Zuzenean

Ainara Rodriguez

«Espetxea are espetxeago egin zitzaigun guraso izan ginenean»

12 urteko kartzelaldia atzean utzita, erabateko askatasunean dira Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga usurbildarrak. Xua alabak 3 urte bete eta amaren altzotik eraman zutenean egin zen ezagun euren kasua. Kalean direla, azken urteetako bizipenei begira jarri gara eurekin.

Audio_placeholder

«Espetxea are espetxeago egin zitzaigun guraso izan ginenean»

Loading player...
Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga preso ohiak Usurbilen, 12 urteko kartzelaldia bere ostean
Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga preso ohiak Usurbilen, 12 urteko kartzelaldia bere ostean

Usurbilgo Artzabal baserriak eskaintzen duen aterpe paregabean hartu gaituzte Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga preso ohiek. Hilabete eskas dira erabateko askatasunean, azken hilabeteak hirugarren graduan eman ostean. «Itsasoari begira lasai egon», euren «bizitzei berrekitea» dute orain desira. Eta hamabi urteko kartzelaldiaren ondoren atzean utzi dituzten kide presoen libertadearen alde lanean segitzea. «Gure bihotzaren zati handi bat bertan utzi dugulako», dio Urangak. 

Euren egoera bereziki egin zen ezagun 3 urte bete zituen Xua alaba eurengandik banatu zutenean. Eurengandik baino, amarengandik banatu zutenean; amarekin bizi baitzen Xua, 100 metro eskasetara egonagatik ere, haurra apenas ikusten zuelako aitak. Eta zifra ere eman du Urangak bidegabekeriaz konsziente egiteko: urte bateko bisitak behar zituen berak amak Xuarekin pasatzen zuen astebete osatzeko. «Barneratua» zuten errealitate zela dio Urangak, eta egoera «intentsitatez eta ilusioz» bezala, «kezkaz eta inpotentziaz» ere bizi zuela, oroituz eurena beste dozenaka euskal presok bizi izan duten «egoera bidegabe berbera» izan zela.

Aitortzen dute espetxeratzeak zer pentsatua eman ziela guraso izateko asmoetan, baina nahiak bultzatuta jarraitu zuten aurrera, jakinda ez zela erraza izango. Zentzu horretan, egutegian gorriz markatuta dute 2020ko urtarrilaren 19koa: «Bizitzako momenturik latzena» bezala oroitzen du Lasagabasterrek alabarengandik banandu zutenekoa. «Saiatzen zara egoerara prestatzen, baina eguna iritsita, ez dago horri aurre egiteko modurik». 24 orduz alaba ikustetik oso gutxi ikustera pasa ziren bat-batean. Eta bazen, gainera, aurreikusi ezinezko faktore bat egoera horretara egokitzeko pentsamenduetan: pandemiak are eta zailago bilakatu zuela haurra eta gurasoen arteko kontaktua Xua behin espetxetik irtenda.

Horregatik zinez eskertuak dira momentu haietan izan zuten sostenguagatik, batez ere, etxekoetatik hasita. Irten zenean ere Usurbilen itzelezko harrera egin zioten haurrari, eta esker hitzak besterik ez dituzte horientzat guztientzat: «Haurra etxean zegoen; baina ez dugu esaten etxean aiton-amonekin, esaten dugu etxean, herrian».

«Espetxea espetxeago»

Ama izan zela «espetxea askoz espetxeago» bilakatu zitzaiola dio Lasagabasterrek. «Ez nintzen ni bakarrik, orduan Xua ere bazegoen, eta biengandik pentsatu beharra zegoen». Urangak gehitu du «zaurgarriago» bilakatu zirela funtzionarioen aurrean: «Liskarrak ordura arte bost axola, baina behin alabarekin, zer pentsatua ematen zigun horrek, ondorioak guretzat ez ezik umeari ere eragin ziezaiokeelako».

Lasagabasterrek dio espetxeak gizonezkoetan pentsatutako instituzioak direla, emakumeak «alde guztietatik» askoz baldintza txarragoetan egoten direla. «Presoaren irudia, militantearen irudia maskulinoa da, eta horren baitan eraikitzen dira harremanak. Egungo espetxe ereduan «emakumea berriz hezi beharra» gailentzen da bere irudiko, eta ama izatean areagotu egiten da hori: «Oso izaera paternalista dago, badirudi ez zarela gai kartzelan egonagatik zure haurra behar bezala hezteko...». Eta horrek, noski, eragina du haurrarengan.   

Kalean, geroari begira

Xua Aranjueztik irten zeneko garaietan euren helduleku bakarrenetakoa zen hamazazpi hileren buruan – 2021eko ekainean - libre ateratzekoak zirela. Baina «ezustean» hirugarren graduaren aitortza eta Martuteneko espetxera lekualdatzeko notizia jaso zuten 2020ko azaroan. Hara eraman zituzten espetxean jaio zen bigarren alabarekin, Maddirekin. Lasagabasterrek ez zuen espetxera itzuli beharrik izan; aldiz, Urangak bai, lo egitera. Pasa den ekainaz geroztik dira erabateko askatasunean.

Kartzeletako azken mugimenduei dagokionez, kosta zaien arren, errealistak izan beharra asumitu dutela diote preso ohiek; harago joan beharra ez dute ezkutatzen, baina hainbat urteetako immobilismoak sortu duen ezinari «arnasa emateko» modua dela ere ikusten dute. «Nahikoa da? Noski ezetz. Baina senideentzako bada aurrera pausu bat».

Azken hitza, azken alegatu argia egin dute usurbildarrek: «Indar asko eta besarkada bat bidali nahiko genieke barruan diren denei. Gogorra izan den arren, plazera izan da beraiekin eskuz esku horrelako baldintzetan egotea».

Jaurlaritza Logoa