Zuzenean

NAIZ Irratia

«Berebiziko garrantzia du une honetan Osakidetza indartzea»

Euskal Herrian egoera epidemiologikoaren aldagai guztiek okerrera egin duten honetan, eta lehen aldiz Covid ziurtagiria lurralde guztietan indarrean izango dela, asteroko tertulia zientifikoan izan dira Izortze Santin eta Koldo Gartzia zientzialariak. Omikron aldaeraz ere azalpenak eman dituzte.

Audio_placeholder

«Berebiziko garrantzia du une honetan Osakidetza indartzea»

Loading player...
Osakidetzako langileak covid positibo bat artatzeko prestatzen, Donostian. (Gorka RUBIO / FOKU)
Osakidetzako langileak covid positibo bat artatzeko prestatzen, Donostian. (Gorka RUBIO / FOKU)

Asteak dira kutsatzeak pilatuz doazela. Osasun Larrialdi egoera indarrean da berriz ere EAEn, eta administrazio ezberdinek, neurri berriak dituzte mahai gainean 6. olatuari aurre egiteko. Baina egungo testuinguruan, egoerari buelta emateko neurri miragarririk ez dagoela dio Izortze Santinek, eta indarra osasun publikoan jarri behar dela, «berebiziko garrantzia du une honetan Osakidetzea indartzea».

Lurralde bakoitzeko osasun zerbitzu publikoei baliabide material eta humanoak eman ezean, zaila izango da kutsatze katea etetea, txertaketaren ondorioz kutsatze asko diagnostikatu gabe gelditzen direlako. Izan ere, inguruan positibo bat izan arren, txertatutakoek «bizitza normala egin dezakegu» Santinen esanetan «eta horrek ez du esan nahi kutsatuta ez gaudenik». Hain zuzen ere, Koldo Gartziak uste du, «birusa oso hedatuta dagoela» eta txertoek emandako «abantaila galtzen ari garela».

Omikron aldaera

Testuinguru honetan heldu da Omikron aldaera. Astebete eskasean alarma guztiak piztu diren arren, aditu asko zuhurtzia eskatzen dutenak. Omikronek pilatutako mutazioa kopurua handia da kezka iturri nagusia. «Normalean aldaera berri batean 6-7 mutazio izaten dira. Honek (Omikronek) 30etik gora ditu. Horrek ardura sortzen du» azaldu du Gartziak. Dena dela, nabarmendu du informazio gutxi dagoela eta «beste aste bat» itxaron beharko dela «benetako ondorioak zeintzuk diren jakiteko».

Hego Afrika izan zen aldaera topatu eta horren berri eman zuena. Eta nazioarteak, herrialdeari eta oro har Afrikako hegoaldeari bizkarra emanez erantzun du, ezarri zaien blokeak ondorioak dituelarik dagoeneko. Okerrena da, herrialde aberatsenek txertaketa mundu osora ez hedatzearen mehatxuaren berri zutela duela aspaldi.  «Ez gara konturatzen berekoiak izateagatik ere, tontoak ere izaten ari garela» nabarmendu du Santinek, «badirudi ez dugula ikasten. Herrialde aberatsetan errefortzu dosia ematera goaz 18 urtetik gorako pertsonei. Horrela goaz».