Zuzenean

Naiz Irratia
Elkarrizketa
UNAI PASCUAL
Ikerbasque Research-eko irakasle eta Klima Aldaketaren Euskal Zentroko kidea

«Emisioak %50 murriztu behar ditugu zortzi urtetan. Erronka izugarria da, iraultza bat»

Urriaren 31n hasiko da Glasgowen klima aldaketari aurre egiteko mugarria izan beharko lukeen COP26 nazioarteko gailurra. Gailurrok, orain arte behintzat, helburu eta neurrietan motz gelditzeagatik dira ezagunak. Gailurraren gakoen berri eman du NAIZ Irratian Ikerbasque-eko Unai Pascualek.

Audio_placeholder

«Emisioak %50 murriztu behar ditugu zortzi urtetan. Erronka izugarria da, iraultza bat»

Loading player...
Fabrika bat CO2 gasa isurtzen. Berotegi efektuaren eragile nagusia. (Greg BAKER/AFP)
Fabrika bat CO2 gasa isurtzen. Berotegi efektuaren eragile nagusia. (Greg BAKER/AFP)

Munduko begiradak Glasgoweko COP26 gailurrean jarriak izango dira urriaren 31tik azaroaren 12ra arte. Unai Pascual Ikerbasque Research-eko irakasle eta Klima Aldaketaren Euskal Zentroko kidea da. «Hamarkadak dira» Pascualen arabera zientzialariak aldaketa klimatikoaren arriskuez ohartarazten ari direla. Ez da nahikoa egin ordea, eta orain neurri ausartak eta historikoak hartzea aukera bakarra dela nabarmendu du Pascualek. «Emisioak %50 murriztu behar ditugu zortzi urtetan. Erronka izugarria da, iraultza moduko bat».

Gailurraren inguruko hainbat gako eskaini ditu Pascualek, zitaren garrantzia bera nabarmenduz. «Duela sei urte, Pariseko Akordioa sinatuta, adostu zen bost urtean behin herrialde guztiak etorri beharko zirela etxeko lanak eginda, konpromisoak beteta. Bost urte eta gero (sei kasu hontan, pandemia dela-eta) Glasgow dator».

Bertan, Ikerbasque Researcheko irakasleak azaldu duenez, bi gai nagusi izanen dira: aurretik aipatutako herrialdeen konpromisoa CO2 emisioak murrizteko eta finantziazioa. «Geopolitikoki oso akordio zaila da. Klima aldaketa mundu ekonomiarekin lotuta dagoen arazo bat da. Ekoizpen eta kontsumo sistema aldatuko dituen gaia da, honi aurre egin nahi baldin badiogu behintzat. Denek egin beharko dituzte etxeko lanak, baina herrialde txiroek esaten dute herrialde garatuek eragin dutela hein handi batetan arazoa eta ez eskatzeko besteei haiek bete ez dutena».

Kyotoko protokoloan herrialde ez garatuak kanpo utzi zituzten eta ez zituzten konpromiso horiek bete behar. Orain denek bete beharko dituzte. «Txiroek finantziazio iturri potentea eskatzen dute, 2009 urtean adostu zena. 100.000 milioi dolar herrialde garatuetatik ez garatuetara. Hori lortzetik urruti gaude», nabarmendu du Pascualek.

Konpromiso maila handitzeak duen garrantzia ikustarazteko bi datu eman ditu. «Pariseko gailurrean adostutako helburua lortzeko, mende honen amaieran tenperatura 1,5 gradu ez haztea, hamarkada honetan, 2030erako, munduaren deskarbonizazio maila %50ekoa izan behar da. Emisio guztien erdia zortzi urtetan erdira gutxitu behar da. Iraultza bat», adierazi du. Hori ez bada lortzen, «bi gradutatik ez pasatzeko, %30eko deskarbonizazioa beharko da. Zortzi urte Pariseko akordioa betetzeko», nabarmendu du.

«Herrialde guztiek jarri beharko dituzte oso plan zehatzak, horiek ezartzeko neurriak lege bidez eta zortzi urtetan bete. Horrek ematen digu neurriaren ideia bat. Zertarako? 2050ean karbono neutralitatea lortzeko», gehitu du.

Helburu horien garrantzia ere jarri du mahai gainean. «Dagoeneko 1,2 gradu igo da batezbeste planetaren tenperatura. Zer esan nahi du? Sukar puntu batekin gu gaizki sentitzen gara. Hortik gora, gero eta okerrago sentitzen gara eta 40rekin larrialdietara goaz. Tenperaturaren aldaketa planetan antzeko gauza da. Hau sintoma bat da. Zerbait gaizki doala eta klima sistema aldatzen ari dela, desoreka areagotzen ari dela. Lehorteak eta horrelako gertaerak. Eta gora doaz. Urtez urte gero eta gehio eta jendeak gero eta gehiago eta bortitzago pairatuko ditu. Kostaldean gehiago eragingo du, tenperatura altuko guneetan gehiago nabarituko da eta guri ere. Ur emariak aldatuko dira, ez dugu normalean izan dugun emari eredu hori. Batzuetan gehiegi eta beste batzuetan gutxiegi. Gure gizartea horrelako ondorioetara ohitu beharko da».

Pascualen iritziz bizi eredua «aldatu egin beharko dugu», izan ere, «orain artekoa espejismo bat izan da». Argi dauka hurrengo belaunaldiak «beste modu batean» biziko direla, «energia kontsumoa asko murriztu beharko da eta erregaiak berriztagarriak izan beharko dira. Iraultza soziologiko bat egon beharko da».

Jaurlaritza Logoa