Zuzenean
Uste baino azkarrago berreskuratu dute boterea talibanek, horrek sorpresaz hartu du Txente Rekondo nazioarteko analista baina ezustekoa ez da erabatekoa izan. «Mendebaldeko indarrek 2003an esan ziguten talibanak desagertu zirela, baina gezurra da, ez dira inoiz joan». Eraldaketa bat jasan dutela dio, gerrila estrategia erabiliz kamuflatu egin zirela, eta pazientziaz jardun dutela, azken hilabete eta urteetan akordio ugari lortuz.
Afganistango armada ez da gai izan talibanei aurre egiteko. Rekondok nabarmendu du oinezko soldaduak soldatarik gabe zeudela aspalditik eta talibanek ordaindu egin dietela euren aurka ez egitearen truke. Afganistango orain arteko gobernua, berriz, panpin gisa izendatu du. Gauzak honela, AEBak eta NATO bera «galtzaile» nagusitzat jo ditu.
Talibanentzat garaipen hau oso garrantzitsua dela uste du Rekondok, batez ere, «mendebaldeko etsaia gainditzea» posible dela erakutsi dutelako. Momentuz talibanak «zuhurtziaz» jokatzen ari direla dio, azken hilabete luzeetan izan dituzten harreman diplomatikoek erakusten dutenez.
Ez dira, maila batean, 2001eko talibanak, baina badira beste maila batean. «Gutxiengo etnikoak eta emakumeen eskubideak izango dira galtzaile nagusiak». Zentzu honetan, boterea berreskuratuta, talibanen aurkako adierazpenak nagusitu dira Mendebaldeko agintarien ahotan, baina Rekondok gogoratu du Mendebaldeko gobernuek harreman oso estuak dituztela Golkoko monarkiekin, «ideologikoki gauza askotan» talibanen oso antzekoak direnekin.
Mundu mailan, talibanen garaipenak eskenatoki berri bat sortuko duela baieztatu du Rekondok, AEBak Errusia isolatzen saiatuko direla, Txinari gauzak okertzen, eta ikusteke dagoela, eskenatoki berri horretan Afganistan berriro ere erdian kokatuko den.