Elkarrizketa
Jon Irisarri
Txirrindularia

«Oso pozik nago txirrindularitzan egindako ibilbidearekin, ez nuke ezer aldatuko»

Jon Irisarrik (Leaburu, 1995) txirrindulari profesional izateari utzi dio, bost urtez Caja Rural-RGA talde profesionalean izan ondoren. Hamahiru urtez txirrindularitzari lotuta egon da, eta NAIZ Irratian azaldu duenez, ez zuen lehengo ilusio bera lehiatzen jarraitzeko.

Audio_placeholder

Jon Irisarrik txirrindularitza profesionala uzteko erabakia hartu du.

Loading player...
(Gorka RUBIO/FOKU)
(Gorka RUBIO/FOKU)

Bost urteren ostean, txirrindularitza profesionala uzteko erabakia hartu duzu. Pentsatzen dut hainbat faktoreren ondorioz hartu duzula erabakia, baina zein izan da arrazoi nagusia?

Ez da egun batetik bestera hartzen den erabakia. Urte batzuk eman ditut profesionaletan, eta urtetik urtera ikusi dut ilusioa galtzen joan naizela, ametsik gabe geratu naizela txirrindularitzan aurrera jarraitzeko. Uzteko erabakia hartu dut, eta beste gauza batzuk egingo ditut. Hainbeste eman didan kirola uztea ez da erraza, baina aldi berean ilusioa ematen zidan bukaera ematea.

Aipatu duzun bezala, asko pentsatutako erabakia da. 

Bai, urte asko daramatzat txirrindularitzan, nire bizitza izan da azkeneko hamahiru urteetan. Beste ezer egin gabe, txirrindularitzan zentratu naiz. Oso zaila izan da beraz sentimendu horretatik erabakia hartzea.

Erabaki horiek hartzen direnean, pentsatzen dut erraza dela iritzia aldatzea. Hau da, dagoeneko erabakia hartuta izatea eta egun batean esnatu jarraitzeko gogoarekin.

Benetan erabakia hartu arte asko pasatzen da. Lehenengo zuk pentsatzen duzu eta gero norbaiti komentatzen diozu. Aurrera joan ahala, gero eta gertuago ikusten duzu. Lasterketetan zure burua kanpoan ikusten duzu eta iristen da momentu bat non ikusten duzun zure buruak hau eskatzen dizula.

Ez zara bakarra izan, besteak beste, Xabier Murias eta Mikel Alonsok ere txirrindularitza uzteko erabakia hartu dute. Zergatik uste duzu hartu dutela erabaki hori? Zure arrazoi antzekoengatik edo bakoitzak bere arrazoiak izango ditu?

Nik uste bakoitzak bere arrazoiak dauzkala. Baina, azkenean, denok dakigu txirrindularitza kirol zorrotza dela, eta nik uste gogo asko eta ilusio asko izan behar duzula, eta buruz oso indartsu egon behar zarela, horretan aritzeko. 

Txirrindularitza profesionala utzi bai, baina bizikleta alde batera utziko duzu?

Azkenean gorputzak berak eskatu egiten dizu. Orain, egia esan, beste kirol batzuk egiteko gogoa daukat. Guk ezin dugu txirrindularitza ez den beste kirolak egin, orain aprobatxatzen dut padelean jokatzeko, mendira joateko… beste kirol mota bat egin, baina zerbait egin, zeren gorputza oso ohituta dago kirola egitera eta bat-batean gelditzen zarenean, hasteko digestioa ez duzu ongi egiten. Txorakeri bat ematen du, baina garrantzitsuak dira horrelak gauzak.

Zure ibilbide profesionalarekin asebeteta sentitzen zara edo baduzu arantzaren bat hor nonbait?

Arantza bakarra geratuko zait, zerbait esateagatik. Urte honetan ezin izan dut Espainiako Vueltan  parte hartu. Ahalko nuela uste nuen, baina azkenean ez nuen lortu selekzioan sartzea eta pixkat pena ematen dit. Baina ez da mundua amaituko. Oso pozik nago egindako ibilbidearekin, ez nuke ezer aldatuko. Azkenean, hau naiz ni eta neukan guztia eman dut.

Caja Ruralean eman dituzu azken urte guzti hauek. Nola baloratu zenuke zure egonaldia taldean?

Egia esan, taldea oso ondo portatu da nirekin. Beraiek igo zidaten profesionaletara eta beraiek mantendu zidaten. Egia da urte bat txarra izan nuela, eroriko asko izan nituen. Hala ere,  kontratua berritzea lortu nuen. Beraiek beste aukera eman zidaten. Azkenean, txirrindularitza profesionalean urte bat txarra egin ondoren, zaila izaten da berritzea. Baina niri oso ongi tratatu ninduten, etxekoa banintz bezala, eta Caja Ruralari buruz ez daukat hitz txarrik, esker oneko hitzak dauzkat soilik.

Orain arte zurekin izan da taldean Oier Lazkano. Dagoeneko eman du jauzia World Tourrera eta Movistar taldearekin arituko da datozen hiru urteetan behintzat. Nola ikusten duzu?

Oier «portento» bat da, txirrindulari indartsua da eta aurten kriston denboraldi amaiera egin du, Portugaleko Itzulia etapa bat irabaziz… Egia esan, Movistar talderako txirrindulari ona dela uste dut, tiraka jartzen baduzu edo taldekideei laguntzen oso ona delako, edozein ihesaldi edo klasikoetan ondo ibiliko da. Nik uste dut Movistarrek asmatu duela Oier fitxatzen, eta Oierrentzako leku ezinhobea dela Movistar.

Zalantzarik gabe, txirrindularitzak sakrifizio asko eskatzen du. Zer kendu dizu eta zer eman dizu txirrindularitzak?

Gauza asko eman dizkit, baina gauza asko kendu dizkit ere. Lagun mordoak eman dizkit mundu osoan zehar, leku asko ezagutu ditut eta balore asko eman dizkit ere. Langilea izan behar duzu, nahiz eta emaitza onak izan. Gauza txiki asko egin behar dituzu ondo, emaitza handiak lortzeko. Baina gauzak ere kendu dizkit: lagunekin egotea, neskarekin edo familiarekin denbora pasatzea… etxetik kanpo ere denbora pasa dut eta etxeko goxotasun hori kentzen dizu. Baina gauza gehiago eman dizkit kendu baino, zalantzarik gabe.

Bost urte hauetan, momenturen bat nabarmenduko zenuke bereziki?

Momentu txarrak dauzkat buruan, baina nik uste onenekin gelditu behar naizela. Profesionaletara igo nintzen unea onena izan zen. Urte asko eman ditut borrokatzen, gazte, haur eta kadeteetan, baita zale bezala ere. Nire ametsa profesionala izatea zen, ez lasterketa bat irabaztea, baizik eta profesionala izatea. Lortu nuenean, niretzako izugarria izan zen. Egia bihurtu nuen ametsa eta ez nuke ezer aldatuko.

Oso gaztetan hasi zinen bizikleta gainean. Orduan inork esan izan balizu noraino iritsiko zinen, zer pentsatuko zenuke?

Garai hartan pilotan eta txirrindularitzan ibiltzen nintzen. Kadeteetan hasi nintzenean, azkeneko sei lasterketak bakarrik amaitu ahal izan nituen, baina niretzat amaitzea irabaztea bezala zen. Baina orduan asko disfrutatzen nuen, lagun artean joaten ginen lasterketetara eta ondo pasatzen genuen. Hori gauza ederra da, baina ez nuke esango momentu horretan pentsatzen nuenik profesionaletara irtisko nintzela.

Zein izan zen inflexio puntu hori, non txirrindularitzan aritzeko erabakia hartu zenuen?

Gazteen kategorian izan zen. Urte nahiko ona egin nuen, Espainiako txapelketan, pistan, lasterketak irabazi nituen, baita errepidean ere. Eta afizionatuetan pasa nintzen profesional kategoria zeukan taldera, orain Fundación Euskadi dena. Orduan pentsatu nuen urte horietan ondo ibiliz gero, agian profesional izatera iritsi nintekeela. Eta ofizio izateko ilusio horrekin nengoen.

Egunen batean seme-alabarik izango bazenu eta txirrindulari izan nahiko balu, zer esango zenioke?

Barrutik ilusioa egingo lidake, baina pasa ditudan momentuak pasa eta gero, ondo pentsatzeko esango nioke. Oso gogorra da eta bokazio asko izan behar duzu, baina ilusioa egingo lidake, bai.

Kafe zalea zara, ez dakit horrekin lotutako zerbait egiteko asmorik duzun…

Kafea nire hobbya da, baina txirrindularitzarekin gertatu zaidana pasa zait, ez dut nahi nire afizioa lana bihurtu. Mundu horretan sartuko naiz, baina pixkanaka, nahi dudanean. Orain ari naiz ikasten goi maila bat Goierrin, fabrikazio mekanikoa, eta praktikak Laskorain ikastolan eta Tolosako kiroldegian. Kirol goi maila bat ikasi dut eta orain praktikekin beste goi maila egiten ari naiz. Nire etorkizuna hortik bideratu nahi dut.

Eta txirrindularitzari lotuta?

Hobby bezala bai, lasterketara joan, lagundu eta kito. Baina ez dakigu inoiz non bukatuko dugun.