Zuzenean

Peli Lekuona-Ainara Rodriguez

Mobilizazioa aldarrikatu du EH Baik, euskarazko hezkuntza lortzeko

Hasi berri dute Ipar Euskal Herriko ikasleek kurtsoa. Ikasturte berezia izango da Aiherra, Idauze-Mendi zein Ortzaizen. Hezkuntza Nazionalak murgiltze eredua onartu du bertako eskolen lehen mailako ikasleentzat. Aldaketaz, EH Baik dio «pozgarria izan arren ez dela nahikoa».

Audio_placeholder

Mobilizazioa aldarrikatu du EH Baik, euskarazko hezkuntza lortzeko

Loading player...
Lehen eskola eguna Baionako Marie-Curie eskolan. (Guillaume Fauveau/Mediabask)
Lehen eskola eguna Baionako Marie-Curie eskolan. (Guillaume Fauveau/Mediabask)

Azken orduan izan dute Aiherrako eskola pribatu katolikoan, eta Idauze-Mendi zein Ortzaizeko eskola publikoetan murgiltzearen berri, ikasturtea hasi baino 48 ordu lehenago.  EH Baiko Jakes Bortairuren esanetan, hauteskunde presidentzialen gertutasuna eta mobilizazioak izan dira gakoa: «Ikusi dutelarik zer nolako mobilizazioak egon diren, behar bada, gai horretan motelago jokatzea erabaki dute».

Hezkuntza publikoan murgiltze eredua indarrean jartzeko, guraso, irakasle eta Herriko Etxearen baimena behar da. Hala ere, Hezkuntza Nazionalak du azken hitza. Hori da Hiriburuko egoera. Frantziar Hezkuntza Ministerioaren baitako erakundeak uko egin dio murgiltzeari, baimen guztiak izan arren. Ondorioz, Bortairuk NAIZ Irratian azaldu du borrokan jarraitu behar da: «beti behar da borrokatu, mobilizatu eta aldarrikatu, zor zaiguna, euskarazko irakaskuntza lortu ahal izateko».

EH Baik konstituzioaren aldaketaren beharra «geroz eta nabarmenagoa» dela zehaztu du, euskararentzako koofizialtasuna eskatzeaz gain. «Testua aldatu bitartean, beti irakurketa hertsiak eta kontrakoak egiten ahal dira», baieztatu du Bortairuk.

«Inkognita osoa geroari begira»


2022ko hauteskunde presidentzialek hezkuntzan edo murgiltzean nola eragin dezaketen galdetuaz, EH Baiko kidearentzat «zaila da jakitea zer gertatuko den». Hala ere, Macronek hauteskundeak irabaziko balitu eta Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroak kargua errepikatuko balu, «perspektiba iluna» aurreikusten du lurralde hizkuntzentzat.

Jaurlaritza Logoa