Zuzenean

NAIZ irratia

[07] Eguraldiak izugarri baldintzatzen du ardoa

Audio_placeholder

[07] Eguraldiak izugarri baldintzatzen du ardoa

Loading player...
Ostatu upategiko mahastiak. (Raul BOGAJO / FOKU)
Ostatu upategiko mahastiak. (Raul BOGAJO / FOKU)

Transkripzioa:

Ander:
Egun on, Ioar.

Ioar:
Kaixo, Ander. Zer daramazu poltsa horretan?

Ander:
Bi txakolin botila.

Ioar:
Getariakoak?

Ander:
Getariakoa da bat: Ameztoi. Eta Zarautzen egindakoa bestea: Rezabal.

Ioar:
Ardo zuriak gustatzen al zaizkizu?

Ander:
Gorriak eta beltzak ere bai.

Ioar:
Txakolina egiten duten upategi asko al dago?

Ander:
Ez dakit zenbaki bat esaten. Gipuzkoan berrogei inguru, eta Bizkaian beste hainbeste: ia laurogei izan litezke denera.

Ioar:
Nafarroan eta Araban ez al daude?

Ander:
Badakit Araban bost bat txakolindegi badirela. Baina Nafarroan ez dakit. Zertara dator halako galdera parrasta?

Ioar:
Ohartuta zaude klima aldaketarekin oso kezkatuta nabilela. Lurrari eta landareei nola eragiten dien ikasten ari naiz.

Ander:
Horri buruz ezin dizut lagundu.

Ioar:
Euskal Herri osoan era askotako mahastiak daudenez eta ardo mota ezberdinak ditugunez, arduratuta nago eguraldiak nolako eragina daukan laborantza horretan.

Ander:
Eta zer jakin duzu?

Ioar:
Esate baterako, 2017an Arabako Errioxan izotzak gogor jo zuen, eta kalte handiak izan zituzten. Lau urte geroago, 2021eko ekainean, txingorra eta euri jasak izan ziren.

Ander:
Eta berriz ere kalteak?

Ioar:
Lapueblan eta Oionen bai. Uste dut milioi bat eta erdi euroko kaltea kalkulatu zutela aseguru etxeek.

Ander:
Beraz, aseguruak ordaintzen dituzte upategiek?

Ioar:
Batzuek bai. Halaxe kontatu du Maialen Miguel ardogileak. Samaniego herrian dagoen Ostatu upategikoa da Maialen Miguel.

AUDIOA-1 | MAIALEN MIGUEL

Ander:
Upategi horretara joan behar genuke egunen batean. Zer iruditzen?

Ioar:
Jauregi bat da Ostatu upategia, XVIII. mendekoa.

Ander:
Ezagutzen duzu orduan?

Ioar:
Ez naiz sekula izan. Baina badakit taberna moduko bat dutela, eta patio lasai bat ere bai. Hango dendan eros ditzakezu botila batzuk.

Ander:
Zer dira, merkeak ala garestiak?

Ioar:
Garestiena 45 euroko ardo beltz bat da. Baina ardo zuria ere egiten dute: Lore izena du; hamabost eurotan daukate.

Ander:
Merkeagoak izango dituzte!

Ioar:
Ostatu markarekin badaukate ardo zuri bat sei euro eta erdikoa.

Ander:
Konforme. Ostatu eta Lore, bina botila erosiko ditugu.

Ioar:
Ongi, baina erdi bana ordainduko dugu. Zu kapaz zara bi merkeak ordaintzeko, eta nire kontura uzteko bi garestiak.

Ander:
Ioar, mesedez!, ni ez naiz horrelakoa.

AUDIOA-2 | MAIALEN MIGUEL

Ioar:
Garaian garaiko eguraldia behar izaten dute lurrak eta landaretzak; eta berdin zomorroek eta, oro har, animalia guztiek.

Ander:
Halaxe da, bai. Eman dezagun ekainean euri asko eta asko egiten duela. Hezetasun gehiegizkoa txarra da, ekainean mahatsa hazten ari baita, eta mahastian gaixotasunak sortzeko arriskua handia da.

Ioar:
Eta fruitua hazten ari den garai horretan txingorra eginez gero, mahats mordoak apurtu egiten dira.

Ander:
Lurrak eta landareak asko zaindu behar dira urte osoan. Beti dago zeregina. Eguraldiaren arabera, mahastian lan bat edo beste bat egiten da.

Ioar:
Ez dakit klima aldaketarengatik den edo eguzkiaren indarra kanbiatu egin delako, baina entzunda daukat lehen irailean biltzen zela mahatsa, eta gaur egun ia urriaren hasten direla.

Ander:
Tira, urtero desberdin jardun behar izaten dute. Mahastian faktore ugarik dute eragina: hotz-beroa, euria, izotza, eguzkia, haizea, lurreko substantziak, zomorroak, inausketa, landarearen adina...

Ioar:
Enologo bat dirudizu.

Ander:
Amaren aldetik, baserritarrak dira aitona-amonak.

Ioar:
Baserria zutik al dago oraindik?

Ander:
Udako oporretan, nahi izanez gero, sanferminetara ordez, lanera joango gara.

Ioar:
Primeran!

Epilogoa - Beti ikasten

Ioar:
Zer ikasi dugu gaur?
Zenbaki eta diru kontu asko ibili ditugu solasaldian.

Adibidez, Anderrek esan du: —«Bina botila erosiko ditugu».
Horrek esan nahi du Anderrek bi botila erosiko dituela, eta nik beste bi.

-NA atzizkia ipintzen zaio zenbakiari: hiruna, launa, bosna, seina, hamarna, hamabina.

Ander:
-NA atzizkia erabiltzen da kiroletako markagailuan berdinketa adierazteko:
—«Zortzina doaz pilota partidan».
—«Nola bukatu da? Husna». Zero eta zero esan nahi du: HUTS eta -NA.
—«Bana egin dute Osasunak eta Alavesek». Hortaz: Osasunak bat, Alavesek bat.

Ioar:
Anderri esan diot: —«Erdi bana ordainduko ditugu Botilak».
Bion artean ordainduko ditugula adierazi dut: erdia berak eta beste erdia nik.

Hemen entzun dezakezue Maialen Migueli egindako elkarrizketa.

Jaurlaritza Logoa