Zuzenean

Eli Pagola
Elkarrizketa
Jon Kortajarena
Garbitania enpresa publikoa

«2020rako Estatu bakoitzak %50 birziklatu behar zuen pertsonako, baina hemen ez da bete»

Zaborra sortu, sortu dugu, eta hondakinak daramagun bizitzaren erakusle bikaina dira. Europak 2020rako jarritako helburuak apenas lortu dira, salbuespenak badaude: atez ateko sistema martxan duten herriak. Gelditu Makinak 5. saioan Jon Kortajarena izan dugu gonbidatu, Garbitaniako kidea.

Audio_placeholder

«2020rako Estatu bakoitzak %50 birziklatu behar zuen pertsonako, baina hemen ez da bete»

Loading player...
Europako Batasunak erabiltzen dituen materialen %12 besterik ez du birziklatzen. (Christophe ARCHAMBAULT/AFP)
Europako Batasunak erabiltzen dituen materialen %12 besterik ez du birziklatzen. (Christophe ARCHAMBAULT/AFP)

Zenbat hondakin sortzen dugu?

Datu ofizialak publikoak dira, baina lurraldeka ditugu datuak. Nafarroan azken datu ofizialen arabera, hondakin gehienak eraikuntza hondakinak dira, %63. Etxeetako hondakinak oso txikiak dira %8. Nafarroako beste datu esanguratsu bat da, zabortegira, hiri hondkainen %54 bideratu egiten dela. Ipar Euskal Herriari dagokionez, zenbaki bat ematearren, biztanle bakoitzak 291 kilo hondakin sortzen ditu urte oso batean eta gaika sailkatu dutena, datu ofizialen arabera betiere, %23 da. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko datuek diote 544 kilo hondakin sortzen direla pertsonako eta horietatik gutxienez %55 (299kg) erre egiten dira edo zabortegira bideratu egiten dira.

Baina datu horiek zer dira, asko edo gutxi? Nola ulertu behar ditugu?

Esanguratsua da erretzera edo zabortegira bideratzen den hondakin kopurua, oso altua da. 2021ean gaude, eta oraindik, pertsona batek urte bakar batean sortutako 280 kilo zabortegira bidaltzea tristea da, oso altua baita.

Hondakinak biltzeko zenbait eredu badaude, egingo al zeniguke sailkapen txiki bat?

Hondakinak kudeatzeko administrazio bakoitzak bere ereduak jartzen ditu martxan, helburuaren arabera sistema ezberdinak daude. Kontuan hartu behar da bilketa sistema ezberdinak daudela eta gero bildutako hori tratatzeko modu ezberdinak daudela. Denok dakigu hondakin onena dela sortzen ez dena, eta sortzen bada, birziklagarria izan dadila. Gero beste kontu bat da birziklagarriak diren horiek sailkatzea. Hasieratik ongi sailkatzen bada gero errezagoa da dena.

Kontenedore bidezko sistemak daude. Hemen Gipuzkoan martxan jarri direnak adibidez, kontenedore irekiak dira. Beste batzuk itxiak dira txartel elektronikoarekin. Kontenedoreak lurrazpian ere jar daitezke. Adibidez, Gasteizen bada sistema bat non lurrazpiko hodi-sistema baten bitartez tratamendu plantara bideratzen diren hondakinak. Horretaz aparte, atez ateko bilketa sistema ezberdinak daude, edo kontenedore eta atez ateko sistema mistoa.  Bakoitzak bere emaitzak ditu, baina laburtuta horiek dira sistemak. Hori bai, kontuan izan hondakinak gero eta edukiontzi txikiagoan jaso orduan eta kalitate hobea izango dutela, eta arazo gutxiago egongo dela hurrengo urratsetan. Klabea da gaika ahalik eta gehien jasotzea eta ahalik eta kalitate onenean jasotzea. Ondoren bereizi ahal izateko eta azkenik, birziklatu. 

Sistemak eta ereduak aipatu ditugu, baina zer dio legeak?

Azpimarratu behar da Europan gaudenez, lehenik eta behin, Europako zuzentarauek markatzen dituztela eman beharreko urratsak. Europa gero eta zorrotzagoa da, kontziente dira arazo larria dagoela eta azkeneko direktibek markatzen dute, adibidez, 2020rako Estatu bakoitzak %50 birziklatu behar zuela. Hemen ez da bete. 2025erako %55ean dago langa, 2030ean %60, eta 2035ean %65. Europak markatutako helburu horiek Estatu bakoitzak bere legedian islatu egiten ditu. Gero Udalak indarrean jarri behar ditu ordenantzak eta helburu horiek lortzeko administrazioak ekintzak egin beharko ditu. Beste zenbait ekintza edo betebehar exigitzen zaizkie ere estatuei. Adibidez, espainiar Estatuan: indarrean dagoen hondakin organikoak gaika biltzeko ezinbesteko obligazioa. 2024tik aurrera, udalerri guztiek gaika bildu beharko dute. Nafarroan, adibidez, hondakin legea badago eta helburua da organikoa %65 iristea eta errefusa %35 murriztea.

Garbitaniak Usurbil, Hernani eta Astigarraga kudeatzen ditu. Zein dira datuak?

Garbitania duela 11 sortu zen 3 udalen artean, beraz enpresa publikoa gara, irabazi nahirik gabeko enpresa bat. Zero Zabor filosofia jarraitzen dugu eta atez ateko sistema eragiten dugu Hernani eta Usurbilen. Duela hiru hilabete Astigarragako enpresa industrialean hasi gara lanean. Gure helburua da bilketa efiziente bat egitea, hondakinak gaika sailkatzea eta erretzera ahalik eta gutxien bidaltzea. Udaletxeen prententsio planak egiten ditugu, eta zorionez udal hauek badakite zein den bidea.

Datuei dagokienez, Usurbilen %86 bildu zen gaika, Hernanin %82, 20.000 biztanleko hiri batean. Zabortegira edo erretzera bideratu dena oso datu tixkia da, Usurbilen 60 kilo pertsonako eta Hernanin, 68. Europar direktibek jarritako helbura bi herri hauek lortu zuten 2010ean, eta 2020an hobetu egin dute. Kopurua ona da, baina kalitatea ere azpimarratu behar da. Kalitateko materiak jasotzen badira, gero errazagoa da birziklatzea. Kontainer handietan desegokiak diren materialak daude eta horrek zailtasunak ekartzen ditu. Atez ateko bilketa sistemak egin duena da oso kalitate oneko materiala jasotzea, lortutako konposta ere oso ona da, nekazariek asko maite dute.

Eremu zabalean zabiltzate lanean. Oro har, hondakinekin, zer dugu hobetzeko?

Asko dugu hobetzeko. Kontziente gara itsasoan dagoen kutsasuraz, edo tratemenedu ezberdinek airean sortzen duten kutsaduraz. Hondakin elektronikoekin sortzen ari den arazoa, adibidez: beste lurraldeetara bideratzen, handik itsasora doaz, handik arrainetara....Helburuak bete nahi dituzte, baina helburuak betetzea zaila da. Hala ere, gauzak egin daitezke. Lehenik eta behin, gutxiago sortu. Hondakinak ez sortzea eta sortzen diren horiek birziklagarriak izatea. Horretaz aparte, birziklagarriak direnak saikatu behar dira, eta arazoak sortzen dituzten materialekin...ba argi dago lagundu behar dela horiek birziklatzen eta administrazioek ekintzak eta plangintzak jarri behar dituztela martxan hori dena hobetzeko. Teknologiak marxan jarri behar dira, berrerabilpena sustatu, eta gero, norbanakoari gelditzen zaiguna egitea da: erosketa kontziente bat, eta gaikako sailkapenean parte hartzea. Baina administrazioek eta estatuek indarrean jartzen dituzten legeak errealitate bihurtu behar dira.

Jaurlaritza Logoa