Zuzenean

NAIZ Irratia

Arkaitz Rodriguez: «Batzuk errelatoaren batailan daude, gu elkarbizitzaren eraikuntzan gaude»

Adierazgarria izan da U18ko adierazpenak eragindako zurrunbiloa. Asmoa ez zen euskal politikagintzaren zutabeak astintzea, baina Rodriguezen hitzetan, baliteke ezker independentismoaren inguruan eraikitako hainbat harresi erauztea. Egoeraren irakurketa egin du Informazioaren Harian.   

Audio_placeholder

Arkaitz Rodriguez: «Batzuk errelatoaren batailan daude, gu elkarbizitzaren eraikuntzan gaude»

Loading player...

Lehentasuna argia da Sortuko idazkari nagusiarentzat: «Presoak behingoz kalera atera behar dira». Gogoratu du Aieteko bide-orriak garbi uzten duela ez dagoela gatazkaren konponbiderik espetxeetan ehunka preso politiko dagoen artean; «horri soluzio bat eman behar zaio. Dagoeneko gehiegi luzatu da». Jakitun dira, halaber, presoei egindako ongietorriek samina eragin dezaketela ETAko biktima izan direnen artean; oroitu du aspaldikoa dela hausnarketa eta erabakia ezker abertzalean ongietorriak modu batean egin zitezen hori saihesteko, eta argi du horien erabilpena ere: «Batzuk errelatoaren batailan sartuta daude, beste batzuk elkarbizitzaren eraikuntzan sartuta gauden bitartean». Zentzu horretan, azpimarratu du 25 preso atera direla aurten espetxetik, eta haietako bik izan dutela oihartzun mediatiko eta politikoa; ez da kasualitatea izan, «batzuek horretarako interesa izan dutelako» izan dute sona, Rodriguezen hitzetan. 

Zehaztu du, edonola ere, ez dietela entzungor egiten Aieteko adierazpenean jasotakoei eta ongietorriak modu pribatuan egiteko eskaria egiten duten biktimei.    

Izan ere, «ezker independentismoak konpromiso sendoa» hartu zuen Aieteko premisekin duela 10 urte, Sortuko idazkari nagusiak astelehen honetan Informazioaren Harian nabarmendu duenez; bere hirugarren atalean zioen aitortu eta erreparatu beharra zeudela gatazkaren fase armatuak utzitako biktimak, «guztiak»; eta horixe da egin dutena: urteurrena baliatu «biktimen erreparazioan urratsa emateko».

Positiboan baloratzen du Urriaren 18ko Adierazpenak izan duen irismena eta sakonera. Gehien asebete dituztenak ETAko biktimen aldetik izan diren adierazpenak dira, baina beste muturrean, «ulergaitzak» eta «mingarriak» zaizkie EAJtik, eta bereziki Iñigo Urkullu EAEko lehendakariaren ahotik entzundakoak: «Ez dugu ulertzen nola den posible adierazpenarekin haserre agertzea, eta are ulergaitzago PP, Cs edo Voxekin bat egitea». Badirudi, Rodriguezek dioenez, kezkatuago daudela adierazpen horrek etorkizunean zabaldu ditzakeen eszenatokiekin: «EAJren eskaera, hausnarketa eta exijentzia guztiak instrumentalak izan dira orain arte, kalkulu elektoral eta politiko hutsa da? Kezkagarria da benetan». Kalkulu elektoralak alde batera utzi eta adierazpenak sortu duen pozarekin bat egiteko eskatu die Rodriguezek jeltzaleei.       

Aurrera begira, eszenatoki berriak

Aurreko asteko gertaerek baliteke euskal politikagintzan aldaketa sakonak eragitea. Ez zen adierazpenaren asmoa, Sortuko idazkari nagusiak aurreratu duenez, baina «posible da hainbat hamarkadatan ezker independentismoaren inguruan altxatako harresi eta lubakiak erortzea».  

Ildo horretan, ezinbesteko ikusten du gatazka politikoari erantzuna ematea, gatazkaren erroetara joatea. Horregatik uste du «ulertezina» dela Urkulluk biktima batzuk bai, baina besteak aipatu ere ez egitea. «Denek erabili dute biolentzia, ETAk, Estatuak... ETAk eta ezker abertzaleak onartu dute biolentziaren eta sufrimenduaren ardura. Horren kontrara, Estatuaren biolentzia babestu duten horiek ez dute gisa bereko adierazpenik egin; eta gainera, badago alde bat, mingarriena: hemen batzuek ordaindu dute euren erantzukizuna. Zenbat ordaindu dute Estatuaren estrategia errepresiboa sustatu duten arduradun politiko nagusiek? Zero. Hori da une honetan gauzarik mingarriena». Horrek erakusten du gatazka politikoa konpondu gabe dagoela Rodriguezen esanetan.   

‘Bateragune auzia’

Sei urte pasatxoz espetxean egoina da Rodriguez ‘Bateragune auzia’ tarteko. Orain berriz epaitu nahi dituzte. Berak dio ezin dela ahaztu bakeari bidea zabaltzeagatik atxilotu eta kartzelaratu zituztela, eta horregatik «eskandalua» dela epaiketa berri hau. «Epaiketa ezin da egin Zuzenbidearen oinarrizko printzipioa den non bis in idem urratzen delako, inor ezin daitekeelako epaitua izan eta zigortua bitan gauza beragatik. Ezin da epaiketa egin ezin delako inor epaitu bakea eraiki nahi izateagatik». 

Euren ustez «Estatu sakona» dago horren atzean, «indartsu» segitzen dute 78ko erregimenaren indarrek, eta arazoaren muina «gaizki deituriko trantsizio hartan» dago. 

Jaurlaritza Logoa