Zuzenean
«Eraso egin digute; mural honek norbait mintzen badu, guk ez dugu ezer ulertzen»
Otxandion Ruben Garate dispertsioaren biktima omentzen duen murala ezabatzeko agindua eman du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, ETAren biktimentzako umiliagarria izan daitekeelakoan. Ebazpen «mingarri» honekin umiliatu dituztenak sakabanaketaren biktimak direla dio Rubenen anai Ibon Garatek.
«Eraso egin digute; mural honek norbait mintzen badu, guk ez dugu ezer ulertzen»
EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Ruben Garate sakabanaketaren biktima omentzen duen murala kentzeko Bilboko Administrazio Auzietarako Auzitegiak Otxandioko Udalaren aurka emandako ebazpena. Espainiar Gobernuaren ordezkaritzan du jatorria salaketa. Aipatu auzitegiak emandako argudio nagusia da, murala ETAren biktimekiko umiliagarria izan daitekeela. «Oso mingarria» izan dela dio Ibon Garate Ruben zenaren anaiak eta «erasotuak» sentitu direla familian, batez ere argi dutelako murala ez dela inorekiko umiliagarria.
«Muralean esaten den gauza bakarra da, gehiago gertatu ez dadin, dispertsiorik ez. Hau da, salatzen da dispertsioak nire anaia hil zuela eta gaur egun oraindik ere dispertsioa mantentzen dela eta aukera badagoela senideak errepidean hiltzeko» azaldu du Garatek gaur igandean NAIZ Irratian.
2000. urtean hil zen Ruben Garate auto istripuz, Alcala Mecoko espetxean (Madril) lagun bat bisitatu ostean itzultzen ari zela. Otxandion, sorterrian egin zioten muralean Ruben Garateren aurpegia agertzen da, espetxe batekin atzealdean eta dispertsioaren aurkako mezu batekin. Bertan umiliazio zantzurik ikustea zentzugabekotzat jo du Garatek, «horrek norbait mintzen badu, guk ez dugu ulertzen».
Biktimen arteko bereizketa
Finean, dispertsioaren biktimei izaera hori ukatu nahi zaiela gaitzetsi du Garatek, «argi dago batzuk kontakizun bakarra saldu nahi dutela. Eta gu bezalako biktimak ez gara kontakizun horretan sartzen. Traba egiten diegu». Hala ere, erasoen aurrean bizikidetzaren alde egiten jarraituko du Garate familiak, «min guztiak» onartuak izan arte.
«Guretzako oso mingarria izan da, gure senidea gogoratzea debekatu digutelako. Isilik nahi gaituzte, kexatu gabe», adierazi du.
Garatek Otxandioko Udalaren eta auzokideen babesa eskertu du: «Otxandio herri oso txiki bat da, eta jende guztiak ezagutzen zuen nire anaia. Denok dakite zer pasa zen eta inori ez dio kalterik egiten horma-irudi bat egotea haren oroimenez».
«Nahi baldin badugu elkarbizitzarako agertoki dezente batera heltzea min eta biktima guztiak onartu behar dira, eta hori gertatu arte, hemen ezin dugu elkarbizitzaz hitz egin», hausnartu du Garatek.