Zuzenean

Ainara Rodriguez-Miren Mujika

Garikoitz Nazabal [EHNE]: «Azken finean, ezer kobratu gabe egiten dugu lan baserritarrok»

Baserritarrak esnetan itota daudela salatu zuten pasa den astean sektorean lan egiten duten profesionalek. EHNE eta Enba sindikatuek deituta, dozenaka lagun irten ziren kalera egoera hau salatzeko. EHNEko Garikoitz Nazabal kidea gure artean izan da errealitate hori nola bizi duen azaltzeko.

Audio_placeholder

Garikoitz Nazabal [EHNE]: «Azken finean, ezer kobratu gabe egiten dugu lan baserritarrok»

Loading player...
"Esne Martxa" esnearen prezio baxua salatzeko. (Andoni CANELLADA/FOKU)
"Esne Martxa" esnearen prezio baxua salatzeko. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Egoera larria dela salatu zuten baserritarrek eta gutxieneko duintasuna eskatu zuten sektoreko langileek zein EHNE eta Enbako kideek deituta, deialdiarekin bat egin zutenek. Egoera hau lehen lerroan bizi du EHNE sindikatuko Garikoitz Nazabal kideak, eta salatzen duenez, kontsumitzaileak dendetan ordaintzen duena igo egiten da, baina baserritarrak kobratzen duena, aldiz, ez: «Kontsumitzaileak ordaintzen duen prezioa igoz joaten da, baina baserritarrok kobratzen duguna ez, eta hemen bizimodua denontzat garestitzen da».

Esnearen prezioa zeinek merkatuko ote duen gehiago. Nazabalen hitzetan, horixe izaten da askoren arteko jolasa. 0,55 zentimoren inguruan jartzen dute prezioa, «marka zuri» bezala izendatuz: «Salatu nahi genuen distribuzio guztiek parte hartzen dutela marka zuria esaten zaion dinamika destruktibo batean». Gaineratu du, marka zuriko esne hori izaten dela gehien saltzen dena, eta horrek baserritarrek esnea ekoizten jarraitzea kolokan jartzen duela dio Nazabalek.

Beraz, Nazabalek argi du funtsean ezertxo ere kobratu gabe egiten dutela lan. Eta, horrek, iraungitze data bat duela nabarmendu nahi izan du: «Guk kobratu gabe egiten dugu lan, eta badaude senar-emazte batzuk soldata bakarrarekin egiten ari direla aurrera, baina horrek iraungitze data bat du». Esan du, halaber, askotan hitz egin izan zaiela ondorengo belaunaldien erreleboaz, baina azpimarratu du gazte horiei euren gurasoek gomendatuko dietela sektore horretan lanik ez egitea.

Nazabalek jakinarazi du, horretarako, egoera salatzen jarraituko dutela azken asteetan egin duten bezala, eta esperantza du, aldarrikapen horiekin konponbidea bilatuko dutela.

Jaurlaritza Logoa