Zuzenean

Naiz Irratia

Iñaki San Andres [ELA Tubacex]: «Borrokaren bidez eskatzen genuena lortu dugu»

Tubacexen 236 egun greban eman ondotik «hunkigarria» izan da lanera itzultzea Iñaki San Andresen esanetan. ELAko ordezkariak egindako «borroka» goraipatu du, enpresa «behartu» dutelako borondatezkoak ez diren kaleratzeak geldiaraztea. Jasotako elkartasun guztia eskertu du San Andresek. 

Audio_placeholder

Iñaki San Andres [ELA Tubacex]: «Borrokaren bidez eskatzen genuena lortu dugu»

Loading player...
Tubacexeko langileen mobilizazio bat. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Tubacexeko langileen mobilizazio bat. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Momentu bereziak bizitu dituzte Tubacexeko langileek. 236 egun greban eman ondotik, lanera itzuli dira. Lanera itzuli dira, «garaipenarekin». «Une hunkigarria izan da lanera sartzeko momentua» aitortu du Iñaki San Andresek, Tubacexeko ELAko ordezkariak.

San Andresek goraipatu du kaleratuak derrigortuak ez izatea lortu dutela. Gainera, hartuko diren neurriak epe baterako dira lanordu gehigarriena kasu. «Koiunturala zela enpresaren egoera esan genuen hasieratik eta horregatik neurriak behin behinekoak izan behar zirela».

Akordioa sinatzerakoan Tubacexeko zuzendaritzako kideek enpresak lehiakortasuna eta etorkizun bermatuta zuela esan zuen. ELAko kidearen iritziz orain arte guztiz kontrakoa esan dute, kaleratzeak beharrezkoak zirela; «ez dute lortu». «Gertatu da 236 egun ondoren enpresak ez du ekoizpenik izan eta behartuta ikusi du akordioa sinatzera, enpresak nahi ez zuen akordioa», nabarmendu du.

Lakuaren jarrera «enpresaren aldekoa»

Lakuako Gobernuaren jarrera salatu du San Andresek: «askotan egon gara industria sailarekin, ez du ezer egin, beti enpresaren argudioak erosi ditu. Lan saila langileen borrokagatik sartu zen. Borrokaren bidez eskatzen genuena lortu dugu, gure marra gorriak gainditzen ez zituen proposamen bat egitea eta orokortasunean ontzat jotzen dugu».

Greba hasterakoan argi zuten kaleratze behartuak baztertu arte jarraituko zutela. Aitortu du greba lehenago amaitu zitekeela, baina enpresari eta Lakuako Gobernuari egotzi dio errua: «amaitu egin da mahaigainean guk eskatutako baldintzak jarrri dituztenean».

Grebaren eta borrokaren balioa

Bizitako momentu gogorren gainetik, «merezi» izan duela uste du Iñaki San Andresek. Momentu gogorrez hitz egiterakoan oroitu du kaleratuen zerrenda atera zutenean banan bana deitu zituztela. «Oso zaila izan zen lankide bati esatea enpresak zerrendan sartu zaitu». Momentu latzez gain, «politak» ere egon dira: EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia jaso zutenean, akordioa sinatzerakoan, lanera itzultzerakoan...

Elkartasuna eskertu du, eskualdea euren alde mugitu dela goraipatu du. Eskualdetik kanpo ere Euskal Herri osotik jasotzeko babesa nabarmendu du. Tubacexeko borroka Euskal Herrian aspaldi sindikalgintzak duen «indarra erakusteko» balio izan du San Andresen hitzetan, «langileria osoarentzat izan da borroka hau», amaitu du.

Jaurlaritza Logoa