daki zenbatekoa den sufrimendua.
Ioar:
Honi buruz patxadaz hitz egiteko premia neukan. Estimatzen dizut.
AUDIOA-2 | ALAINE AGIRRE
Ioar:
Zein da Alaineren liburuaren izenburua?
Ander:
Karena. Plazentari esaten diogu karena.
Ioar:
Erosi egingo dut.
Ander:
Nahi duzuna egizu. Baina jakinaren gainean ipini nahi zaitut orain ez dela irakurtzeko une egokia. Agian hilabete pare bat barru...
Ioar:
Zergatik?
Ander:
Kontakizun gordina da. Istorio gogorra. Sara izeneko neska batek ama izan nahi du. Aurrena intseminazio artifiziala egiten du. Ondoren, vitro bidezkoa.
Ioar:
Kasu kliniko luze bat da nobela?
Ander:
Protagonistak galdu egingo du haurra. Eta hildako umeaz erditu beharko du.
Ioar:
Ez dut irakurriko, ez. Orain ez.
Ander:
Gestazio doluaz ari den nobela bat dela esan dizut hasieratik.
Ioar:
Esan didazu, bai. Baina ez nuen espero gordintasun gradu hori edukiko zuenik. Ez dugu espero izaten, pentsa!, ezta fikzioan ere.
Ander:
Jendaurrean esaten ez diren gauzak fikzio baten bidez azaltzea errazagoa da. Horregatik izaten dira nobela eta film batzuetako kontakizunak latzak eta bortitzak.
Ioar:
Fikzio krudelenak ere eramangarriak dira errealitatearen aldean.
Ander:
Fikzioetako istorioak bukatu egiten dira liburu batean edo pelikula batean. Liburua ixtearekin batera atzean geratzen da konfliktoa. Edo zinema aretoko argiak pizten direnean...
Ioar:
Bai, argiak pizten direnean amaitu egiten da tragedia. Eta orduan egoera lasai batera igarotzen gara.
Ander:
Oraindik bada jendea, fikzioa hutsalkeria bat besterik ez dela uste duena.
Ioar:
Emadazu besarkada bat.
Ander:
Bai.
Ioar:
Eskerrik asko, berriro.
Epilogoa - Beti Ikasten
Ioar:
Zer ikasi dugu gaur?
Aditz subjuntiboa.
Anderrek esan du:
—«Utzi egidazu pasarte txiki bat jar dezadan».
Subjuntiboa erabili ordez, batzuetan sinplifikatu egiten dugu aditza:
—Utzi egidazu pasarte txiki bat jartzen.
Ander:
Ioarrek honela esan du:
—«Nahiago nuke oso tristea ez izatea».
Subjuntiboarekin honela izango litzateke:
—Nahiago nuke oso tristea izan ez dadin.
Ioar:
Hemen beste adibide batzuk:
—Dena txukun ipin dezaten eskatuko diet.
—Dena txukun ipintzeko eskatuko diet.
Ander:
—Beharrezkoa da lasai etor dadin.
—Beharrezkoa da lasai etortzea.
Hemen entzun dezakezu Alaine Agirreri egindako elkarrizketa.


