Zuzenean

Ainara Rodriguez-Hegoi Belategi
Elkarrizketa
Maddalen Iriarte
EH Bilduren bozeramailea Eusko Legebiltzarrean

«Lehendakariak erabakitzeko eskubideaz hitz bakar bat ere ez esateak arduratu ninduen»

Maddalen Iriarte Naiz Irratian izan da, ikasturte politiko berriaz, Gernikako Estatutuaren erreformaz eta elkarbizitzaz hitz egiteko besteak beste. Eta noski, gaurkotasunari tiraka, Carles Puigdemonten atxilotzearen inguruan duen iritzia eman du; eskandalagarritzat jo du.

Audio_placeholder

«Lehendakariak erabakitzeko eskubideaz hitz bakar bat ere ez esateak arduratu ninduen»

Loading player...
Kronika politikoari jarraiki Naiz Gunean izan da Maddalen Iriarte EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailea
Kronika politikoari jarraiki Naiz Gunean izan da Maddalen Iriarte EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailea

Hasi da ikasturte politiko berria EAEn. Gernikako Estatutuaren erreformari heldu eta «fase erabakigarri batean» murgiltzearen beharraz hitz egin du Naiz Irratiaren uhinetan, Maddalen Iriarte, EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak. Irailaren 16ean politika orokorreko saioa egin zen Gasteizko Ganberan, eta bertan lehendakariak esan zuenak baino, esan ez zuenak kezkatu du Iriarte. «Erabakitzeko eskubideaz hitz bakar bat ere ez esateak arduratu ninduen». Izan ere, 1839ko subiranotasuna berreskuratzearen alde agertu zen lehendakaria. Kontzeptu abstraktuegia koalizio abertzalearentzat. «XXI. mendean nola itzultzen den hori» galdetu dio jada Iriartek Urkulluri.

«Herritarrak babesteko» tresna nahikoak ez daudelakoan, estatuaren erreforma parte hartzaile batean sakontzeko EAJ eta EP-IUrekin adostutako oinarri eta printzipioetatik abiatzea iradoki du Iriartek eta beste galdera bat bota die jeltzaleei, «prest ote daude gutxiengo baten betoa onartzeko?»

Elkarrizketa elkarbizitzarako

Elkarrizketaren bidez, dena negoziatzeko prest daude EH Bildun, autogobernuaz, baita elkarbizitzaz ere. Eta hain zuzen ere, Arrasateko elkartasun martxarekin gertatutakoak, elkarbizitzan urratsak ematearen beharra agerian utzi duela uste dute koalizio abertzalean. «Gezurretan oinarritutako kontaketa gailendu da» Iriarteren arabera Arrasatekoa ez baitzen «ez ongi etorri bat, ez omenaldi bat, baizik eta legea betetzeko eskaria. Bizitza osorako zigorrik ez izatea».

Zeresan handia eman du Lakuak afera honetan izan duen jarrerak. Udaberri 2024 planaren aurkezpenean Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburuak adierazi zuen, «ETAren unibertsoa» dela bereziki eragindako kaltea onartu behar duena.

Adierazpen hauek entzunda, «leku berberean gaudela» dio Iriartek, ez baitira indarkeri guztiak maila berean jartzen. 13/13 sumarioko auzipetuek salatutako torturak gogora ekarriz, salaketa horiek «pintaketa batek adina zalaparta ez sortzea» kezkagarritzat jo du.

Elkarrizketa zintzoa beraz proposatzen du EH Bilduk esparru guztietan, tartean hezkuntza legea erreformatzeko ere.

Puigdemonten atxiloketa, «eskandalagarria»

Iriarte Naiz Irratiaren estudiora iristerako, ordu batzuk zeramatzan atxilotuta Carles Puigdemont Generalitateko president ohiak, Algherreko aireportuan, Sardinian Espainiar Auzitegi Gorenaren agindu bat dela medio. Europako Justizia Auzitegiak ebatzitakoari muzin eginez, Puigdemont atxilotu izana «eskandalagarria» dela  esan du Iriartek.

Jaurlaritza Logoa