Zuzenean

Naiz Irratia

«Europatik kanpo mantendu nahi dituzte eta eskubide urraketak dira horren prezio nagusi»

Italiak edo Maltak lehorreratzeko baimena noiz emango zain daude Aita Mariko lagunak. 105 lagun erreskatatu zituzten eta Iñigo Mijangosek ontzitik esan digunez «itxaron» beste aukerarik ez dute. Europaren jokabidea salatu du, «interes politikoak lehenesten dituelako giza eskubideak babestu ordez».

Audio_placeholder

«Europatik kanpo mantendu nahi dituzte eta eskubide urraketak dira horren prezio nagusi»

Loading player...
Un rescate anterior del Aita Mari en aguas de Libia. (SALVAMENTO MARÍTIMO HUMANITARIO)
Un rescate anterior del Aita Mari en aguas de Libia. (SALVAMENTO MARÍTIMO HUMANITARIO)

Portu seguruan noiz lehorreratu zain dago Aita Mari ontzia. 105 lagun erreskatatu zituen Mediterraneoko uretatik eta momentuz Maltak eta Italiak ez die euren portuetan sartzeko baimenik eman. Beti jokabide hori izaten dutela argitu digu Iñigo Mijangosek, Aita Mariko lehen ofizialak eta ontziaren kudeatzailea den Itsas Salbamendu Humanitario GKEko presidenteak. Espainiar Estatura joateko esan diete bi herrialde hauek, baina aukera guztiak zabalik dituzte eta portu segurua eskatu diete.

Azken orduetan egoera antzekoan dago 'Sea Watch 3' erreskate ontzia. 412 pertsona erreskatatu ditu sei ontzitatik. Aita Mariren erreskateari dagokionez, «ontzia noraezean ikusi, Italia eta Maltari horren berri eman eta hauek ezer ez zutela egingo jakitean erreskateari ekin genion», kontatu du.

Erreskataturiko lagunak ongi daude Mijangosen aburuz, gose eta nekatuta orokorrean. Porturatzea asko atzeratzen bada egoera okertu daitekeela uste du. Izan ere, egoera zalantzati horrek bueltan Libiara itzuliko dituztenaren mamua hauspotzen du eta estres zein arazo psikologikoak azalerazi daitezke.

Itxarotea dagokie orain, energia administratu eta atseden hartzea.

Aita Mariko kidearen esanetan, Mediterraneoan «zaharrak berri» dira. Gainera, 2015etik hona gertatzen ari dena ez da hedabideetan azaltzen eta horrek egoera okertu du. «Libiako erretentzio zentruetan baldintza txarretan izaten dituzte, diruaren truke askatu. Torturatu, tratu txarrak eman, bortxatu... denetarik egiten diete eta Europa dute amets, bizi hobea. Europak giza eskubideen urraketa horri erantzun ordez, mugak itxi eta Libiako kostazainak finantzatzen dituzte, hauek itzulketa beroa eta ilegalak eginez. Europatik kanpo mantendu nahi dituzte eta eskubide urraketak dira horren prezio nagusi», salatu du.

 

 

 

Jaurlaritza Logoa