Zuzenean

Naiz Irratia

Estatutuaren eztabaidan «hitz borobil asko baina asmo gutxi» daudela dio Miren Gorrotxategik

Gaurkotasun politikoari tiraka izan da Naiz Irratian Miren Gorrotxategi EP-IUko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean. Pandemia legearen eskarmentua oinarri, ikasturte berri honetan alderdi morea gainontzekoekin aurrekontuak «negoziatzeko eta hitz egiteko» prest izango dela dio Gorrotxategik.

Audio_placeholder

Estatutuaren eztabaidan «hitz borobil asko baina asmo gutxi» daudela dio Miren Gorrotxategik

Loading player...
Miren Gorrotxategi EP-IUko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean. (Raúl BOGAJO-FOKU)
Miren Gorrotxategi EP-IUko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean. (Raúl BOGAJO-FOKU)

Abian da ikasturte berria Gasteizko Legebiltzarrean eta hasiak dira alderdiak euren posizioak finkatzen, tartean Elkarrekin Podemos-IU koalizioa. Oraindik ere, ongi jakin gabe zein norabide hartuko duen, autonomia estatutu berriaren negoziaketa izango da interes gehien erakarriko duen gaietako bat. Honen inguruan, adierazpen deigarriak bai baina edukirik ez du antzematen Miren Gorrotxategi EPko bozeramaileak, «denborak esango digu oker ala zuzen nabilen. Baina nik uste dut hitz potolo asko daudela baina asmo gutxi».

EAEko aurrekontuak ere, ortzi-mugan dituzte jada talde parlamentarioak, eta ikusteke dago zer proposatzen duen horietarako Lakuak. Aurrekoak babestu egin zituen EPk negoziatu ostean eta adostasunaren bidea zabalik dute oraindik ere. «Guk beti prestutasun osoa dugu negoziatzeko eta hitz egiteko» adierazi du Gorrotxategik, pandemia legearen esperientziari erreferentzia eginez eta ordukoan euren «gutxieneko lerroak» onartuak izan zirela argudiatuta. Baina txaponaren beste aldean, adostasunik ez izateko aukera ere ezin da baztertu, ingurumen eta ekarpen legeen tramitazioan gertatu bezala. Mahai gainera eramaten dituzten edukien araberakoa izango da EPren jarrera.

Susmoak berretsi dira

Alonso Manglano CESIDeko buruzagi ohiaren memorien liburuan baieztatutakoaz ere bere iritzia eman du Gorrotxategik, alegia, 1989an Jose Luis Corcuera barne ministro zela Herri Batasunako buruzagiei bonba gutunak bidali izanaren arduradunetako bat zela Corcuera. EPko kidearen arabera, gerra zikin bat izan zela baieztatzeaz informazio honek «ez du ezer berririk esaten» jakina baitzen askoren aldetik. Sakonago azaldu du Gorrotxategik, «gerra zikinean sartuta zeudela, guztiok genekien zerbait da. Horrelakoek baieztatzen dute orduan esaten zirenak eta susmoak benetakoak zirela eta laguntzen digute egiazko kontakizun bat sortzen».

Politika publikoak, babesteko

Egoera politikoa behar zuen izan, Gorrotxategirekin jorratu beharreko gai nagusia, baina astearte honetan Euskal Herria astindu zuten bi gertakari izan ziren. Gizon batek bere emaztea hil zuen labankadaz Gasteizen bere bi semeen aurrean. Jarraian bere buruaz beste egin zuen. Ziburun berriz, hiru migratzaile hil ziren eta laugarren bat larri zauritua izan zen tren batek harrapatuta.

Gasteizko kasuan, hilketa matxista «berriz ere» gertatu dela nabarmendu du politikariak, gaineratuz indarkeria matxista gizartean «estrukturala» dela. Ziburun bestalde agerian gelditu da migrazio politikak «heriotzak sortarazten dituela» Gorroxategiren arabera. Bi afera zeharo ezberdinak diren arren, arriskuan dauden kolektiboak politika publikoen bidez babestearen beharra nabarmendu du.

 

Jaurlaritza Logoa