Zuzenean

Transkripzioa:
Ioar:
Egun on, Ander.
Ander:
Ona dago, giroaz ari bazara.
Ioar:
Hemen behintzat bai, badago giroa.
Ander:
Aspaldian hori esaten du mundu guztiak, giroa dagoela; baina nik ez dut antzematen.
Ioar:
Zer nahi duzu, jendea kalejiran ibiltzea, kalean gora, kalean behera?
Ander:
Parrandazaletzat hartzen nauzu beti.
Ioar:
Han eta hemen, nik sumatzen dut zerbait mugitzen ari dela.
Ander:
Zer sumatu duzu ba?
Ioar:
Jendea gauzak egiteko gogoz ikusten dut. Zuk ez?
Ander:
Zuk jakingo duzu non.
Ioar:
Esate baterako, nik asko begiratzen dut Trebiñu aldera. Han gertatzen direnak segitzen ditut.
Ander:
Trebiñu? Arabaz ari zara?
Ioar:
Naziogintzaren arloan izaten ari diren prozesu interesgarrienak han ikusten ditut nik.
Ander:
Zur eta lur utzi nauzu. Hobeto azaldu beharko didazu.
AUDIOA-1 | ARGANTZUN
Ioar:
Berezia da Trebiñuko egoera. Araba barruan dago geografikoki, baina politikoki ez. Arabarrak izan nahi dute administrazio aldetik, eta Euskal Herria geografikoki.
Ander:
Marka da, gero, oraindik horrela ibili beharra.
Ioar:
Gaztela eta Leongo administrazioaren ardurapean daudenez, trebiñarrak behin eta berriro Arabakoak izatea aldarrikatzen ari dira.
Ander:
Marrazkia ikusten dut. Hala ere, egia da oso gutxitan pentsatu dudala arazo horri buruz.
Ioar:
Legeari dagokionez Burgos probintziakoak izateak, baina berez Araba izan nahiak, traba asko sortu dizkie eguneroko bizitzan. Azkena, pandemia kontuetan.
Ander:
Zer ikusi du koronabirusak honetan guztian?
Ioar:
Bitxia badirudi ere, covid garaian Eusko Jaurlaritzaren aholkuak eta aginduak bete dituzte Trebiñun. Ez al da kontraesanari buelta ematea?
AUDIOA-2 | ARGANTZUN
Ander:
Orain gogoratu naiz. Joanda nago Araba Euskaraz batera. Eta uste dut Argantzunen ospatu zela. Oso ondo pasatu izanaren oroitzapena daukat.
Ioar:
Argantzungo ikastolarena da beste adibide on bat, hain zuzen ere.
Ander:
Zer gertatzen zaie?
Ioar:
Gaztela eta Leongo administraziopean Argantzungo ikastolak ez zuen laguntzarik jasotzen. Baina euskarazko eskolak eman arren, Eusko Jaurlaritzak ere ez zuen laguntzen.
Ander:
Harrituta utzi nauzu.
Ioar:
Horixe da gaurko Euskal Herria.
Ander:
Zer egin liteke horrelako egora baten aurrean?
Ioar:
Zuhurtziaz eta irudimenez jokatu.
Ander:
Zer egin dute?
Ioar:
Ikastola Arabako administrazioan legeztatu, hartara Eusko Jaurlaritzaren laguntzak jaso ahal ditzan.
Ander:
Desobedientzia ekintzatzat jo dezakete hori?
Ioar:
Legeaz baliatu besterik ez dira egin: administratiboki tokiz aldatu, euskaldun gisa funtzionatzeko. Ez al da zoragarria?
Ander:
Eta horrek ez du ondoriorik izan?
Ioar:
Bai, onerako.
Ander:
Argantzungo ikastolaren jokaldia... apuntatuta!
Ioar:
Esperientzia interesgarria da. Duela ia hogei urte sortu zen. 2003an 10-11 ikaslerekin hasi zen, eta gaur egun ia 60 ikasle dituzte.
Ander:
Etxera noa berehala. Mapan ondo kokatu behar dut Trebiñu, lagunekin asteburu-pasa joateko.
Ioar:
Egin kontu, guztira Trebiñuko konderrian 1.400 biztanle direla. Ikastolan 60 ikasle baldin badaude, 60 familia dira. Aintzakotzat hartzeko zenbakia da.
Ander:
Zein da han euskararen egoera?
Ioar:
Ikastolatik kalera atera dute hizkuntzaren afera. Euskara elkarte bat sortu zuten gurasoek, eta horrekin ari dira jo eta su!
Ander:
Eta politika aldetik?
Ioar:
Hor ere badago zer kontatuta. Gaztela eta Leongo administraziopean egonik, azken hauteskundeetan oso txikia izan zen parte hartzea. Eta ez hori bakarrik...
Ander:
Beste ezusteko bat eman behar didazu?
Ioar:
Abertzaleak dira nagusi Trebiñuko udaletan. EH Bilduk eta EAJk udal bana dute Gaztela eta Leongo administrazioan.
Ander:
Hamaika ikusteko jaioak gara!, benetan.
Epilogoa-Beti Ikasten
Ioar:
Zer ikasi dugu gaur?
-TZAT atzizkiaren erabilera.
Ander kexatu egin zait:
—«Parrandazaletzat hartzen nauzu beti».
Ander:
Neuk ere erabili dut, honela:
—«Desobedientzia ekintzatzat jo dezakete».
Ioar:
Hemen beste adibide batzuk:
—Aintzakotzat hartzeko zenbakia da.
—Zientzialari handitzat daukate Alemanian.
—Margolan bat emango dizute saritzat.
—Arropa erabiliak biltzea eskaini didate lantzat.
Hemen entzun dezakezue Argantzon herritarrekin egindako erreportajea.


