Zuzenean

Amaia Zurutuza-Hegoi Belategi
Elkarrizketa
Oihana Torrealdea
Haurrak ere Bai sareko kidea

«Pandemian zehar hartutako erabakiek haurtzaroarekiko begirune falta itzela izan dute»

EAEko LHko ikasleek uneoro musukoa jantzita eramateko erabakia «aldatu arte» lanean jarraituko dutela ziurtatu du Oihana Torrealdea Haurrak ere Bai sareko kideak. Lakuak haurrak txertatuak ez daudela aipatu izan du. Argudio hori ez du onartzen Torrealdeak, «haurrek ez dute aukerarik txertatzeko».

Audio_placeholder

«Pandemian zehar hartutako erabakiek haurtzaroarekiko begirune falta itzela izan dute»

Loading player...
Musukoa eramateko arauaren aurka  egindako eserialdia. (Haurrak Ere Bai)
Musukoa eramateko arauaren aurka egindako eserialdia. (Haurrak Ere Bai)

Hautsak harrotu ditu Lakuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeentzat egindako protokolo berriak, bereziki Lehen Hezkuntzako ikasleek uneoro musukoa jantzita eramateko derrigortasuna, espazio irekietan bada ere. Halako erabakiek haurrekiko azken hilotan izandako utzikeria agerian uzten dutela gaitzetsi du Oihana Torrealdea, Haurrak ere Bai sareko kideak, «Pandemian zehar hartutako erabakiek haurtzaroarekiko begirune falta itzela izan dute. Ez dute haurren ongizatea modu integralean kontuan hartu».

Urriaren 13an, Lakuako bozeramaile Bingen Zupiriak argudiatu zuenez, haurrek txertorik hartu ez dutelako musukoaren derrigortasuna mantentzea erabaki dute. «Ez gaude ados baieztapen honekin» azaldu du Torrealdeak, «nagusiok kalean egon gaitezke musukorik gabe eta baldintza bakarra 1,5 metroko distantzia mantentzea da. Inork ez digu txertatua izatearen baldintza jarri» gaineratu du. Bestalde, neurria nolabait kontraesankorra ere bada Haurrak ere Bai sareko kideak ondorioztatu duenez, «eskolako testuingurutik kanpo, parkeetan edo plazetan musukorik gabe egoteko aukera duten momentu honetan, zergatik eraman behar dute musukoa eskolan espazio irekietan eta gorputz hezkuntzan?»

Hezkuntza komunitatearen babesa

Zentzugabeko neurria delakoan, hura «aldatu arte» lanean jarraituko dutela hitz eman dute saretik. Haurren eskubideen defentsan, bidea egiten ari da Haurrak Ere Bai sarea; eta bide horretan gero eta babes handiagoa jasotzen ari dira. Dagoeneko Euskal Herriko 50 bat ikastetxeetan antolatzen hasiak baitira musukoaren erabateko derrigortasuna bertan behera gelditzeko. «Pozgarria da» Torrealdearen arabera, «hainbat su txiki pizten ari direla». Sareko kide honek hezkuntza komunitatetik jasotzen ari diren babesa nabarmendu du, besteak beste Steilas sindikatuarena edota Ikastolen Elkartearena.

Jaurlaritza Logoa