Zuzenean
Zaila izan da gazteen egoera pandemian zehar, gizarte osoak bezala pairatu dituztelako izurriaren ondorio sozialak, baina gutxitan galdetu zaie haien beharrez eta egoeraz. Azkenaldian gainera, salbuespenik gabe kriminalizatuak izan dira kale-edanean dabiltzala argudiatuta. Hori gutxi ez, eta gaixotasunaren ondorioz beldur ez izatea ere egotzi zaie, ezta haien ingurukoak kutsatzeko beldur ere ez.
Aurreiritzi hauek, gazteek sentitzen duten presioa handitu baino ez dute egin, eta horrek euren osasun mentalean eragin zuzena izan duela ondorioztatu du Gazteen Euskal Behatokiak argitaratutako 'Gazteak eta Pandemia, Begirada Adituak' ikerketak. Ikerketa honek kontsumo ohiturak, sexualitatearen garapena, pantailekiko lotura eta abar luze bat aztertu ditu, 29 puntutan sakonduta.
Ikerketaren ondorioetan sakontzen laguntzeko, azalpenak eman dituzte Miren Bilbao eta Oskar Longo Gazteen Euskal Behatokiko kideek.
Baina gazteei buruz hitz egin baino lehen, gazteak entzutea komeni delako Donostiako EHUko campusera jo du Naiz Irratiak. Bertan unibertsitateko ikasle batzuk elkarrizketatu ditu eta guztiek ondorioztatu dute pandemia «oso gogorra» izan dela.
Antsietate eta beldurraz gain, elikadura jokabideen nahasmenduak gero eta hurbilago bizi dituztela ohartarazi dute inkestatutako gazteek: «Inguruko jendea anorexia edo bulimia bezalako arazoekin hasi da eta oso gogorra da. Azkenean, etxean sartuta egon garelako eta zure bizitza normalean fijatzen ez zinen gauza batzuetan hasten zara fijatzen agian».
Ez da harritzekoa inguruko eta norberarengan gero eta gaitz psikologiko gehiago atzematea. Izan ere, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du, 2019az geroztik, hirukoiztu egin direla elikaduraren nahasmenduarekin lotutako gaixotasunak.
Itxialdiaren ostean, bosgarren olatuan, gazteriari egindako kriminalizazioaz galdetzean elkarrizketatuetako batek azaldu du oso «bidegabea» izan dela «gizarte oso baten akats guztiak gazteengan jartzea».
Baieztapen hau xehetasun handiagoaz aztertuz, Longok zehaztu du txostenerako kontsultatutako 29 adituetatik gehien gehienek gazteen ikuspegi «nolabait positiboa» eman dutela. Hortaz, gizartetik baino, gazteen kriminalizazioa komunikabideetatik zabaldu dela ondorioztatu du Gazteen Euskal Behatokiko kideak.
Belaunaldien arteko komunikazio faltak, bestalde, «defentsa moduan» gazteak «are gehiago harremantzea» eragin duela uste du inkestatuetako batek.
Arazo afektiboetatik prekarietatera
Hori horrela, txostenean ateratako ondorio nagusienetako bat gazteen arteko harreman eza izan da. Konklusio hori osasun mentalarekin lotu dute behatokiko kideek zuzenean, batez ere nerabeen kasuan. «Behar afektibo eta sexualak dituzte. Horrek beste adin tarte batzuetan ez dauden arazoak [psikologikoak] ekarri dizkie», azaldu du Longok. Arazo horien artean, antsietatea eta depresiorantz bideratutako tristura bereizten dira.
Bilbaok ekonomia eta prekarietatea ere izan ditu hizpide. Izan ere, praktiken faltak, ezegonkortasun ekonomikoak, alokairu garestiek, aldi baterako enplegu-erregulazio espedienteek eta beste abar askok lehendik zeuden arazoak «azaleratu» dituztela nabarmendu du Bilbaok.