Zuzenean

Ainara Rodriguez-Hegoi Belategi

Ana Galarraga [Elhuyar]: «Pilatuta dagoen magmaren arabera iraungo du erupzioak»

Aurrera jarraitzen du La Palmako Cumbre Vieja sumendiaren erupzioak. 5.000 pertsona inguruk beraien etxea utzi behar izan dute jada. Kezka eta ikusmira eragiten ditu era berean sumendi honek. Ana Galarraga Elhuyarreko ikerlariak fenomeno honi lotutako zalantzak argitu ditu Naiz Irratian. 

Audio_placeholder

Ana Galarraga [Elhuyar]: «Pilatuta dagoen magmaren arabera iraungo du erupzioak»

Loading player...
Sumendiaren erupzioa Los Llanos de Aridanetik. (Desiree MARTIN / AFP)
Sumendiaren erupzioa Los Llanos de Aridanetik. (Desiree MARTIN / AFP)

Irudi ikusgarriak utzi ditu irailaren 19tik La Palman (Kanariar uharteak), Cumbre Vieja inguruko sumendiak. Baina bertan bizi edo lan egiten dutenentzat, «hondamendi bat, drama bat» izaten ari dela ohartarazi du Ana Galarraga Elhuyar Fundazioko ikerlariak, «pertsona horien bizimodua suntsitzen ari da», esan du. Erupzioa hasi zenetik, etengabe ari dira sumendia monitorizatzen bolkanologoak, baina zalantza ugari dituzte oraindik ere, esaterako zenbat iraungo duen erupzioak. «Ez dakite aste batzuetako kontua izango den, edo hilabeteak iraungo duen. Kalkulatzea ez da batere erraza. Pilatuta dagoen magmaren arabera iraungo du erupzioak», azaldu du Galarragak.

Une honetan laba eta batez ere gasak dira gizakientzako arrisku nagusiak. Eta laba itsasora iristen den unean jarri du azpimarra Galarragak, hain zuzen ere «gasak lurruntzen direlako» eta ondorioz, gehiago hedatu daitezkeelako. Sismikotasunari dagokionez berriz, «momentuz behintzat lurrikarak ez dira hain bortitzak» ikerlariaren esanetan, eta gaineratu du, adituek tsunami arriskua baztertu dutela.

Mila gradutik gorako tenperatura dauka itsasoaren urarekin bat egingo duen labak eta kloro, sufre eta fluor asko daude. Ondorioz lurruna sortzen da eta gas hauek airera pasatzen dira. Horiek arnastuz gero, osasunerantzeko kalteak sortu ditzakete. Honekin batera, euri azidoa ere eragin dezakete.

Ondorio larriak biztanleentzat

Erupzio hau geologikoki normala da, zientzialarientzako ikasketa gune bat ere bai eta noski, urrun dagoenarentzat miresteko moduko fenomeno naturala ere bada. Baina txanponaren beste aldea begiratzeari ezin zaio utzi; La Palmako herritarrentzat galera handiak sortuko ditu fenomeno honek. «Hau ez da Islandiako sumendira begira egotea bezala. Hura bada ikuskizun geologikoa, baina hemen horretaz gain pertsonak daude eta pertsona horien bizimodua guztiz suntsitzen ari da. Sumendien lurra oso emankorrak izaten da sortzen diren errauts eta material hori guztia oso egokia delako landaretza hazteko eta nekazaritzarako. Gainera, tropikoan daudenez turismorako toki paregabea dira. Hori gertatu da, ikuskizun geologiko huts bat izatetik drama bat izatera pasa da», nabarmendu du ikerlariak.

Magma eta laba gauza bera dira. Magma lurraren barnean urtuta dauden arrokak dira. Kanpora ateratzen direnean laba izena ematen zaio urtutako arroka horiei, Galarragak azaldu duenez.

Erupzioaren ondorioen aurrean egiteko gutxi dagoela esan du Galarragak, baina bertan dauden adituak lanean ari direla nabarmendu. Datu ugari jasotzen ari dira sumendien ezaugarriak modu zientifikoen aztertu ahal izateko.

Jaurlaritza Logoa