Zuzenean
«Hiltzera joan ziren: ‘Kontatu ondo zenbat bala gelditzen zaizkizun’, esaten zioten Patxiri»
Morlanseko sarraskiaren 30. urtemugan lau ordu lazgarri haietan gertatutakoa zehatz-mehatz azaldu du Erroka Itziarrek ostegun honetan NAIZ Irratian. Eta hauxe erantsi du, larunbatean deitu den ekitaldiari begira: «Batzuen egia lau haizetara zabaltzen den bitartean beste batzuena izkutatu egiten da».
«Hiltzera joan ziren: ‘Kontatu ondo zenbat bala gelditzen zaizkizun’, esaten zioten Patxiri»
Donostiako Morlans auzoan Guardia Zibilak hiru ETAkide hil zituenetik 30 urte bete berri direla, NAIZ Irratian mintzo da gaur ostegunean Erroka Itziar, Patxi Itziarren anaia. Debarra Iñaki Ormaetxea eta Jokin Leundarekin batera akabatu zuten bertan. Sarraskiaz zenbait datu berri eman ditu Errokak, oso zehatza izan den kontakizunean.
Hasteko testinguruari erreparatu dio: «Aurreko hamarkadatik joera berdina zeraman Guardia Zibilak. Komando bat antzematen zuten bakoitzean segada prestatu eta bi lagun hiltzen zituzten eta hirugarrena bizirik uzten zuten, torturatu ahal izateko», gogoratu du Itziarrek. Zenbait aurrekari mahai gainean jarri ditu, tartean Llica d’Amuntekoa, Morlansekoa baino zertxobait lehenago gertatua.
Donostian, ordea, Tolaretxera Maria Eugenia Muñagorri atxilotzera joan zirenean hiru ETAkideak barruan izatea eta tiroka aurre egitea ustekabean hartu zuten. Hortik aurrera bistan da handik inor bizirik ateratzeko batere ahaleginik ez zutela egin. Datu adierazgarri gisa, hiruek «hurbiletik egindako tiroak zituzten, ‘tiro de gracia’ deitzen dena». Eta Patxi anaiaren kasuan, gainera, hori zen tiro bakarra: «Oso susmagarria», ondorioztatu du elkarrizketatuak.
«Guardia Zibilaren hiru taldek hartu zuten parte: Informaziokoa, GAR eta Madrildik espreski etorritakoa, asalto unitate bat –zehaztu du Errokak–. Guztira 100 bat guardia zibil. Auzoa goitik eta behetik blokeatu zuten. Inguruko balkoi eta teilatuetan frankotiradoreak jarri zituzten».
Etxera metrailetaz erasotzeaz gain, «hasieran negar gasak bota zituzten, eta gero beste gas mota bat, gorputza erretzen zuena», kontatu dio Errokak Amaia Zurutuza elkarrizketatzaileari. Jakina da gas ezezagun horren ondorioz Tolaretxen zegoen txakurra hil egin zela. Guzti honekin, Errokaren ustez, mezu garbia luzatu zioten guardia zibilek Muñagorriri: «Atera zaitez orain edo zu ere bertan hilko zara». Atxilo eraman zuten azkenean.
Ondorioztatu dutenaren arabera, Patxi Itziar izan zen erasoari aurre egiteko baldintzetan gelditu zen azkena. Eta tarte horretan «guardia zibilak brometan ibili ziren berarekin, ‘kontatu ondo zenbat bala gelditzen zaizkizun’ esanez».
Izkutukeria
Etxera sartu zen azkenean Guardia Zibila, sarraskia amaitzera. Ikertu al zuten gero?, galdetu dio NAIZ Irratiak anaiari: «Kereila jarri genuen Guardia Zibilaren kontra –ekarri du gogora Erroka Itziarrek–. Fernando Andreu epaile gaztea eta berria zen eta onartu zuen ikerketa, baina abiatu bezain pronto Fiskaltza eta akusazioaren partetik oztopoak besterik ez zituzten jarri, gobernadore zibilak ere bai. Onartutako testigantza bakarra Maria Eugeniarena eta guardia zibilena izan ziren, baina Maria Eugenia 12ak arte gertatutakoa baino ezin zuen kontatu, jakina».
«Aipagarria da operatiboa 13etan bukatu zela baina 14.30ak arte ez ziotela auzitegiari jakinarazi», erantsi du. Tarte horretan balak eta balazorroak izkutatu eta Patxi Itziarren gorpua gelaz aldatu zutela uste du Errokak, zein posizioan erori zen hilda epaileak egiaztatu ez zezan. Hil zuen bala aurkitzerik izan ez zenez, gainera, ezinezko bihurtu zen zein guardia zibilen pistolatik atera zen jakitea. Eta hortik abiatuta, agian Patxi Itziarrek bere buruaz beste egingo zuenaren hipotesi faltsua zabaldu nahi izan zuten ofizialki, gezurrak bide motza izan zuen arren.
«Latza» izan zen albistea senideentzako, nola ez. Ondarroan preso politiko aldeko manifestazio batean parte hartzen ari zirela heldu zitzaiela gogoratu du anaiak. Garai haietan «loteria biletea» zutela, beste askok bezala, aipatu du. Polloen identifikatu zuten gero gorpua, eta hor egiaztatu zuten «tiro bakarra zuela, akatua izan zela».
Bi egun beranduago Tolaretxera joan ziren senideak eta bertan sarraskiaren dimentsioa baieztatu ahal izan zuten: «Tiroz josita zegoen. Eta ezin izan genuen asko agoantatu, oraindik kriston kiratsa zegoelako [gasaren ondorioz]. Gainera, hesiz inguratuta zegoen etxea, ezinezkoa zen handik ihes egitea».
Duela hiru urte eskas, ‘El Español’ hedabidean elkarrizketatu zituzten sarraskian parte hartu zuten bi guardia zibil. «Arretaz» irakurri zuela onartu du Erroka Itziarrek, ordura arte ez zutelako egileen inongo izen-abizenik ezagutzen: «Mertzenario batzuk dira, eta burugabeak gainera», ondorioztatu zuen.
Ekitaldia larunbatean
30. urtemuga honetan ekitaldia deitu dute Morlanseko Plazan larunbat honetan 12etan, sarraskia salatu eta bere gainean geroztik ezarritako isiltasunari aurre egiteko asmoz. Hiru hamarkada hauetan hildakoak oroitzea debekatu izan zaielako izugarrizko «inpotentzia» sentitzen duela onartu du Erroka Itziarrek. Hasieran, etxetik gero eta urrutiago egin behar izan zutela ekarri du gogora. Gero, «Ertzaintza lepotik helduta, gure atzean». Eta azkenik, gero eta era xumeagoan, ‘Eusko Gudariak’ azkar-azkar abestu eta kitto.
«Hemen batzuen egia lau haizetara zabaltzen da baina beste batzuena izkutatu egiten da –salatu du Patxi Itziarren anaiak–. Bere garaian Eusko Jaurlaritzak ez zuen tutik esan. Ajuria Eneako Itunean zeudenak, EAk ezik, ez zuten ezer esan».