Zuzenean

Ainara Rodriguez-Ion Telleria
Elkarrizketa
Itziar Alkorta
EHUko Udako Ikastaroen zuzendaria

«Dibulgazioaren mundua oso lehiakorra da, eta gustuko dugu hori, hobetzeko pizgarri delako»

40 urte bete dituzte aurten EHUko Udako Ikastaroek. Asteazken arratsalde honetan egingo dute ekitaldi berezia ospatzeko, eta horren atarian, Itziar Alkorta ikastaroen zuzendaria izan da Naiz Irratian balantzea egiteko.

Audio_placeholder

«Dibulgazioaren mundua oso lehiakorra da, eta gustuko dugu hori, hobetzeko pizgarri delako»

Loading player...
Itziar Alkorta (eskuinean) Rafael Pardo BBVA fundazioko presidente  eta Eva Ferreira, EHUko errektorearekin batera.
Itziar Alkorta (eskuinean) Rafael Pardo BBVA fundazioko presidente eta Eva Ferreira, EHUko errektorearekin batera.

Uneko errealitateari oso lotuta izan ohi dira urtero udako ikastaroak ezta?

Bai, hala da. Normalean gizarte erronkei, berritasunei eta arazoei aurre egiteko ideiak izaten ditugu gure artean. 

Zer balantze egiten duzue aurtengo edizioaz?

Egia esan, balantze positiboa egiten dugu, ekainean hasi ginelako laugarren olatua bete-betean kolpatzen ari zenean eta bosgarrena heldu zenean kezka genuen nola erreakzionatuko zuen gure ohiko publikoak. Zorionez bikain erantzun du. Bai ikasleak, bai zuzendariak eta bai kanpotik zetozen pertsonak ia gehienek fisikoki parte hartu dute eta ezin zuenak online hartu du parte. Pandemia aurreko kopuruetara iritsi gara.  

Aurten, ikastaroen edukien eskaintzan zuzeneko eragina izango zuen pandemiak...

Bai noski. Formatuetan izan du eragina, ikastaro guztiak online jarraitzeko aukera egon delako. Horrek itxuraz aldatu du erabat Miramar Jauregia, baina baita Bizkaia aretoa eta Arabako campusa ere. Teknologiara eraman gaitu pandemiak eta oso urruti heldu gara. Aurten bost kontinenteetako ikasleak izan ditugu, Australiatik eta Koreatik iritsitakoak adibidez. Eta edukietan ere eragina izan du; oso transbertsalak izan dira orokorrean. Pandemiak ekarritako hainbat kezka landu ditugu, denon ahotan izan direnak. 

Nazioarteratze handiago bat eragin du online eskaintzan?

1000 ikasle baino gehiago iritsi zaizkigu kanpotik eta ezustekoa izan da. Kontuan izan beste ordutegi bat dutela; Hego Amerikatik batez ere, Mexiko, Brasil eta Argentinako eta neurri txikiagoan Kolonbia eta Txileko ikasleak izan ditugu eta horiek goizeko ordu txikietan esnatzen ziren geurera etortzeko. Asiarrak berriz oso berandu. Oso aberatsa izan da, ez soilik gaien aldetik, baizik eta kultur anitzeko ikasle ezberdinak izan ditugulako. 

Esan duzu pandemia lehertu zenean dena prest zenutela. Bertan behera utzi behar izan zenuten. Nola erreakzionatzen du batek horrelako egoera baten aurrean?

Oso ongi gogoratzen dut gure edizioa (2020koa) aurkeztu genuen egun berean deklaratu zela pandemia. Egunetik gauera, taldeak erabaki zuen beharrezkoa zela erreakzionatzea. Gure zuzendariekin hitz egin genuen eta gehienek, %90ek esan ziguten prest zeudela onlinera salto egiteko. Ia 11.000 pertsonara iritsi ginen 2020an. 

Ikasketa prozesu bat izan zen, dena ez zen ongi atera baina aurten askoz ere lasaiago egon gara, ikasitakoak aplikatuz. 

Zein da udako ikastaroetako ikasleen profila?

40 urtean zehar asko aldatu da. Hasieran gehienak EHUko ikasleak ziren. Gaur egun, ikastaroetan profila honakoa da: profesionala, emakumea, 40 urtetik gorakoa eta ikastaro jakinetara etortzen dena. Jarduera irekietan berriz, denetarik dugu. 

Bestelako profil batzuk ere gerturatzea nahi duzue?

Aipatutako profilari eutsi nahi diogu noski, baina oso garrantzitsua iruditzen zaigu gazteak erakartzea. Hain zuzen ere badirelako gai batzuk zeharkakoak direnak batez ere iraunkortasun eta osasunari lotutakoak eta gazteak inplikatzen ez baditugu, zentzua galtzen dute. Etorkizunari begira haiek dira gaiak berritu, ideia berriak proposatu eta gaitasunak hobetu behar dituztenak. Hurrengo lau urteetako plan estrategikoa berritzen ari gara eta hori izango da helburu nagusia, gazteak nola erakarri. 

Unean uneko errealitateari begiratzen diozuela udako ikastaroak antolatzean, 40 urteko historian, beti horrela izan da?

40 urtetan aukera izan dugu gure artxiboan sakontzeko eta ohartu gara uda ikastaroak oso egoera berezian jarri zirela martxan, 1982an, eta garai hartako agintarien kezka zen unibertsitatea eta gizartearen arteko lotura estutzea. Beraz, jaio ziren bete-betean euskal gizartearen kezkak eztabaidatzeko eta proposamenak egiteko zioa argi zutela. 

Kronologikoki izan duzuen garapenaz, 2001ean 65 jarduera eta 6.000 ikasle pasatxo izan ziren. Eta aurtengo edizioan?

Aurten pandemia aurreko kopuruetara iritsi gara, 13:000 pasatxo. Kopuru metatuak esanguratsuak dira; 40 urteren buruan 248.000 lagun pasa dira EHUren udako ikastaroetatik eta guztira 6627 jarduera eskaini dira. 

2004an 'ikastaroak guztientzat' formula probatu zenuten, hor ematen da ikastaroen balizko hartzailearen aldaketa?

Guztientzako irekia egotea betiko nahia izan da. Egia da formakuntza jarraiari garrantzia eman zitzaiola, baina hasiera hasieratik nahi izan zen udako ikastaroak gizarte osora heltzea. 2004an Irizar enpresarekin sinatutako akordioari esker forma berezia eman zitzaion kolaborazio horri. Baina hasierako nahia da berez, udako ikastaroak irekita dauden kuriositatea duten guztientzat.   

2019an hartu zenuen zuzendari kargua. Zein da balantzea?

Balantzea positiboa izanik, pandemiaren urteak izan direnez susto apur batekin egon gara. 2019an nahiko jarraikorra izan zen geure proposamena baina 2020 eta 2021. urteetan berritu behar izan dugu goitik behera. Prest gaude etorkizunean bestelako udako ikastaroak egiteko. Konturatu gara dibulgazioaren mundua oso lehiakorra dela. Hori gustuko dugu hobetzeko pizgarri delako. Ezusteko berriekin hasiko gara datorren urteko edizioa antolatzen.

Jaurlaritza Logoa